'Ante Doctrinam'...

Erabiltzailearen aurpegia Beatriz Rubio Perales 2022ko urt. 14a, 20:58

Eskolan ikasleei argudiatzen irakasten (omen) diegu. Argudiaketaren ezaugarriak eta helburua, egitura eta baliabide linguistikoak lantzen ditugu. Ikasleek ez dute izaten argudio-testua beste testu mota batzuetatik bereizteko zailtasunik; tesia, argudioak eta kontra-argudioak identifikatzen dituzte. Ez dago arazo gaindiezinik argudio-testu bat idatzi behar duten arte. Orri zuriak iristen dira, boligrafoak altxatuta, irakasleari etengabeko deiak, hasperenak (eta arrantzaren bat). 

Ikasle asko ez dira beraien iritzia garatzeko gai; hausnarketa pertsonal gutxi egiten dute eta inguruko munduarekiko interes gutxi daukate. Beste askok ez dakite nola argudiatu: komunikazio- eta bizikidetza-maila oso txikia erakusten dute eta eztabaidatzeko ezintasunaren aurrean, inposizioa ezartzen saiatzen dira. Gure ikasleak herritar kritikoak izan daitezela nahi dugu, gizarte justuagoa, bidezkoagoa eta parekideagoa eraikitzen lagun dezaten (hala jasotzen dute hezkuntza-curriculum guztiek), eta, hala ere, gure ikasleek hutsune handia dute argudioak eraikitzeko konpetentzian. Baina era berean, irakasleok gurekin bat ez datozen ikasleak kontestatario, errebelde eta diziplinagabeen kategoriara igarotzen ditugu.

Bizi garen gizarteak, komunikabideek eta abarrek programatu egiten gaituzte, kritikoak izan ezean sumisoak izan gaitezen. Baina baldintzapen sozialaren diskurtsoak ez du balio gure erabakitzeko ahalmena, erantzukizuna, autonomia eta arrazoitzeko gaitasuna zuritzeko.

"Baina pentsatzen ari naiz auto-baieztapenaren eta nire tribuko kide izatearen auto-engainuan erori naizela: ez dut Cayetana irakurtzen, ez dut Herrera entzuten, ez dut 'ABC' jarraitzen..."


Nire gaitasun kritikoei buruzko hausnarketa egiten saiatu naiz. Irakurtzen dut, asko, azkenaldian idazle emakumeak (Rachel Cusk eta Vivian Gornick gomendatzen dizkizuet). Irratia entzuten dut (Pilar Goya eta Maite Artola, mundialak). Prentsa begiztatzen dut (online, baina azkenaldian murrizketekin). Zutabegile handiak jarraitzen ditut (ez galdu Karmele Jaio). Egunero Twitterreko txioei arreta jartzen diet (Mikel Ayestaran, Ane Irazabal, Mikel Garcia, Arantxi Padilla -home made-). Lagunekin eztabaidatzen dut (politikak beti eman du joko handia herri honetan, baina orain birusa nagusitu da). Honaino perfektua. Auto-zaplada bizkarrean.

Baina pentsatzen ari naiz auto-baieztapenaren eta nire tribuko kide izatearen auto-engainuan erori naizela: ez dut Cayetana irakurtzen, ez dut Herrera entzuten, ez dut ABC jarraitzen, ezin dut De Pradarekin eta nire lagunak, ia denak, dira erdi-mailako soldatapeko berrogeitaka urteko zuriak, etxea jabetzan dutenak, kotxedunak, bizikletadunak, Olentzero eta Erregedunak... Ante doctrinam, studeo...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!