"Ametsik ero eta koloretsuenak ere, euskaraz posible dira"

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 8a, 11:26

Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu ditu Korrikak, 34 urtetan euskararekiko azaldutako konpromisoagatik.

AEK-k eta Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu dituzte, euskararen alde «azken 34 urteetan adierazi duten konpromisoagatik". Gure Zirkuaren karpan eginiko ekitaldian, Tolosan, Korrikako koordinatzaile Asier Amondok nabarmendu du Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek euskara ez zutenean, euskaltegietan eta barnetegietan, euskara ikasteari edota hobetzeari ekin ziotela, eta, orduz geroztik, euskara ahoan ibili dute 34 urte hauetan. "Zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, haien hitzekin, euskarari ekinzioten, eta eutsi egin diote".

Zulaikak, Agirretxek eta Rodriguezek oroigarri bana jaso dute ekitaldian, AEK-ko eta Hik Hasiko kideen eskutik. Modu horretan eskertu nahi izan diete pailazoei azken elkarte horrekin izaniko elkarlana.

Pailazoek eskerrak eman dizkiote Korrikari eta AEK-ri. Rodriguezek gogoratu du AEK-n ikasi zuela euskaraz hitz egiten: "Zuekin hasi nintzen, euskaraz amestu arte, hegoak sortu zitzaizkidan eta hegan egiten egiten hasi nintzen geroztik. Txori bihurtu nintzen alai eta gaur egun euskaraz bizi naiz". Agirretxek, berriz, adierazi du AEK-n alfabetatu zela, eta euskarak emandakoa nabarmendu du: "euskarak lagunak eman dizkigu, alaitasuna, maitasuna, eta ametsak. Geu bezala txikiak direnekin elkartuta koloretako mundu bat lortzen ari gara. Denona eta denontzat izango den mundu baten alde ari gara euskaratik eta euskaraz". Zulaikak, bere aldetik, ametsik eroenak eta koloretsuenak ere euskaraz posible direla, eta euskararen komunitatearen parte izateaz harro daudela esan du. 

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere opariak banatu dituzte. Hain justu, "amonak egindako kabiak" eman dizkiete bai Korrikari, bai eta Gure Zirkuari ere, euskarari nahiz kulturgintzari eginiko ekarpenagatik. Gainera, azken urteetan izan dituzten taldekideak eta kolaboratzaileak ere gonbidatu dituzte oholtzara, horiek eginiko lana eskertze aldera.

Gure Zirkuaren emanaldi berezian egin diete omenaldia hiru pailaizoei, eta ekitaldian euskalgintzako eragile ugari ere izan dira, hala nola Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko Maialen Lujanbio, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. Han izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko, EH Bilduko, ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako, Gure Esku-ko eta Udalbiltzako ordezkariak ere, eta baita eskualdeko hainbat alkate ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!