Hitzordu batek beste bat ekarri ei du, eta halaxe izan zen Errege Egunaren bezperan ere: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariek hemendik hiru hilabetera apustua egitea adostu zuten. Azpeitiarrak Tolosako Kantabriko tabernan zuen erronka zehazteko zita jarria, eta otsagabiarrak ez zuen hutsik egin.
19:30ean elkartu ziren mahaiaren bueltan, eta Andres Osa Sakona eta Kantabriko tabernako Tomas Armendariz izan ziren negoziazioko testigu. Hainbat tira-bira izan zituzten bi kirolariek apustuan egin beharreko lanak zehazterako orduan, baina 21:15ean mahaitik altxatu ziren, apusturako data jarrita eta erronka zehaztuta.
Hain zuzen ere, apirilaren 2an edo 9an jokatuko dute erronka Tolosako zezen plazan, 18:30ean hasita. Desafioa bota zionean, hamabi oinbiko ebakitzea proposatu zion Larrañagak Vicenteri, baina beste lan batzuk egingo dituzte apustuaren egunean, herenegun hala adostu baitzuten: kanaerdiko hamabi enbor eta oinbiko sei ebaki beharko dituzte bi aizkolariek.
Egurrak nork jarri ere eztabaidarako gaia izan zen, baina hori ere adostu zuten, eta bi kirolariek izango dute horren ardura. Zehazki, Vicentek hamar kanaerdiko eramango ditu, eta Larrañagak bi kanaerdiko eta sei oinbiko. Egurrak plazan jartzeaz, berriz, aizkolari azpeitiarra arduratuko da. Kirolari bakoitzak 7.000 euro jarri ditu jokoan; hau da, orotara, 14.000 euro irabaziko ditu garaileak.
Puntako aizkolariak
Ez da Larrañagak gauzatuko duen aurreneko apustua. Izan ere, 2017an jokatu zuen lehen erronka: Alex Txikon mendigoizalearen kontra neurtu zituen indarrak Azpeitiko zezen plazan, baina kirol apustua ez zen nahi bezala bukatu: Txikon erretiratu egin zen, lehertuta, eta ospitalera eraman zuten; Larrañagak bukatu egin zituen lanak, nola edo hala, itxura pattala emanda. Hautsak harrotu zituen gertatutakoak.
Orduko hartan aizkoran, harri-jasotzen eta lasterka aritu ziren bi kirolariak. Oraingoan, baina ondoen egiten dakiten horretan ariko dira: aizkoran. Larrañaga eta Vicente punta-puntako aizkolariak dira, eta horren erakusle dira lortuta dituzten balentriak. 2019an Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen Vicentek, eta 2020an eta 2021ean Aizkolarien Txapelketa Nagusia. Larrañaga bigarren sailkatu zen txapelketa horietan guztietan. 2021eko Urrezko Aizkolarien Kopan, baina, aurre hartu ahal izan zion azpeitiarrak Vicenteri: hamabi kanaerdiko aizkolari nafarrak baino lehen ebaki zituen.
Urola Kostako Hitzan argitaratutako albistea.