Urtarrilean 29 zinema saio eskainiko dituzte Leidorren

Ataria 2022ko urt. 5a, 16:12

Era guztietako filmak bildu dituzte bihar abiatuko den egitarauaren barruan; 2022rako zinema bonuak eskuragarri daude, maiatzaren 31ra bitarte erabili ahal izateko.

Bihar, urtarrilak 6, hasi eta hilabete amaiera bitarte, 29 zinema saio eskainiko dituzte Leidorren. Ohi bezala, helduei zein haurrei zuzendutako filmak proiektatuko dituzte, eta abenduan egin bezala, zinema saio bikoitzak eskainiko dira, asteburuetan bi film eskainiz.

Adin tarte eta gustu guztietarako filmak bildu dituzte egitarauan, herritarrei kalitatezko eskaintza eta askotarikoa emateko helburuarekin. Segurtasun neurri guztiak beteko dira Leidor aretoan, orain arte bezala.

2022rako zinema bonuak eskuragarri daude. Maiatzaren 31ra bitarte erabili ahal izango dira, helduei zein haurrei zuzendutako edozein zinema saiotan, estreinaldietan izan ezik. Bonu bakoitzarekin, gehienez ere, bi sarrera eskuratu ahalko dira saio bakoitzerako. 10, 20, edo 30 saiotarako bonuak eskuratu ahal izango dira: 10 saioko bonuaren prezioa, 30 eurokoa da; 20 saioko bonuarena, 35 eurokoa; eta 30 saioko bonuarena, 40 eurokoa. Bonuak honako helbide honetan eskuratu daitezke: Zinema bonuak.

Bestalde, gogoratu Tolosako zinema programazioaren inguruko iradokizunak egiteko epea irekita dagoela urtarrilaren 10era arte. Galdetegia online bete daiteke, esteka honetan: Galdetegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!