XXXIX. Shanti Torneoak baditu irabazleak

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 5a, 17:59

Kirolagunak elkarteak antolatzen duen Gabonetako Areto Futboleko txapelketaren finalak jokatu dira goizean, Usabal Kiroldegian; 700 haurrek hartu dute parte aurten.

Aurreko aldian ez zen egin, baina oraingoan aurrera egitea erabaki zuten Kirolagunak Kirol Elkarteko kideek. Azken bi asteetan, Gabonetako Areto Futboleko XXXIX. Shanti Torneoaren partidak jokatu dituzte 8 eta 12 urte bitarteko 700 haurrek, Usabal Kiroldegian. Abenduaren 27an hasi zen txapelketa; atzo, finalerdien eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiden txanda izan zen; azkenik, sei talde onenek gaur jokatu dituzte finalak.

Benjamin mutilek jokatu dute lehen finala. Suge beltzak taldeak 3-1 irabazi dio Alegiako Herri Eskola A taldeari. Alebin nesken txanda izan da ondoren. Tarukutraku taldea nagusi izan da, eta 4-1eko markagailuarekin gailendu zaio Ausartak taldeari. Azkenik, alebin mutilen mailako finalean, Serreria Salaberriak lortu du garaipena, Tximistak Junior taldeari 3-1 irabazi ondoren.

Behin finalak amaituta, sari banaketaren txanda izan da. Iker Galarza Gure Zirkuako pailazo eta artistak banatu dizkiete garaikurrak maila bakoitzeko lehen lau sailkatuei. Ikerrek berak ere merezitako saria jaso du sari banaketa ekitaldiaren amaieran: errege opila. Kirolagunak elkarteak, gainera, sorpresa bat zuen gordeta bi herritarrentzat, eta gol bana sartzeagatik, opila bana eraman dute etxera.

Azkenean, horrela geratu dira hiru mailetako sailkapenak:

Benjamin Mutilak

1. Suge Beltzak
2. Alegiako Herri Eskola A
3. Tigreak
4. Pantera Beltzak

 

Alebin neskak

1. Tarukutraku
2. Ausartak
3. Otsoak
4. Pitufinak

 

Alebin mutilak

1. Serreria Salaberria
2. Tximistak Junior
3. Trumoi Beltzak
4. Samaniego Lehoiak

Kirolagunak elkarteak hirugarren aldiz antolatu du txapelketa, eta guztira, 52 talde animatu dira: Benjamin mutiletan 19 talde, alebin mutiletan 23 talde eta alebin nesketan hamar talde. Benjamin nesken mailan ez da lehiaketarik izan, inork ez zuelako izenik eman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!