Erreportajea

Lurruntzen ez diren ahotsak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 29a, 07:59

Hodei Truk abesbatza berreskuratzeko bidean, talde berri bat sortu dute Tolosan: Hodei. 15 urtetik gorako 9 gaztek osatzen dute, eta abenduaren 19an eskaini zuten lehen saioa.

Ikasturte berria hasi zenetik, David Azurzak eta Shrabani Aranzabek, erronka bat zuten begiz jota. Garai bateko Hodei Truk abesbatza berreskuratu nahi zuten, Tolosako Hodeiertz abesbatzak harrobia izan dezan, eta batez ere, Tolosako nahiz Tolosaldeko gazteek abesbatzen mundua gertutik ezagutzeko aukera izan zezaten. Horretarako, deialdia zabaldu zieten eskualdeko gazte guztiei, eta erantzun ona izan du.

Aranzabe da abesbatzako zuzendaria; Azurzak, berriz, koordinatzaile lanak egingo ditu. «Gazteek eskaera luzatu ahala erabaki genuen abesbatza berrindartzea, eta lortu dugu, euren ekimenez», azaldu du zuzendariak. Urte luzez martxan egon zen proiektu bat bada ere, izena aldatu diote: Hodei Gazte Abesbatza. «Inoiz ez da erraza izaten zerbait berriz martxan jartzea, baina gogoa eta ilusioa izanez gero, edozer da posible», azpimarratu du Aranzabek.

Tolosak duen abesbatza testuingurua kontuan izanik, bai Aranzaberi, baita Azurzari ere «oso garrantzitsua» iruditzen zitzaien herriak berak «mugimendu berri eta fresko bat» izatea. «Horrelako mugimendu bat badagoela, existitzen dela eta indarra duela adierazteko balioko du abesbatzak. Horrez gain, oso aberasgarria izango da gazteek euren esperientzia propioak bizitzea, guk urteetan bizi izan duguna eurei transmititzea, beraiek ere guk gozatu duguna bezain beste gozatu dezaten», esan du zuzendariak.

Zerbait berezia pizten

Deialdia luzatu zutenean, hamabost kideko abesbatza izatera heltzea zen Aranzaberen eta Azurzaren helburua. «Zifra ideala litzake ahots guztiak orekatuta egoteko». Oraingoz, bederatzi gaztek eman dute abesbatzan parte hartzeko urratsa. «Abesbatzak soinu ona duela, oso ondo funtzionatzen duela eta barruan duten indar guztia erakusten dutela ohartu gara», gaineratu du zuzendariak. 15 urtetik gorakoak dira ia abeslari guztiak. «Ez dakit zein adinetan uzten dioten gazte izateari, baina etorkizunean, Hodeiertzen abesteko aukera izango lukete».

Zuriñe Cipitria koruko abeslariak aitortu duenez, nahiko erraz konbentzitu zuten abesbatzan hasteko: «Beti gustatu izan zait abestea, eta lehenik amak eta ondoren lagun batek, deialdiaren berri eman zidaten, eta azkenean, asko pentsatu gabe, parte hartzea erabaki nuen». Oier Gastesi da abesbatzako beste kideetako bat; «proiektuan hasieratik dabilen lagun batek mutilak behar zituztela aipatu zidan, eta izena eman nuen», esan du.

Pasa den abenduaren 19an eskaini zuen abesbatzak lehen saioa. Arimaz orkestrarekin eta Hodeiertz abesbatzarekin batera antolatutako Gabonetako kontzertu berezian hartu zuen parte. «Poztasun handia sentitu nuen lehen aldi hartan, ez bakarrik kontzertuan bertan abesteko aukera izan genuelako. Aldagelan geundenean ere zerbait berezia pizten edo sortzen ari ginela ohartu ginen, eta gure arteko harremanetan ikus zitekeen hori», aitortu du Cipitriak. «Oso polita izan zen, batez ere, taldean abesteko aukera izan genuelako», gaineratu du Nadia Hajik.

«Ikasteko eta hobetzeko»

Abesbatzaren beste helburuetako bat partaide bakoitzak autonomia izatea dela nabarmendu du Aranzabek. «Oso garrantzitsua da norberak dituen ahalmenak eta konpetentziak hobetzeko aukera eskaintzea, gerora, taldea hobetzen lagundu dezaketelako», esan du zuzendariak. «Ikasteko eta hobetzeko gaude hemen», gaineratu du Gastesik.

Abesbatzako kide gehienak ikastetxeetako abesbatzetan aritu izan ziren haurrak zirenean. Oraingoa, ordea, bestelako talde bat dela aitortu dute. «Gutxiago gara, eta gure arteko harremana ere estuagoa da». Etorkizunean, helduen abesbatza batean parte hartzeko asmoei buruz galdetuta, honakoa esan du Gastesik: «Oraingoz gazteak gara, eta oso ondo gaude gauden tokian; aurrerago ikusiko genuke».

Urte berria, asmo berriak dio esaera zaharrak. Bada, Aranzabek eta Azurzak badituzte zenbait abesbatzarako. «Proiektu ugari ditugu eskuartean, martxan jartzeko prest. Taulan izango da horietako bat, mimo handiz prestatzen ari garena; eszenografiarekin edo gorputz adierazpenekin lotuta dago».

Zuzendariek bete dute lehen erronka, taldea osatzea, baina gehiago nahi dute. Koruan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute oraindik, hodeitolosa@gmail.com helbidera idatziz edo 662 285 417 zenbakira deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!