ElkarEkin programa jarri du martxan Tolosako Udalak

Ataria 2021eko abenduaren 28a

Egoera zaurgarrian dauden pertsonei lan merkatuan sartzen laguntzeko doako ikastaro batekin abiaraziko dute urtarrilean.

Tolosako Udalak urtarrilean abiaraziko du ElkarEkin programa, Gipuzkoako Ganbararen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lanbiderekin elkarlanean. Doako ikastaro batekin emango diote hasiera, egoera zaurgarrian dauden pertsonei laneratzen laguntzeko. Urtarrilaren 10etik 27ra, 9:30eatik 13:30eara izango dira prestakuntza saioak, Oriaburu eraikinean.

Ekintzailetza eta autoenplegua dira programaren ardatz nagusiak. Hori dela eta, ikastaroan parte hartzen dutenei beren lanpostu propioak sortzeko tresnak eta baliabideak erakutsiko dizkiete. Negozio-plan bat nola egin edo enpresa bat nola sortu azalduko diete eta jarduera abian jarri ondorengo aholkularitza eskainiko diete.

Lanik gabe dauden 45 urtetik gorako pertsonek, indarkeria matxistaren biktima diren edo ahalduntze prozesuan dauden emakumeek, bi urte baino gehiago langabezian daramaten pertsonek, eta bazterketa egoeran dauden edo horretarako arriskuan dauden pertsonek eman dezakete izena ikastaroan, enplegua@tolosaldea.eus helbidera idatziz edo 943 000 309 telefonora deituz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!