2022rako aurrekontua onartu du Tolosako Udalak

Ataria 2021ko abe. 28a, 07:59

Azken osoko bilkuran hartu dute erabakia, udal gobernuaren aldeko botoekin; oposizioak, bere proposamen batzuk onartu dituzten arren, aurka bozkatu du.

Tolosako Udalak 34,5 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du datorren urtean; aurtengoarekin alderatuta, %28 handiagoa izango da, 7,5 milioi euro gehiago. EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoekin onartu da. Begoña Tolosa ogasun zinegotziak azaldu duenez, «inoizko aurrekonturik indartsuena da, Tolosa berrindartu, eraldatu eta hobetuko duten proiektuak aurrera eramateko». EH Bilduren ustez, aurrekontuak ez ditu tolosarren beharrak asetzen; «guk osatuko genukeen aurrekontutik urrun gaude, gizarte eredu desberdina babesten dutelako».

Udal aurrekontu osoaren %41 udal zerbitzuetara bideratuko dutela aurreratu du Tolosak. 14,2 milioi euro erabiliko dituzte zerbitzuen eskaintza hobetu eta indartzeko, adibidez, gizarte zerbitzuen alorrean. «Herritarrei eskainitako zerbitzuak hobetu eta indartuko ditugu», esan du zinegotziak. Herritarrei «kalitatezko arreta bermatzeko», aurrekontuaren %32 (11 milioi euro) giza baliabideetara bideratuko da. Gainerako %19 (6,6 milioi euro), berriz, inbertsioetara, aurreikusitako proiektuak garatzeko.

Era berean, diru laguntza guztiak mantendu, eta horietako batzuk indartu egingo direla aurreratu du zinegotziak: besteak beste, Eskola Kirola egitasmoan, 15.000 euro gehiago txertatuko dira; herriko ikastetxeei bideratutako laguntzan, 12.000 euro; familiei ematen zaizkien laguntzetan, 10.000 euro gehiago; eta Emakumeen Etxean jarduerak antolatzeko, 8.000 euro gehiago.

Ogasun zinegotziak nabarmendu duenez, «udal gobernuak ezarritako lehentasunek aurrekontuetan dute isla». Hori dela eta, Gizarte Zerbitzuen alorrak «pisu handia» izango duela esan du, 3 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. «Herritarren ongizatea eta zaintza erdigunean jartzen jarraituko dugu», gaineratu du.

Garapen ekonomikoa sustatu eta hiri ekonomia babesteko, milioi bat euro bideratuko ditu udalak. Kulturaren sustapenerako, berriz, ohiko jarduerak berreskuratu eta iaz martxan jarritako ToloFolk eta Kultura Plazara jaialdiak mantentzeko, hiru milioi euro bideratuko ditu. Azkenik, herri jasangarriago baten alde pausoak ematen jarraitzeko, 2,7 milioi euro bideratuko ditu.

Inbertsioen garrantzia

Zinegotziak aitortu duenez, inbertsioen atalak «garrantzia berezia» izango du 2022an, «Tolosatzen parte hartze prozesuan herritarrek proposatu eta udalak aurreikusitako proiektu eta egitasmoak aurrera eramateko», 6,6 milioi euro izango dituztelako. Honako hauek dira 2022rako aurreikusitako inbertsio nagusiak: Zumarditxikirako, 500.000 euro; Emakumeen Etxea proiekturako, 345.000 euro; Usabal kirol eremuko hirugarren faserako, 960.000 euro; zezen plazaren laugarren faserako, 820.000 euro; eta Gorriti plazako lanetarako, 544.000 euro.

Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuan zuzenketak sartu dira, Tolosako EH Bildu alderdiak egindako proposamenen harira. «Balioan jartzen dugu gobernuarekin lortutako akordio minimoak, tolosarron bizi baldintzak hobetzea baita gure helburua, eta konpromiso hauekin, neurri txiki batean, hori lortu dugu», azaldu dute EH Bildutik. Bada, udalbatza osatzen duten hiru alderdi politikoen artean ondorengo proposamenak adostu dira: familiei bideratutako diru laguntzak 10.000 euro handitzea, etxebizitza hutsak birgaitzeko eta alokairu merkatura ateratzeko diru laguntza partida 20.000 eurotan areagotzea, San Esteban auzoko beharrei aurre egiteko partidari 100.000 euro gehitzea, Arkauteko eraikina eraberritzeko proiekturako 50.000 euro jartzea, eta Trianguloa plazako zorua berritzeko beste 50.000 euro jartzea.

Bestelako gaiak

Azaroko osoko bilkuran, Mugi sisteman sartzeko prozedura abiaraztea onartu zuen udalak. Orain, egungo prezio publikoak bertan behera utzi eta Garraioaren Lurralde Agintaritzaren tarifak aplikatzea onartu du, Gipuzkoa osoan prezioak berdinak izan daitezen. «Prezioak progresiboak izango dira, geroz eta gehiago erabili, gutxiago ordaintzeko», azaldu du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak. Puntu honetan, EH Bilduk zerbitzuak «hobetu, mantendu eta areagotzean» pausoak eman behar direla adierazi du, «Lurraldebusen eman diren murrizketak eta Renferen aldiriko trenen egoera jasangaitza» salatuz.

Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzu-kontratuaren espedientea ere onartu zuten. Zerbitzuan parte hartzen duten herritarrek asebetetze inkesta egin ondoren, zerbitzu berria kontratatzeko baldintza-pleguak garatu dira, eta lizitazioari hasiera emango die orain. Bi urterako egingo da, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta 6,6 milioi euroko balio zenbatetsiarekin.

Bestetik, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak emandako ebazpenaren berri ere eman dute. Agisas elkarteak Tolosan arlo sozio-hezitzailean eta psikosozialean esku hartzeko zerbitzua kontratatzeko abiatutako lizitazioaren aurkako errekurtsoa jarri ondoren, lizitazio-prozedura bertan behera utzi du udalak. Indarrean dagoen lizitazioa luzatuko dute, berria martxan jarri bitartean.

Halaber, terrazen azalera handitzeko aldi baterako emandako baimena indarrik gabe uztea eta haren eragina urtarrilaren 10etik aurrera amaitutzat ematea ere onartu dute. «Egun indarrean dauden osasun agindu eta neurriak jarraituta, metro eta erdiko tartea mantentzea gomendioa da, eta ez bete beharreko arau bat», azaldu du Nerea Letamendia Merkataritza, Turismoa eta Azokak saileko zinegotziak. Gabonen ondoren, ostalariekin hala adostuta, jatorrizko espaziora itzuliko dira terrazak. «Dagoeneko ordenantza berria lantzen ari gara, eta jarraipena izango du 2022an», gaineratu du.

Hain justu, Letamendiak berak zinegotzi kargua uztea erabaki duela jakinarazi du bilkuran. «Denetik bizitzea egokitu zait hamabi urte hauetan, eta ohorea izan da Tolosako EAJ-ko zinegotzi izatea». Eskerrak eman dizkie alboan izan dituen senide, lankide eta Tolosako hiri ekonomia osatzen duen komunitateari. Amaitzeko, udal biztanleen kopuru ofizialaren berri eman zuten; 2021eko urtarrilaren 1ean, 19.795 biztanle zituen Tolosak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!