Imanol Rojok Tour de Ski lehiaketa gogorrari ekingo dio gaur

Ataria 2021eko abenduaren 28a

Imanol Rojo, aurreko denboraldian, Val de Fiemmen.

Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarra bere bidea egiten ari da otsailean Pekingo Olinpiar Jokoetan egoteko, eta horretarako garrantzia izango du Munduko Kopako baliagarria den Tour de Ski lehiaketa gogorrak. Gaurtik hasita eta urtarrilaren 4ra arte, sei probatan parte hartuko du, hiru herrialdetan.

Suitzan hasiko da gaur, Lenzerheiden, eta esprintean skating modalitatean 1,5 kilometroko proba egingo du. Bihar, leku berean, 15 kilometroko proba egingo du klasiko eran. Ostiralean, abenduak 31, Alemaniako Oberstdorfen izango da, 15 kilometroko skating modalitateko proban parte hartzeko. Leku berean, urtarrilaren 1ean, esprinteko proba egingo du klasiko eran. Hortik Italiara joango da, Val de Fiemmera, eta urtarrilaren 3an 15 kilometroko klasiko erako proba egingo du. Hurrengo egunean, urtarrilaren 4an, 10 kilometroko skating modalitateko proba izango du.

Hirugarren aldiz parte hartuko du Rojok Tour de Ski lehiaketan. Orain dela bi urtekoan, 2019-20 denboraldian, 86 parte hartzaile izan ziren eta 56k osatu zuten. Rojok 37. bukatu zuen. Aurrekoan, 2020-2021 denboraldian, 84 parte hartzaile izan ziren eta 51k amaitu zuten. Tolosarrak 31. bukatu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!