Egun hauetan, txotxongiloen magiaz gozatzeko aukera izango da Topic-en

Ataria 2021ko abe. 27a, 14:28

Etzi, hilaren 28an, Txotxongillo taldearen 'Itsasminez' haur ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute txikienek; urtarrilaren 8an, euskarazko nahiz gaztelaniazko bisita gidatu antzeztuak eskainiko dituzte. 

Beste urte batez, Gabonetarako jarduera bereziak antolatu ditu Topic-ek. Etxeko txikienentzako ikuskizun batekin emango diote hasiera egitarauari; asteazkenean izango da, 18:30ean. Txotxongiloen museoko antzokira bertaratzen direnek, Txotxongillo taldearen Itsasminez obraz gozatu ahal izango dute.

Txikienentzako istorio "samur eta gozoa" dela azaldu dute museoko ordezkariek. "Musikak leku berezia du, obra osoan zehar entzun daitekeelako. Harekin batera, Argi izeneko protagonistak bidaia luze bat egingo du itsasoraino, oparitu dioten maskor batekin". Topic-eko leihatilan edo Topictolosa.com webgunean eskuratu daitezke sarrerak. Bildutako diruarekin, baliabide gutxi dituzten familiei "Gabonetako ospakizun duin bat" izaten lagunduko dietela aurreratu dute: "Horri deitzen diogu guk sarrera solidarioa”.

Bestalde, urtarrilaren 8an, larunbata, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:00etan euskaraz, bisita gidatu antzeztuak eskainiko dituzte museoan. "Interesa duten familiei, magiaz betetako txotxongiloen etxean barneratzen lagunduko diegu. Esperientzia ahaztezina izango delakoan gaude". Izena emateko, herritarrek aldez aurretik jarri behar dute museoko ordezkariekin harremanetan, 943 650 414 telefono zenbakira deituz edo cit@cittolosa.com helbidera mezua idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!