Berdintasun Kontseilua sortu du Tolosako Udalak

Ataria 2021ko abe. 27a, 12:02

Emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakunde, talde, kolektibo zein norbanakoek parte hartu ahal izango dute; urtarrilaren 13an egingo dute lehen bilera, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.

Emakumeen parte-hartze aktiboa bermatzeko eta berdintasun arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, Berdintasun Kontseilua sortu eta abiarazi du Tolosako Udalak. "Emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna lortzeko bidean asko dago egiteko oraindik. Tolosarrekin eta herriko talde eta eragileekin elkarlanean, emakumeen eta gizonezkoen aukera eta tratu berdintasuna sustatzen jarraituko dugu, Tolosako bizitza politikoaren, ekonomikoaren, sozialaren eta kulturalaren eremu guztietan", adierazi dute.

Tolosako emakumeen parte-hartzea bultzatzeko gune bat eskaintzea da kontseiluaren helburu nagusia; gune horrek, berdintasunaren arloko erabakiak hartzeko prozesuan eragiteko beharrezkoak diren mekanismoak eta bideak ezarriko ditu. "Emakumeen eskubide politiko, zibil, sozial, ekonomiko eta kulturalak defendatzeko sortu dugu, eta mugimendu feminista eta emakume-taldeak aitortzen laguntzea du helburu, haien eskubideak defendatu eta zabaltzeko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako politika publikoak bultzatzeko lankidetza sustatzeko".

Tolosako alkateak, udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi banak eta Berdintasun Sailak hartuko dute parte kontseiluan, udalaren ekintzen berri emateko eta kontseiluaren eginkizunak eraginkortasunez garatzeko beharrezkoak diren tresnak ahalbidetzeko. Horiez gain, Tolosan emakumeen eskubideen alde lan egiten duen edozein erakunde, talde, kolektibo edo norbanako emakumeek ere parte hartu ahal izango dute.

Kolektibo bakoitzeko ordezkari bat izendatuko da, eta norbanako modura parte hartzen duten emakumeek hitza izango dute haien iritzia eta ikuspegia azaltzeko, baina ez dute botoa emateko aukerarik izango.

Kontseiluaren lehen bilera urtarrilaren 13an izango da, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Bileretara joan ahal izateko, erakundeek, emakume taldeek edo norbanakoek, euren datuak eman beharko dituzte Berdintasun Sailean. Izena emateko eta informazio gehiagorako, berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi, 943 670 383 telefonora deitu edo kultur etxera bertaratu behar dute herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!