Tolosako Elkartasun Krosa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek

Ataria 2021eko abenduaren 23a

Egungo osasun egoera aztertu ondoren, "arduraz jokatzea dagokigula" adierazi dute antolatzaileek; kamiseten eta dortsalen salmentaren inguruko azalpenak ere eman dituzte.

Abenduaren 31n ospatzekoa zen XXIV. Tolosako Elkartasun Krosa bertan behera uztea erabaki du Samaniego eta Orixe eskoletako kirol batzordeak. "Lasterketa ospatzeko dena antolatuta genuen honetan, azken egunetako osasun egoerak atzera egitera behartu gaitu. Kirol Batzordean egoera aztertu ondoren, momentu honetan arduraz jokatzea dagokigula ikusi dugu". Bere aldetik, erabakia "guztiz babesten" duela adierazi du Tolosako Udalak.

Shanti Kirolak dendan hasiak ziren kamisetak eta dortsalak saltzen. "Hurrengo edizioan kamiseta berdina erabiliko dugunez, dagoeneko eskuratu dutenei, mesedez, hurrengo urteko ediziorako dortsalarekin batera gorde dezatela eskatzen diegu". Hala ere, dirua itzultzeko aukera ere zabalik dagoela gogoratu dute. Horretarako, kirolmultzoa@samaniego-tolosa.com mezua idatzi edo 677 703 239 telefono zenbakira deitu behar dute herritarrek. "Edonola ere, irabaziak, betiko moduan Colombiako Cauca bailarara bideratuko dira, KOKU-YÓ elkartearen bitartez, bertan aurreikusitako proiektua bultzatzeko", azaldu dute antolatzaileek.

Samaniego eta Orixe eskoletako kirol batzordeko kideek, esker mezua helarazi nahi izan dio Tolosako herriari, "orain arte eginiko lana, hurrengo edizioan baliagarri izango delakoan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!