Elkarrizketa

«Egoera zailenetara ere azkar egokitzeko gaitasuna dute eskualdeko enpresek»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 23a, 11:59

2021a trantsizio urtea izan da eskualdeko enpresentzat; enplegu datuak hobeak izan arren, krisiaren eragina nabaritzen dute sektore batzuetan. Hala ere, «osasuntsu» daudela aitortu du Arzelusek.

Aimar Arzelus Telleriak (Donostia, 1987), bederatzi urte daramatza Tolosaldea Garatzen garapen agentziako enpresa sailean lanean. Teknikari bezala aritu zen lehenik; iaz, berriz, saileko arduraduna izendatu zuten.

Zein da eskualdeko enpresen egungo egoera?

Orokorrean hitz egiteak arrisku bat du: enpresa asko ez dira esaten dudanarekin islatuta sentituko. Baina, bai fakturazioaren aldetik, bai enpleguari dagokionez, eta baita eskarien alorrari begiratuta ere, zifrak onak dira. Egia da, koronabirusak eragindako krisialdian, industriarena ez dela sektore zigortuena izan, nahiz eta galerak eragin dituen.

Gainera, pandemia aurreko datuetara gerturatzen ari gara. Orain, ordea, beste faktore bat sartu da tartean: lehengaien prezio altua. Horiek lortzeko arazo handiak dituzte enpresek, eta fakturazioak handiak izan arren, enpresek lortutako marjinak txikiagoak izatea dakar. Ondorioz, osasuntsu daude, baina egindako lanagatik lehen baino mozkin txikiagoak lortzen ari dira.

Nola eragin du koronabirusaren pandemiak eskualdean?

Ez da sektore kaltetuena izan. Hala ere, zuzenean eragin du, enpresen alderdi guztietan. Erabat aldatu ditu merkatuko arauak: lan egiteko moduak, hornitzaile edo bezeroekin erlazionatzekoak... Orain, urgentzia gehiagorekin eta aurreikuspen gutxiagorekin egiten dute lan.

Eta zein kezka sortzen dizkizue egoera honek?

Ziurgabetasuna da kezka nagusia, baita zalantza handiena sortzen duena, batez ere, enpresa barruan estrategiak garatzerako orduan. Epe motzagoetarako ari dira zehazten aurreikuspenak, eta gero, oso zaila da horiek benetakoak izatea.

Zeintzuk dira industriaren sektorean eskualdean ditugun indarguneak?

Eskualdean industriak pisu handia duela iruditzen zait. Egia da, inguruko beste eskualde batzuetan, hemen ez ditugun enpresa traktoreak dituztela. Eskualdeko enpresen ia %100a mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak dira; 100 langile baino gehiagokoak esku bakarreko hatzekin kontatu daitezke. Horren abantailetako bat egoera zailenetara ere azkar egokitzeko gaitasuna da, erantzun azkarrak eta eraginkorrak emateko; azken bi urteetan, gainera, beharrezkoa izan dute malgutasun hori.

Eta ahulguneak?

Produkzioari dagokionez, Gipuzkoan emaitza onak izan ohi ditugu, baina salmentaren kasuan beti izan dugu gabezia bat, ez dugulako beharrik izan. Azken urteetan aldatu egin da hori, eta saltzera joateko beharrak ere areagotu egin direnez, enpresak ikaste prozesuan daude.

Azken hilabeteetan, enplegu datuek hobera egin dute. Enpresak lana ondo egiten ari direnaren seinale da hori?

Langabezia-tasa pandemia aurreko datuetan kokatzeak, enpresak geldirik ez daudela eta lana ondo egiten ari direla esan nahi du. Badago beharra, eta beraz, baita eskaria ere. Marjinak geroz eta baxuagoak izan arren, merkatua mugitzen ari da. Datu positiboa da, etorkizunera begira baikorrak izateko arrazoi bat.

Berrikuntzaren aldeko urratsak eman izan dituzue. Baduzue proiekturik eskuartean?

Bi ataletan banatzen dugu berrikuntza. Batetik, berrikuntza teknologikoa dago. Atal honetan, Industria 4.0 teknologian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanean ari gara, eskualdeko enpresetan proiektu pilotu txikiak txertatzen; batez ere, digitalizazioaren arloa ari gara indartzen. Azterketa txiki batzuk egin ditugu hainbat enpresetan, epe motz eta ertainera begira egin ditzaketen proiektuak zehazteko. Bestetik, berrikuntza ez-teknologikoa dago; hemen ere proiektu berriak jarriko ditugu martxan.

Halaber, berrikuntzetarako prest egoteko ezinbestekoa iruditzen zaigu formakuntza indartzea. Zentzu horretan, formazio plan berri bat prestatu dugu hurrengo urterako, enpresek garapen bat izan dezaten. Ekonomia zirkularrari lotuta ere, proiektu berri bat jarriko dugu martxan.

Lehiberri Foroa berraktibatzeko asmoa ere baduzue.

Bai, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu. Oraindik lantzen ari gara, baina espazio publiko-pribatu bat izango litzake, eskualde mailan enpresak lehiakorragoak izan daitezen, zein estrategia landu behar diren edo zein ekintza eraman behar diren aurrera identifikatzeko. Garrantzitsua da enpresek gune horretan parte hartzea, erabakitzeko ahalmena eta gaitasuna dutelako.

Nolako urtea espero duzu 2022a enpresa sailean?

Ez da erraza aurreikuspenak egitea. Ez-jakintasunez beteta hasi genuen 2021a, eta hala joan da. Hala ere, berdin jarraituko dugu 2022an, enpresei ahalik eta tresna gehien mahai gainean jartzen saiatzen, gero beraiek interesgarrienak edo baliagarrienak aukeratu ditzaten. Trantsizio garai batean bizi gara, eta edozein egoeratarako prest egon behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!