Tolosaldea IKT-k orain arteko emaitza onenak lortu ditu taldeka

Ataria 2021eko abenduaren 22a

Tolosaldea IKT-k orain artek 1 1640168122143
Tolosaldea IKT-k orain artek 7 1640168126413
Tolosaldea IKT-k orain artek 2 1640168122837
Tolosaldea IKT-k orain artek 3 1640168123492
Tolosaldea IKT-k orain artek 4 1640168124036
Tolosaldea IKT-k orain artek 5 1640168124570
Tolosaldea IKT-k orain artek 6 1640168125896
Tolosaldea IKT-k orain artek 8 1640168127280
Tolosaldea IKT-k orain artek 9 1640168127879

Eskualdeko igeriketa taldeak Euskal Herriko Kopan lehen postua lortu du gizonezkoetan, hirugarrena emakumezkoetan eta bigarrena sailkapen orokorrean.

Emaitza «bikainak» lortu dituzte Tolosaldea IKT taldeko igerilariek absolutu mailako Euskal Herriko Kopan. Hain justu, taldeka orain arteko emaitza onenak lortu dituzte, gizonezkoetan lehen postua lortuz, emakumezkoetan hirugarren eta sailkapen orokorrean bigarren eginez. «Lehen aldiz geratu gara gizonezkoetan lehen postuan, eta lehenengo aldia da Bidasoa taldearen aurretik beste talde bat geratu dela», esan du Joseba Zubeldia entrenatzaileak.

Gizonezkoetan, Tolosaldea IKT-ren atzetik Bidasoa eta Anaitasuna sailkatu ziren, eta emakumezkoetan Bidasoa, Getxo eta Tolosaldea IKT taldeek zuten podiuma. «Garrantzi handia ematen diogu txapelketa honi, taldea egiteko eta talde bezala indarra hartzeko garrantzitsua iruditzen zaigulako», esan du Zubeldiak. «Gure txapelketa kuttuna da eta oso pozik gaude». Aurreko urtean ez zen egin, iazkoa apirilean egin zen, eta orduan hirugarren egin zuen taldeak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan postu bera lortuz.

Azken txapelketan sailkapen orokorrean bigarren postua lortzea «harro egoteko modukoa» dela gaineratu du Zubeldiak. «Gasteizko Judizmendi edota Iruñeko taldeen zein Bilboko taldeen aurretik geratzea zerbait ondo egiten ari garenaren seinale da». Igerilariak oso gustura geratu ziren egindakoarekin, eta Zubeldiak azaldu duenez, malko batzuk ere isuri ziren lortutakoaren ondorioz. «Igeriketa batez ere kirol indibiduala da, baina gure igerilariek gehien gozatzen dituzten emaitzak taldekako txapelketetakoak dira».

DISTANTZIA LUZEKOA

Iragan asteburuan beste txapelketa bat izan dute Tolosaldea IKT-ko igerilariek, Euskal Herriko Distantzia Luzeko Txapelketa, Lasarten jokatu dena. Infantilek 2.000 metro libre estiloan egiten dituzte, eta junior eta absolutu mailakoek 3.000 metro. Iraupenezko proba da, eta hiru igerilarik parte hartu zuten, emaitza oso onak lortuz. Enaitz Goñik garaipena lortu zuen absolutu mailan zein junior 2 mailan, 33.15eko denborarekin bere marka berria ezarriz. Mattin Zubeldiak infantil mailan irabazi egin zuen, 23.30eko denbora eginez, eta Nahia Garridok maila berean bigarren postua lortu zuen, 24.28 eginez. «Oso gustura gaude emaitzekin, igeri oso ondo egin zutelako eta denbora politak egin zituztelako», esan du Zubeldiak.

XXI. PACO SANCHEZ

Tolosaldea IKT taldeak XXI. Paco Sanchez Saria antolatu zuen, eta aurreko larunbatean egin zen Usabal igerilekuan. Bertan 170 igerilari inguruk parte hartu zuten, sei klubetako alebin eta benjamin mailakoek, tartean, noski, etxeko taldeko kideek. Irudian, Tolosaldea IKT-ko alebin mailako igerilariak, Usabal igerilekuaren aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!