Babestutako edukia

'Euskal Pilotak' eta trufak, Gabonetarako gozoki onenak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 22a, 10:59
Armintz Gorrotxategi (Rafa Gorrotxategiren semea), aurtengo produktu berriekin, Usabal Industriaguneko dendan.

Aspaldiko gozogintza tradizioari eusten dio Rafa Gorrotxategik; aurten, artisau turroiaz gain, produktu eta zapore berriak sortu ditu, datozen egun berezietarako.

Azken asteetako egunak atsedenik gabekoak izaten ari dira Rafa Gorrotxategi gozogilearen lantegian. Aitortu duenez, herritar asko ari da inguratzen «azken uneko erosketak» egitera; «mugimendu handia ari gara izaten». Gabonen aurretik, ordea, bertan behera utzi behar izan dituzte aurreikusita zituzten enpresetako bazkari zein afariak, baita kotilioi ugari ere. Hori dela eta, erabat aldatu zaie lanerako modua.

Datozen egunei begira, jakitun da herritar askok otordu xumeak egingo dituztela, iaz bezala. Horrek, ordea, «eragin positiboa» izan dezakeela azaldu du: «Iaz, oso ondo egin genuen lan antzeko egoeran. Aurten, gainera, beste urte batzuetako salmenta kopuruak gainditu ditugu».

Askotarikoa da Rafa Gorrotxategiren eskaintza; mota guztietako gozoak dituzte salgai. Urtero, gainera produktu berriak egiten ditu. Aurten, hiru eskaintza berri dituzte: batetik, Venezuelako Diplomatico Reserva Exclusiva ronarekin egindako trufak, hiru zaporetakoak; bestetik, Euskal Pilotak izeneko bonboiak, pilota formakoak eta sei zaporetakoak; eta azkenik, 300 gramotako turroi zorroa. «Ez da lau zatitan banatutako turroi handi bat, 75 gramotako lau turroi txiki biltzen dituena baizik». Lau zaporetakoak dira: armagnac, txokolatea rubiarekin, mandarina eta jogurta. «Otordu txikietarako ezin aproposagoa da», gaineratu du.

Gorrotxategik baieztatu duenez, orain arte «bikaina» izan da produktu horiek izandako erantzuna. Enpresa ezberdinetako Gabonetako produktu sortak edo saskiak osatzeko, Euskal Pilotak eta trufak ugari saldu direla esan du. «Orain, berriz, herritar soilak turroiaren aldeko apustua egiten ari dira». Hiru eskaintza horiez gain, produktu ezberdinez osatutako sortak ere badituzte. «Bezero ugari zer erosi jakinda etortzen da etxetik, eta norbaitek hala nahi izanez gero, neurrira egindako sortak hartzeko aukera ere badago».

Urteek aurrera egin ahala, turroietarako joera nabarmen aldatu dela adierazi du gozogileak. «Garai batean, herritar ugari inguratzen ziren jaki preziatu hau eskatuz, kanpora eraman nahi izaten zutelako. Orduan hasi ginen nazioartera zabaltzen».

Tolosarrek turroi artisaua egiten dute. «Lehen, arrautza gorringoarekin eta mazapanarekin egindakoa soilik zegoen. Orain, berriz, esnegaina, txokolatea eta almendra dituzte oinarrian. Bertako produktuak erabiliz, osagai gutxirekin kalitatezko elikagai bat egin daitekeenaren adibide garbia da». Guztira, hamabost turroi ezberdin egiten dituzte, era guztietako zaporetakoak. «Ondo dago egunero gauza berdinak egitea, eta gelditu gabe egiten baduzu gainera, poztu egiten zaitu, ondo saltzen den seinale izaten delako. Hala ere, sorkuntza da gure ofizioak duen alderdirik ederrena; beti dago zerbait berria egiteko aukera».

 

RAFA GORROTXATEGI

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!