ELKARRIZKETA

«Tolosan gertatutakoaren erradiografia bat lortu nahi dugu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 22a, 07:59

Azken 40-50 urteetan, Tolosan historikoki gertatu denaren testigantzak biltzen ari da Javi Buces ikerlaria; «orain biltzen ez baditugu, etorkizunean ez dira existituko», adierazi du.

Aranzadi Zientzia Elkarteak hamarkada bat baino gehiago darama Tolosan oroimen historikoa berreskuratzeko lanean. Pasa den urtean, Tolosaoroimena.eus webgunea aurkeztu zieten herritarrei. Aurten, berriz, deialdi berria luzatu dute, gertuko memoriari edo euskal gatazkari buruzko testigantza eske.

Zein testigantza mota bildu nahi duzue zehazki?

Batez ere, biktimen testigantzak, edo biktimen senideenak. Dokumentazio historiko edota artxiboetan informazio ugari biltzen dugu; era guztietako urraketak azaltzen dira, pisu handikoak. Hala ere, urraketa guztiak ez daude paperean idatzita. Errepresio handia dago, eta hori dokumentatzeko modu bakarra dira testigantzak.

Gertuko memoriari erreparatu nahi diozue, ezta?

Bai. Gerra Zibiletik Frankoren heriotzara bitarteko epeari oroimen historikoa deitzen zaio; frankismoaren amaieratik gaur egunera artekoari, berriz, gertuko memoria. Ni ez nago guztiz ados. Erosotasunagatik erabiltzen ditugu termino horiek, baina azken finean, euskal gatazkaz ari gara, gatazka politikoaz, sufrimenduaz, torturez, estortsio ekonomikoaz, mehatxu larriez edota erailketez.

Herritar orok parte hartu dezake?

Oreka mantendu nahi dugu. Ez dugu memoria partzialki bildu nahi, osorik baizik. Herritar guztiak gure herrian gertatu denaz jabetu daitezen, beharrezkoa da denen memoria. Testigantza ezberdinak behar ditugu, Tolosan gertatu denaren erradiografia bat lortzeko. Askotan aipatzen dira nazioarteko hiru printzipioak: egia, justizia eta erreparazioa. Bada, ikertzaileok, egia bilatzeko lan egiten dugu; erreparazioa eta justizia beste maila batean daude. Kasu honetan, gainera, beharrezkoa da egia osoa lortzea.

Jada hasi zarete herritarren ekarpenak biltzen?

Bai. Hala ere, aitortu behar dut nahiko genukeena baino mantsoago doala prozesua. Webgunean aurkitu daiteke informazio osoa: biktimen izenak, datuak, testigantzak... eta bertan egin daitezke ekarpenak.

Ezinbestekoa da testigantzak jasotzea; orain biltzen ez baditugu, etorkizunean ez dira existituko. Ez da ariketa batere samurra. Herritar asko beti daude prest informazioa emateko, baina gehienak ez dira pauso hori ematera ausartzen. Gure aldetik, konfidentzialtasun osoa gordetzen dugu; nahi duenak, izenik eman gabe egin ditzake ekarpenak.

Lehen pauso hori ematea zaila dela esan duzu. Zergatik?

Herri guztietan daude pertsona gako batzuk, gertukoak edota ezagun baten ezagunak direnak. Horrelakoetan, oso garrantzitsua izaten da alor ezberdinetan mugitzea. Hala ere, gutxi izaten dira gugana gerturatzen direnak, eta askotan, gu izaten gara euren bila joan behar izaten dugunak. Bakarren bat akaso ausartzen da hitz egitera, eta hori gertatzen denean, errazagoa izaten da gainerako guztiak atzetik etortzea.

Eta zer jaso duzue orain arte?

Horrelako ariketa bat egiten dugunean, xehetasun batek harritzen nau gehien: herritarrek ez dute amorrurik. Euren esperientziak kontatu nahi dituzte, gainerakoek beraiek sufritutakoaren berri izan dezaten.

Noiz arte bilduko dituzue testigantzak?

Ez dago eperik. Horrelako prozesuek, behar bezala egiteko, denbora tarte luzea eskatzen dute, eta beraz, datorren urte osoan zehar bilduko ditugu.

Zertarako erabiliko dituzue jasotako ekarpenak?

Azken liburu bat argitaratu nahi dugu, hirugarrena, herri honetan zer gertatu den ezagutzera emateko. Honekin, amaiera emango diogu Tolosako memoriaren trilogiari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!