ELKARRIZKETA

«Oraindik preso erdiak baino gehiago Euskal Herritik kanpo daude»

Jon Miranda - Eneritz Maiz 2021ko abe. 21a, 11:59

Tolosako Sare herritarrak argazki jendetsua atera zuen larunbatean, eta 'Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean' lelopean antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute.

Tolosako Sare herritarrak argazki jendetsua egin zuen larunbatean, Zerkausian, egunotarako antolatutako ekitaldietarako deia zabaltzeko. Urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestaziora animatu dituzte herritarrak.

Horren aurretik, ordea, Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean lelopean, hilaren 24an, 18:45ean manifestazioa egingo dute Tolosako Trianguloa plazatik hasita. Hilaren 26an, 13:00etan, Donostiako epaitegitik abiatuko den manifestaziorako deia egin dute, eta urteko azken egunean topa egingo dute, Trianguloan, azken ostiralarekin bat eginez, 18:00etan. Aldiz, Bilboko manifestaziora autobusez joan nahi dutenek Amaiur tabernan eta Xirimiri kafetegian eman beharko dute izena.

Argazki jendetsua atera zenuten. Kontentu zaudete jasotako erantzunarekin?

Anaje Urkola. Tolosarren artean eta baita gure eskualdean ere presoen aldeko sentsibilizazio maila handia dagoela sumatzen dugu. Honelako ekimenetan gainera oso kontentu gelditzen gara jendeak maitasun handiarekin adierazten digulako gai honekin sentsiblea dela, aldaketa nahi duela eta behar dugula.

Sare herritarretik nola baloratzen dituzue espetxe politikaren inguruan eman diren azkeneko pausoak?

Karmele Elizaran. Balorazioa positiboa da, baina koma artean. Urrunketa bukatu da, baina hori ere koma artean. Oraindik preso guztiak ez daude Euskal Herrian, baina senideen artean lasaitasuna sentitzen dugu. Asteburu batean 200 kilometro egitea edo 1200 kilometro egitea asko da. Orduan, bai, positiboa da, baina ez da bukatu eta bakarrik hasi eginda. Horregatik da aurtengo leloa Etxerako bidean jarri behar ditugula. Horretarako pauso asko eman behar dira.

Pausoak eman bai, baina nahikoa ez dira hortaz?

Urkola. Hori da. Arindu handi bat hartu dute familiarrek-eta, astero-astero egin behar den kilometro pila hori kriminala delako. Gerturatzeak sekulako arindua eman du. Komunikabideetan batzuetan ematen du bukatu dela, baina oraindik preso erdiak baino gehiago Euskal Herritik kanpo daude. Horiek gutxien-gutxienez Euskal Herriko presondegietan egon beharko lukete, eta asko eta asko gainera kalean.

Zein neurri aplikatzen zaizkie bereziki euskal presoei?

Elizaran. Bereziki aspaldiko salbuespeneko araudia aplikatzen zaie. Orain dela gutxi Unai Fanok lortu zuen espetxeko juntak 3. gradura pasatzea, baina Audientzia Nazionalera joan zen eta 2. graduan dago berriz. Orduan, salbuespeneko lege hau bertan behera utzi behar dugu. Ez dugu eskatzen ezer gehiago. Bakarrik eskatzen dugu beste presoek dauzkaten aplikazioak ematea. Hori da gure historia. Adibidez, Antton Troitiñok, hogei eta hamar urte pasa ditu kartzelan, eta azkenean hil egin da. Orduan, oraindik pauso asko daude emateko, eta horregatik kanpaina berri hau: Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean.

Urkola. Eskualde honetan hamar preso politikoetatik bakarra dago Martutenen, beste bederatziak ikusi ahal izateko, Soria, Asturias,... Oraindik kilometroak egin behar ditugu, eta hori salbuespen legedi bat aplikatzearen ondorioa da. Eskubide urraketa argi eta garbia da gobernu honek daramakiena. Gizarteak gehiago ezin du esan, eta eragileak, norbanakoak, denak daude jada esaten honekin bukatu egin behar dela. Ez dauka zentzurik.

Elizaran. Bizikidetza eta bakea nahi baldin baditugu, bukatu egin behar da, bestela gezur bat da hori esatea. Askotan entzuten dugu bizikidetza aurrera eta atzera, baina honekin ez baldin badugu bukatzen, ez dago ezer. Presoek beren neurriak eta legeak izan behar dituzte, baina preso arruntek bezala, berdin-berdinak. Ez dugu gehiago eskatzen.

Presoen eta beren senitartekoen urraketa hauekin amaitzeko neurri berriak hartu behar direla diozue. Norbanako bezala zer egin daiteke?

Urkola. Egiten ari garen bezala indarrak batzea da, eta egiten diren deialdietan gizarteak hori erakusten du. Gizarte honek oso argi utzi du gai honekin sentsible dagoela, eta bukatu nahi duela. Gu normalki eskatzen dugunarekin beteta edo aseta geratzen gara, gizarte aldetik erantzuna bikaina izaten delako. Urtarrilaren 8an ikusiko dugu nola berriro ere Bilboko kaleak beteko diren. Jendea benetan bihotzetik eskatzen eta aldarrikatzen ari da hau bukatu dadila. Egiten duguna ondo dago, baina gero eta gehiago egin hobea da. Presio gehiagorekin aldaketa gertuago dago.

Elizaran. Guk bakarrik, hau da, Sarek bakarrik ezin du ezer egin. Honaino iritsi baldin bagara, herritarrekin izanda. Herritarren presioa, herritarren gogoa eta babesa izan ditugu. Guk bakarrik ezin dugu egin. Denon artean egin behar dugu bidea eta denon artean etxeratu behar ditugu. Eta azkenean denon artean lortuko dugu Euskal Herrian presorik gabe egotea.

Urkola. Norabidea hau da, eta pausoak gero eta gehiago izatea nahi dugu, eta gure aldetik presa dago berandu gabiltzalako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!