Ero-Etxe Elkartearen krosa ez da egingo

Ataria 2021eko abenduaren 20a

2020ko urtarrilean egin zen aurreko edizioa.

Elkartetik hartu dute erabakia, krosa antolatzen duen batzordekoen ustez "parte hartzaileentzat, pertsonentzat eta, oro har, publikoarentzat beharrezkoak diren segurtasun baldintzak" ez direlako beteko.

2022ko urtarrilaren 23rako aurreikusita zegoen XXXIV. Ero-Etxe Krosa egitea. Antolatzeko behar den azpiegitura guztia martxan jartzeko unea iritsi dela eta, hainbat bilera egin ondoren "COVID-19ak eragindako egungo egoera" aztertu da, eta horren ondoren hartu dute krosa bertan behera uztearen erabakia. Aurtengoa, 2021eko urtarrilean egitekoa zena, bertan behera geratu zen. Beraz, bi urtez jarraian ez da egingo krosa.

Antolakuntzatik eskerrak eman dizkiete kolaboratzaile guztiei emandako laguntzarengatik eta baita Tolosako Udalari ere. "Espero dugu laster normaltasun berria ezarri ahal izatea, eta gogo eta ilusio berarekin hartuko dugu 2023. urteko edizioa", azaldu dute Ero-Etxe Elkartetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!