Kirol Gala egingo dute Leidorren datorren asteazkenean

Ataria 2021eko abenduaren 17a

Kirol elkarteek proposatutako hautagaiak bozkatu dituzte kirolari onenaren eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarietarako; kirolarien garaipenez gain, kirolaren beste balore batzuk sustatzen dituztenak ere errekonozitu nahi dituzte.

Tolosako Udalak herriko kirolari, kirol talde eta elkarteen lana balioan jarri eta izandako lorpenengatik errekonozimendua egin nahi die. Horretarako, datorren asteazkenean, abenduak 22, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kirol Galaren edizio berri bat egingo da Leidor Aretoan. Tolosako kirol elkarteek egiten duten lana goraipatzeko gala izango dela aurtengoa ere azaldu dute. Egungo osasun egoera kontuan hartuta, sarrerak mugatuak izango dira aurten, eta Leidorrera sartzeko COVID ziurtagiria eskatuko dute.

Aurtengo ediziorako ere, ohikoa den moduan, Tolosako kirol elkarte guztiek beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Proposamen horiek kontuan hartuz, kirol elkarteek eta herriko beste hainbat eragilek bozkatu dute nortzuk diren kirolari onenaren sarirako eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarirako kirolariak. 

Balioak indartzeagatik aitortza
Ekitaldi honekin, kirolarien garaipenak azpimarratzeaz gain, Tolosako Udalak kirolaren beste balore batzuk sustatzen dituzten pertsonak eta eragileak ere errekonozitu nahi ditu. Horren baitan, honakoak izango dira aurtengo kategoriak eta sariak: Emakumezko kirolari onena edo emakumezkoen kirol talde onena; gizonezko kirolari onena edo gizonezkoen kirol talde onena; neska promesa edo nesken kirol talde promesa onena; mutil promesa edo mutilen kirol talde promesa onena; ekitate eta baloreen saria (jokabide berdinzaleak eta baloreen aldarrikapenerako ahalegin berezia egin duten pertsonak, kirol elkarteak, zuzendaritzak, teknikariak, epaileak, hedabideak, enpresak…); aipamen bereziak (kirol eta jarduera fisikoen arloan beren lan, ekarpen, laguntza, eredu, ibilbide… esanguratsua izan duten pertsonak, taldeak edo elkarteak). 

2021eko sari nagusia hautagai guztien arten aukeratuko dute. Urtero bezala, kirolari ugarik diploma ere jasoko dute lortutako lorpenengatik. Saridun guztiek oroigarri berezia jasoko dute aurten ere, 2019an lehen aldiz banatu zituzten sari bereziak banatuko baitituzte: Kontuz! Kreatiboak taldeak hiru dimentsiotan egindako poliedro formako oroigarria izango da jasoko dutena.

Ohi bezala, diplomak, Tolosa&CO elkarteko dendetan erabiltzeko txartelak, bertako produktuekin osatutako Tolosako Azokako saskiak eta kiroldegiko bazkidetzak ere banatuko dituzte irabazleen eta izendatuen artean. Kirolaririk onena jasotzen duenak txapela ere jasoko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!