Azoka Lagunak ekimenak ia 2.000 pertsonako komunitatea osatu du

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 17a, 07:57

Pasa den urtean hasitako egitasmoaren balantze baikorra egin du udalak, eta herritarrak gonbidatu ditu izena ematera; ekoizleen fitxak, erakusmahaietako mantelak eta webgunea berritu dituzte, besteak beste.

Tolosako azoka udalarentzat alor estrategikoa izan da azken legealdiotan, eta azoka bera indartzea helburu nagusienen artean duela azaldu du. Helburu horrekin sortu zen pasa den urteko urrian Azoka Lagunak egitasmoa, eta urtebete geroago, lortutako emaitzen balantzea “bikaina bezain baikorra” dela esan du Tolosako Udalak.

Lehen hilabetean, 1.500 pertsonak eman zuten izena, eta pixkana zifra hori handituz joan da, urtebetean ia 2.000 laguneko komunitatea eratzeraino. Herritar askoren interesa piztu duen egitasmoa izan dela azaldu du Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo Saileko zinegotziak. “Hori da hitz gakoetako bat, hain zuzen: interesa. Urtaro, baratze, jaki eta sukaldaritzaren inguruko jakintza partekatzen dugu komunitatean, eta informazio hori interesgarria eta erabilgarria da guztientzat. Uste dut horrek aukera eman digula azokari buruz dugun ikuspegia aldatzeko eta balioan jartzeko”.

Astero Azokaren inguruko informazio baliagarria bidaltzen zaie posta elektronikoz komunitateko kideei: bitxikeriak, garaiko produktuei buruzko artikuluak, errezetak, elkarrizketak, ekoizleei bisitak… Tarteka ikastaro edo irteerak ere egiten dira, online edo presentzialki, jende ugariren parte hartzearekin. "Atzo bertan 30 lagun gerturatu ziren kultur etxera, Gabonetako menuei buruzko sukaldaritza-tailerrera".

“Jakintza horren transmisioa ez ezik, nolabait lortzen ari garena da jendea sentsibilizatzea eta bertako produktuak erostea, garaikotasunari garrantzia emanda”, gehitu du Alaine Izagirre saileko teknikariak. "Hori ezinbestekoa da azokaren etorkizunerako".

Urrats gehiago "indartzeko bidean"

Letamendiak adierazi duenez, Azoka Lagunak egitasmoa Tolosako azoka indartzeko epe-luzera begirako estrategia ere bada, "eta astez asteko komunikazio lan horretatik harago, ekintza gehiago ere biltzen ditu".

Marka berria izan zela aldaketaren abiapuntu nagusia gogoratu du zinegotziak. "Larrialdi egoeraren ondorioz, Azoka Lagunak egitasmoa abiatu aurretik erabiltzen hasi bazen ere, pixkana euskarri gehiagotan aplikatu da iruditegi berria". Horren adibide dira duela aste batzuk egindako aldaketak. Ekoizleen erakusmahaietako mantelak iruditegi berrira egokitu dira, baita ekoizle bakoitzaren datuak biltzen dituen mahai gaineko fitxak ere. Azken hauetan QR kode bat ere erantsi dute, ekoizle bakoitzari buruzko informazio gehigarria duen webguneko atalera bideratzen duena.

Hain zuzen, azken hau da webguneko moldaketa garrantzitsuena, azokako hiru espazioen planoak jartzearekin batera. Ekoizleak “gehiago gerturatu eta ezagunago egiteko” asmoz, postuen deskribapena, produktuen zerrenda, baserriaren kokapena, argazkiak eta harremanetarako datuak biltzen dituen orrialdea sortu dute bakoitzarekin.

Letamendiak nabarmendu duenez, pandemia garaian ere "apustu irmoa" egin du udalak azokaren alde: "lan mardula egin dugu azokaren eraldaketa fisiko zein digitala sustatzen jarraitzeko”. 

Normaltasun egoerara itzultzerako azokako espazioen (Euskal Herria plaza eta Zerkausia) antolaketa berrirako proposamena landu dute azokagileekin. 2022an ere azokaren ordenantza berria garatuko dute eta Gipuzkoako Azoken Sarearen eskutik, azokek komunean dituzten erronkei aurre egingo zaie, era koordinatuan eta elkarlanean.

Horretaz gain, azokaren digitalizazioarekin aurrera egiteko Next Generation Europar Funtsetara proiektua aurkeztu duela udalak diru laguntza jaso asmoz adierazi du zinegotziak. Aurkeztutako proiektuak lan lerro edo egitasmo ezberdinak biltzen ditu: Euskal Herria plazaren antolaketa fisikoa berraztertzeko proiektua; Tolosako azokako seinaletika, marketina eta antolaketa gauzatzeko proiektua; takila adimentsuak; formazioa digitalizazioan eta Azoka 2.0., azokaren digitalizazioa aztertzeko proiektu pilotua eta Azoka Lagunak proiektua bera.

Larunbatean, Gabonetako Azoka

Oraindik Azoka Lagun gisa izena emateko aukera dagoela gogoratu dute, eta horretarako, Tolosakoazoka.eus webgunera jo daiteke.  Larunbat honetan, berriz, goiz osoan zehar izen-ematea fisikoki egiteko aukera ere emango dute, Trianguloa plazan kokatuko duten etxolara gerturatuz.

Hain justu, larunbatean Gabonetako Azoka Berezia egingo da. Bi gunetan banatuko dituzte postuak, eta horiek aurrekoetan baino gutxiago izango dira, "egungo egoerak hala behartuta jende pilaketak ekiditeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!