ELKARRIZKETA

«Tolosan, galdetu gabe ere, erraza da zirikatzeko materiala lortzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko abenduaren 17a

Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta , Barrexerkaren saio batean, erdiko biak. BARREXERKA

Barrexerka taldeak, Barretourra emanaldia eskainiko du, gaur, 20:30ean hasita, Leidor aretoan. 2018an sortu zenez geroztik, egindako esketx eta parodia onenak bildu, eta saio entretenigarria eskainiko du; tartean, Tolosa bera eta tolosarrak xaxatuko dituzte, betiere, umorea erabiliz. Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta aktoreek ikuskizunaren berri eman dute.

Hamaika lagunek osatzen dute Barrexerka taldea. Gazteengandik gazteentzako umorezko produktua eskaintzea du helburu, euskaraz; Donostian dagoen hutsune bat bete nahi dute. Leidor aretoan eskainiko duten Barretourra saioari buruz hitz egin dugu Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta taldekideekin.

«Barrexerka deitzen gara, Barrebila arraro xamarra delako». Hala diozue Instagrameko zuen profilean. Azaltzerik bai?

Mikel Irazusta: Ez nuke esango azalpen bat behar duenik; nahiko garbi dago. Egia esan, ustekabean sortu genuen izena. Barrexerka sortu genuenean ez genuen Barrebilan pentsatu, baina gerora, buruari eragin eta pentsatzen jarrita, barregarria iruditu zitzaigun, eta orain horrela deskribatzen dugu gure burua.

Maialen Sorzabalbere: Ez du misterio handirik; nahiko azalekoak gara.

 

Maialen Sorzabalbere: «Emanaldian ez dugu pandemia landu nahi; deskonektatzeko eta arnasa apur bat hartzeko parentesi txiki bat izatea nahi dugu»



Hamaika taldekideek lehendik ezagutzen zenuten elkar?

M. S.: 2018an taldea sortu genuenean, ez genuen elkar ezagutzen. Hala ere, bagenekien nortzuk genbiltzan Donostiako antzerki panoraman, antzerki amateur munduan. Gutako bakoitza bere inguruan zituen sare ezberdinetan hasi zen taldea osatzeko kide berrien bila eta horrela lortu genuen taldea osatzea.

Zergatik sortu zenuten taldea eta zein helbururekin?

M. I.: Hasieran, emanaldi bakarra egitea zen gure asmoa. Gero, izaten zuen harreraren arabera, aurrera jarraitu edo ez erabakiko genuen.



Harrera ona izan zuen?

M. S.: Bai. Emanaldia amaitu bezain pronto, lagunak eta ingurukoak galdezka genituen, ea hurrengoa noiz eta non eskainiko genuen. Orduan, taldekideak bildu eta beste emanaldi bat prestatu eta egitea erabaki genuen, gaur egun garenera heldu arte.

Ez dakitenei, nola azalduko zeniekete zer den Barrexerka?

M. S.: Ordubete pasatxo irauten duen emanaldia da. Bakarrizketak, esketxak eta antzerki saio txikiak uztartzen ditugu, guztia tonu umoretsuan eta euskaraz. Batez ere, gure adin inguruko herritarrentzako moduko emanaldia da, 20 eta 40 urte bitartekoentzat, alegia.

Gazteek gazteentzat sortua baita zuen saioa.

M. S.: Bai, baina herritar oro dago gonbidatuta gure emanaldietara. Guztiak izango dira ongi etorriak. Hala ere, aitortu beharra dugu haurrentzat ere egin izan dugula emanaldi hau, eta nolabait esateko, ez da publiko egokiena.

 

Mikel Irazusta: «Guk musu truk egiten dugu lana; honetatik irabaziak eduki nahiko bagenitu, ez dut uste jarraitzeko aukerarik izango genukeenik»



Eta publikoak zer ikusiko du Leidorren?

M. S.: Lau urteetan, Barrexerka modura, bederatzi emanaldi desberdin sortu ditugu, eta Barretourra izeneko saio edo formula honetan, esketx eta antzerki onenak biltzen ditugu.

Zuek zer eskatuko diozue Tolosako publikoari?

M. S.: Batetik, barkatzea, Tolosa bera eta tolosarrak zirikatuko ditugulako; material sorta handia duzue horretarako. Baina bestetik, eta garrantzitsuena, gozatu dezatela.

M. I.: Guk gozatzen duguna bezain beste gozatzen badute, gaitz erdi!

Tokiko umorea erabiltzen duzue, beraz.

M. S.: Emanaldiaren hasieran bakarrizketa bat egiten dugu, eta hor gure herri anfitrioia xaxatzen dugu.

Eta nola izaten duzue zirikatu daitekeenaren berri?

M. S.: Orain arte egon garen herrietan, gure ezagunen edo ezagun horiek dituzten ezagunen bitartez lortu izan dugu informazioa. Tolosaren kasuan, ordea, inori galdetu gabe ere erraza da material hori lortzea.

Zuen saioetan, gainera, sorpresaren bat izaten da; herritar ezagun bat gonbidatu ohi duzue oholtzara.

M. I.: Hasieran hala egiten genuen, baina hau kentzera behartu gaitu pandemiak. Orain esketxetan bakarrik agertzen dira. Orain arte, Xabier Madariaga, Kike Amonarriz, Miren Amuriza, Iñaki Artola eta Xabier Euzkitze izan ditugu gonbidatu berezi bezala.

Nola bizi izan dituzue azken bi urte hauek? Emanaldiak eskaintzen jarraitu duzue ala erabat geldirik egon zarete?

M. I.: Hain justu, 2020ko martxoan itxialdia ezarri zenean, bertan behera utzi behar izan genituen aurrez hitzartuta genituen hiruzpalau emanaldi. Orain, antzokiak berriro ireki dituztenean, eta saioak eskaintzen hasi garenean, edukieran nabaritu dugu aldaketa handiena. Bestela, emanaldi kopuruei dagokionez, ez dugu aldaketa handirik jasan. Horrez gain, eduki berriak sortzen ere jarraitzen dugu.

M. S.: Itxialdia ezarri aurretik, Tolosara etortzeko asmoa genuen, baina ez genuen ezer itxita. Orain, berriz, nahi hori betetzeko aukera izango dugu.

Bizitzen ari garen egoera honek erraztu dezake gai berriak landu eta zuen saiorako umorea beste modu batera txertatzea, ezta? Edo kontrakoa?

M. S.: Pandemia bera, eta bere barruko terminologia oro alde batera uzten saiatu gara. Ez dugu gai hau landu nahi izan. Ikusleak, gainera, antzokietara etorri direnean, honetaz guztiaz deskonektatzeko etorri dira, zerbait berria ikusteko, arnasa apur bat hartzeko. Orduan, ordubetez bazen ere, gure emanaldia parentesi txiki bat izatea nahi genuen.



Egia da pandemiak gauza xelebre ugari utzi dizkigula. Esaterako, guztiak ari gara orain kirol berriak probatzen, eta horri buruzko esketx bat sortu dugu. Pandemiaren ondorioak edo albo-kalteak jorratzen ditugu, baita sortu diren moda arraroak ere.

Emanaldiak eskaintzeaz gain, ikus-entzunezko edukiak sortzen dituzue sare sozialetarako, ezta? Promozioa egiteko izaten da?

M. S.: Denetik argitaratzen dugu. Ikusle askok, adibidez, emanaldian egindako esketxak grabatu eta argitaratzea eskatu izan digute, eta hala egin izan dugu. Irutxuloko Hitzarako ere sortu izan ditugu edukiak, Donostiako auzoak zirikatuz.



Zuen iritziz, bada hutsune bat, oro har, ez soilik gazteen artean, euskaraz umorezko saioak egiteko edo ikus-entzunezko edukiak sortzeko?

M. I.: Ez nuke jakingo hutsunerik dagoen edo ez. Saiakera ugari izan dira; Barre Librea izan da azken boladako handiena. Euskal sortzaile askok ere martxa ona daramate. Hala ere, aitortu beharra dago ez dela etekin handirik ateratzen, eta beraz, zaila dela euskaraz umorea eginez mantentzea; guk musu truk egiten dugu. Egiten dugun honetatik irabaziak eduki nahiko bagenitu, ez dut uste jarraitzeko aukerarik izango genukeenik.

Eta zergatik gertatu daiteke hori? Beldurragatik? Zer egin daiteke sortzaile berriak agertu daitezen?

M. I.: Ausardia izan behar dute. Ez dago besterik. Guztiok dugu gaitasuna oholtza gainean egon eta umorea egiteko. Beraz, belaunaldi berriak ere animatu daitezela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!