"Egoerara egokitutako egitaraua" antolatu du Tolosako Udalak Gabonetarako

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 15a, 18:51

Kutsatze tasaren goranzko joera dela-eta, neurriak hartu ditu udalak; larunbatean azoka berezia egingo dute, postu gutxiagorekin eta bi espaziotan banatuta.

Covid-19aren kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute Tolosan (azken datuen arabera, intzidentzia-tasa 1.824 kasukoa da). Lehen olatuaz geroztik, intzidentzia tasa daturik altuenak erregistratu dira eskualdean, baita Gipuzkoan eta gainerako lurralde historikoetan ere. Egoera "kezkagarria" dela adierazi dute udaletik.

Positiboak areagotu ahala, ospitaletako egoera ere okerrera egiten ari da, eta ZIUn ere goranzko joera nabari da. "Birusa, gainera, umeengan izaten ari da eragina; herriko ikastetxeetan 24 ikasgela daude itxita eta 600 ikasle baino gehiago bakartuta daude", esan du udalak.

Egoera hori guztia kontuan izanik, eta lehentasuna birusaren hedapena mugatzea eta, bereziki, tolosarren osasuna zaintzea izanda, "egoerara egokitutako gabonetako egitaraua" antolatu dute udalak eta herriko eragileek eta taldeek, "egunotako magiari, ilusioari eta berezitasunari ahal den neurrian eusteko, baina modu seguruan".

Azoka berezia

Gabonetako azoka berezia Plaza Zaharrean eta Alondegia plazan egingo da aurten. Beste urteetan baino postu gutxiago egongo dira, distantziak mantentzeko lekua izateko eta jende pilaketak ekiditeko. Horrela, larunbatetako azokari ere leku berezia emango zaio. Azoka bereziari lotuta, Plaza Zaharrean 8 postu egongo dira; Alondegian, berriz, 26. Postu guztiak ere, elikagaien ingurukoak izango dira.

Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Gure Zirkuan

"Aurten ere, herriko haur eta gaztetxoak ez dira Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ikusi gabe geratuko", esan dute udaletik. Egoeraren bilakaera ikusita, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorrera antolatzen duten eragileekin batera, ohiko ekitaldiak beste modu batera egitea erabaki du udalak. Hala, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Gure Zirkuan egongo dira. "Arriskuak gutxitzea eta haurrei zein familiei eremu seguru bat eskaintzea izan da erabaki honen helburua, beti ere haurrei Gabonekin lotutako pertsonaia berezi hauekin egoteko aukera eskainiz. Izan ere, etxeko txikienentzat garrantzitsuena pertsonaia horiek agurtu, ikusi eta haiengana hurbiltzeko aukera izatea baita", azaldu du udalak.

Udalak astelehenean jarri zituen eskura Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak ikusteko gonbidapenak. Abenduaren 24ean 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da Olentzero eta Mari Domingi bisitatzeko aukera. Urtarrilaren 5ean, ordutegi berean agurtu ahal izango dira Errege Magoak zirkuko karpan. Gonbidapenak Bibe plataforman eskuratu daitezke.

Olentzaroren Basoa

Beste urte batez, Elosegi parkeko ateak zabalduko ditu Olentzaroren Basoak. Kriseilu bat eskuan hartuta, ordubete inguruko ibilaldi antzeztua egingo dute arratsaldero, abenduaren 17tik 23ra. Zumardia elkarteko kideek gidatuko dituzte haurrak Olentzaroren basoan zehar, "usadio zaharrak kontatuz, Eguberrien zentzua berreskuratzeko". Gehienez 20 laguneko taldeetan egingo dute ibilaldi bakoitza, 17:30ean hasita, hogei minutuz behin, eta azken hitzordua 20:10ean izango da. Azken hitzordu hau helduei soilik zuzenduta egongo da. Sarreren truke borondatea eskatu dute Zumardia Elkartekoek, eta jasotako dirua Aita Mari Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dutela adierazi dute. 

Parkea eta zinema

Abenduaren 27an, 28an eta 29an haur parkea jarriko dute, Zerkausian. 11:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da erabilgarri. Ordu erdiro, 80 haur sartu ahal izango dira parkera: 0-7 urte bitarteko 40 haur eta 8-12 urte bitarteko beste 40.

Bestetik, haur eta gazteentzako zine programazio berezia antolatu du udalak. Haur zinemari dagokionez, pelikula guztiak 17:00etan izango dira Leidor aretoan. Abenduaren 19an Trash pelikula eskainiko dute, eta abenduaren 26an eta urtarrilaren 1ean eta 2an Spider Man: Sin camino a casa filma. Abenduaren 30ean, berriz, Encanto pelikula proiektatuko dute Leidorren.

Gazte Topagunea

Gazte Topaguneak ere ekintza bereziak antolatu ditu nerabeentzat. Abenduaren 26an, futbolin txapelketa egingo dute 17:30ean. Abenduaren 27an Donostiara irteera egingo dute, laser tokira zehazki, arratsaldez. Abenduaren 28an telazko poltsak atontzeko tailerra egingo dute 16:00etan. Abenduaren 29an Txuri Urdin izotz jauregira irteera antolatu dute, goizez. Azkenik, abenduaren 30ean, miniatura tailerra egingo dute 16:00etan. Donostiako irteeretan parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko du haur eta gaztetxo bakoitzak.

Kultur ekitaldiak

Aipatutako ekintza bereziez gain, tolosar guztiei zuzendutako beste hainbat jarduera antolatu ditu udalak, eta ekitaldi guztietan prebentzio eta segurtasun neurriak zorrotz jarraituko direla gogorarazi dute. Abenduaren 19an Eguberritako kontzertu berezia eskainiko dute Hodeiertz, Hodei eta Arimaz taldeek, herriko musikari batzuen laguntzarekin, 19:00etan, San Frantzisko elizan.

Abenduaren 21ean, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak Eguberritako kontzertua eskainiko du, 19:00etan, Leidorren. Egun eta ordu berean, Tranpola teatroak eta Nerea Garmendiak mikro-antzerkiak eskainiko dituzte Topic-en: Txilin Hotsak eta Con taras y a lo loco. Abenduaren 24an, Tolosako Musika Bandak Eguberritako kontzertua eskainiko du, 12:00etan, Alondegia plazan; iluntzean, gainera, egin ohi duen Gabon Gaueko kalejira eta kontzertuaren ordez, geldialdirik gabeko kalejira egingo du musika bandak, 19:30ean hasita. Abenduaren 31an, berriz, urte zahar egunean, geldiunerik gabeko kalejira egingo du.

Abenduaren 28an, Sun Magoak Houdini ikuskizuna eskainiko du, 18:00etan, Leidorren. Egun berean, Amaterra taldeak Eter kontzertua eskainiko du, 20:00etan, Topic-en. Abenduaren 29an, 18:30ean, Txotxongilo taldeak Itsasminez ikuskizun solidarioa eskainiko du Topic-en. 20:30ean, berriz, Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du Leidorren. Urtea amaitzeko, abenduaren 31n Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gabonetako kontzertu berezia eskainiko du, Leidorren, 12:00etan. Urtarrilaren 4an Kiliklon taldeak Gabonak Gabon emanaldia eskainiko du, 18:00etan, Leidorren. Urtarrilaren 7an Go!azen ikuskizunaren saio bikoitza egongo da Irurako Ikastolan, 12:30ean eta 16:00etan.

Leidorreko ekitaldietarako sarrerak Tickets.kutxabank.eus webgunean eskuratu daitezke; Topic-eko ikusikizunerako sarrerak, berriz, Topictolosa.com webgunean.

Bestalde, Topic-en eskutik, Musika Eskolako ikasleek online kontzertu solidarioa eskainiko dute aurten. Egoeragatik aurrez aurre egitea ezinezkoa denez, webgunean sarrera erosten dutenek kontzertuaren bideoa jasoko dute, eta lortzen den diru guztia Caritasentzat izango da.

Kirol jarduerak

Kirolei dagokionez, abenduaren 18an Paco Sanchez XXI. Igeriketa Memoriala jokatuko dute, 16:30ean hasita, Usabal kiroldegian. Abenduaren 20an eta 30ean eta urtarrilaren 3an Eskuz Binakako Pilota Txapelketako partidak jokatuko dituzte Beotibar pilotalekuan, 16:30ean hasita. Sarrerak frontoian bertan eskuratu ahal izango dira partida baino ordubete lehenago; bestela, Aspepelota.com edo Baikopilota.eus webguneetan.

Abenduaren 22an, Tolosako Kirol Gala egingo dute Leidorren, herriko kirolariei aitortza egiteko. Horrez gain, Gabonetako Shanti areto futbol txapelketa antolatu dute, abenduaren 27tik urtarrilaren 5era bitarte, Usabal kiroldegian. Urtarrilaren 9an, gimnasia erritmikoaren taldeak, Eguberrietako emanaldia eskainiko du, 12:00etan, Leidorren.

Amaitzeko, abenduaren 31rako Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatu duten elkartasun krosaren inguruan honakoa azaldu nahi izan dute udaletik: "Antolatzaileek frogarekin aurrera egitea erabaki dute, neurri gehigarriak hartuta, jende pilaketak ekiditeko eta parte hartzaileen eta antolatzaileen segurtasuna bermatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!