Koronabirusa

COVID ziurtagiria eskatuko dute Tolosako kultur eta kirol espazio itxietara sartzeko

Ataria 2021eko abenduaren 15a

Leidor aretora sartzeko ziurtagiria eskatuko dute.

Udalak esan du Leidor aretora, kultur etxera, liburutegira, musika eskolara, Usabal kiroldegira, Berazubiko kirol instalazioetara, Beotibar frontoira eta Uzturpeko kirol instalaziora sartzeko txertaketa ziurtagiria eskatuko dutela.

Tolosako Udalak esan du "kutsatzeak eragozteko bidean eta birusaren hedapena mugatzeko helburuarekin" COVID ziurtagiria beharko dela Tolosako hainbat eremu itxitara sartzeko. Gauzak horrela, datozen egunetan Tolosako kultur eta kirol espazioetara sartzeko txertaketa ziurtagiria eskatuko dute, gaur argitaratu duten dekretuari jarraituz.

Zehazki ondorengo eremuetan eskatutako dute: Leidor aretoan, kultur etxean, liburutegian, musika eskolan, Usabal kiroldegian, Berazubiko barneko kirol instalazioetan, Beotibar frontoian eta Uzturpeko kirol instalazioan, "guztiak barneko eremu itxiak direlako".

Zehaztapen gehiago eman ditu udalak: Leidorren egiten diren jarduera guztietan eskatuko dute ziurtagiria, baina kultur etxearen, liburutegiaren eta musika eskolaren kasuan ziurtagiria ekitaldietan eskatuko dute, "ekitaldi gisa ulertuta puntualki modu irekieran antolatzen diren kultur jarduerak: hitzaldiak, kontzertuak, antzerki emanaldiak...". Tokietara garaiz iristeko eta agiria aurretik prest izateko eskaera eta gomendioa egiten die udalak herritarrei. Ziurtagiririk ez duten eta kultur jardueretarako sarrerak erosiak dituzten herritarrei dirua itzuliko diete.

Kiroldegiko erabiltzaileei buruz ez du xehetasun gehiago eman eta esan du enpresa esleipendunarekin batera ari dela gaia aztertzen.

Ziurtagiria eskuratzeko aukera Inmakulada Ikastolan

COVID ziurtagiria eskuratzeko edota inprimatzeko zailtasunak dituztenek Inmakulada Ikastolan jasoko dute laguntza bihartik aurrera. Eraikin gorrira joan beharko dira, bertan ikasleak egongo dira laguntza eskaintzeko, 09:00etatik 13:00etara, eta abenduaren 23ra bitarte.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!