Akordeoiak badu etorkizuna eskualdean

Ataria 2021eko abenduaren 15a

Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleak bikain aritu dira Arrasateko Akordeoi Jaialdian; Bernat Aguirrek urrezko domina lortu du bakarlari kategorian, eta Ensemble kategorian ere urrezkoa lortu dute.

Beste urte batez, Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleek, Amaia Lizaso, Koldo Tarragona eta María Zubimendi irakasleen eskutik, Arrasateko Akordeoi Lehiaketan parte hartu dute. Amelia Elgarresta, Alaitz Azpiroz, Imanol Lopetegi, Ariane Sarasola, Naroa Arregi, Garazi Azpiroz, Nerea Aranburu, Garazi Ezkerra eta Laida Aldanondo bakarlari moduan aritu dira; Aldanondo, gainera, ganbara musika kategorian aritu da, Daniela Ceberiorekin eta Olaia Herrerorekin batera. Guztiak ere, "bikain" aritu direla nabarmendu dute irakasleek.

Bakarlarien mailan, Bernat Aguirrek urrezko domina lortu du. Bestetik, Ensemble taldeko kategorian, Aitor Arzalluzek, Irati Arruabarenak, Izaro Cuerdok, Naiara Oyanlucek, Bernat Aguirrek, Garazi Ezkerrak, Irati Lasak, Eneko Iruiñek, Maider Iraolak, Jon Kepa Tarragonak eta Unai Arruabarrenak urrezko domina eskuratu zuten; sariaz gain, amaiera ekitaldian jotzeko aukera izan zuten. Irakasleek, ikasleak zoriondu dituzte, lortutako emaitzengatik, eta etorriko diren lehiaketetarako lanean jarraituko dutela aurreratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!