Txakurrek lasai egoteko parke berriak izango dituzte Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 14a, 19:59

'Txakur eredugarria' programa sortu du Tolosako Udalak, pertsonen eta txakurren arteko elkarbizitza bermatu eta hobetzeko eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko

Txakurren jabe diren eta ez diren herritarren arteko elkarbizitza sustatzeko lanean ari da Tolosako Udala. Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak gogoratu duenez, «geroz eta txakur gehiago dago herrian, eta zenbaitetan, gatazkak edo gaizki ulertuak sortzen dira txakurren jabeen eta gainerako herritarren artean». Hori dela eta, urrian, Txakur Eredugarria programa jarri zuen abian udalak, eta orain txakurrentzako egokitutako bi eremu jarriko dituzte, «txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetu eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko».

Arkaute parkean (Larramendi auzoan) eta San Esteban auzoko parkean jarriko dituzte eremu itxi horiek. «Txakurrentzako eremuak soilik izango dira, eta bi eremuen funtzionamenduaren bilakaera aztertuko dugu, herriko puntu gehiagotan parke berriak jartzeko aukera baloratzeko. Proba modura funtzionatuko dute, etorkizunean auzo guztietara heltzea baita gure asmoa», esan du zinegotziak. Bihar hasiko dira bi parke hauek egokitzeko eta atontzeko lanak, eta hilabete amaierarako erabilgarri egotea aurreikusten du udalak.

Amantegik adierazi duenez, txakurrentzako parke berrien bidez, «animalientzat soilik izango diren espazioak» izango dira herrian, «beste eremu batzuk pertsonentzat» izan daitezen. «Arkaute parkean, adibidez, txakurrak solte, itxitako eremuan ibili ahalko dira, erdiguneko eremu berdeetan, aldiz, ez. Gune horiek pertsonentzat izango dira, herritarrek belarretan etzateko edota jolasteko aukera izan dezaten», azaldu du.

Urtearen erdialdera, txakurren jabe diren zenbait herritarrek, Zaunk! izeneko taldea osatu zuten. Sinadurak bildu eta udaletxean egindako eskaeraren ondoren heldu da udalaren erantzuna. «Txakurren aferari isunen bidez erantzutea baino eraginkorragoa da autokontrolaren bidez lan egitea. Beraiek arduratu behar dute euren betebeharrez. Positibotzat jotzen dugu gugana gerturatzea, eta elkarlanean jarraitzea espero dugu», adierazi du Amantegik.

Bizimodu egoki baterako

Elkarbizitza indartzeko helburuarekin eta arestian aipatutako herritarren eskaerei erantzunez eman zion hasiera udalak Txakur Eredugarria programari. Hiru fasetan banatu dute: lehenik, gizarteratze prozesu egoki bat aurrera eramateko, hitzaldiak eskaini zizkieten herritarrei; orain, txakurren jabeei zuzendutako ikastaroak burutzen ari dira, bizimodu egoki bat izateko helburuarekin; eta beranduago, parkez parkeko ibilaldiak edo paseoak egingo dituzte, ikastaroetan landutakoa praktikara eramateko.

Urriaz geroztik, txakurren jabeei zuzendutako heziketa saioak eskaintzen ari da Xabi Arrese txakur hezitzailea. «Jabeei euren txakurrak hezteko baliabideak ematen zaizkie, eta ibilaldi praktikoen bidez txakurrak modu egokian eramateko lanketa egiten dugu, paseo ohitura egokiak indartuz. Gainerako herritarren artean txakurren jarrera eta mugimenduak ulertzeko lanketa ere egiten dugu», azaldu du.

«Esperimentu berri bat»

Duela urte batzuk, Larramendi auzoaren atzealdean, txakurrentzako soilik izango zen eremu bat ezarri zuen udalak. «Gune handia da, baina ez da egokiena, oso malkarra delako», esan du zinegotziak. «Kontrolatzen ez duzun esparru batean ezin duzu txakurra solte utzi. Beti izan behar dituzu kontrolpean», gaineratu du. Oraingoa, beraz, «esperimentu berri bat» izango da udalarentzat.

Amaitzeko, herritarrentzat Tolosa «atseginagoa eta bizigarriagoa egiteko», udalak lanean diharduela esan du zinegotziak: «Hainbat esparrutan eragiten duten ekimenak martxan jartzen ari gara, herri txukun, atsegin eta erosoa eskaintzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!