Azken aldian bizi dugun egoera honek, eragina izan du aitona-amonen eta biloben arteko harremanean. Guri urte bat kosta zaigu haurrek aitona-amonekin zuten harremana, modu normalean berrartzea. Horrenbeste maite ditugun pertsonak arrisku taldean sartu zituzten unean erabaki genuen haurren zaintza guztiz gure gain hartzea, bikoteak lanean murrizketa hartu eta familia berrantolatu genuen aitona-amonak arriskuan ez jartzeko helburuarekin. Urte horretan, kalean egon gara beraiekin, besarkada eta muxuak neurtu behar izan ditugu, neurri batean gertutasuna galdu dugu. Ez da erraza izan inorentzat eta horren adierazle da aitak egun batean esan zidan esaldia: «Gure biloben bizitzako urte bat kendu digute». Elkarri begiratu genion, begiak bustirik, ez nion ezer erantzun, ez zegoen beharrik, begirada horretan ikusi bainituen, bere beldurrak, nahiak eta sentimenduak. Lehenago azaleratzen ausartu ez zena, bizi den bitartean, ukitu, maitatu, sentitu, nahi duena.
«Ez da erraza izan inorentzat eta horren adierazle da aitak egun batean esan zidan esaldia: «Gure biloben bizitzako urte bat kendu digute»
Eta orain, lanetik deitzen dut telefonoz, eta hor daude, aitona-amonak eserita, eta semea beraiei eskolak ematen, edo denda ireki eta hor ibiltzen ditu erosketak egiten gelditu gabe, ikastolako ordua iristen den arte. Nekatuta bukatzen dutela badakit, baina aldi berean ahoan irribarre batekin esaten diote elkarri agur, bizitako une horiek norberak altxor bat bezala gordetzen dituen bitartean.
Une horietan sortzen den loturak, transmisioak, maitasunak eragina izango du nire semeengan. Beraiengatik eta beraiei esker ere izango direlako eta direlako diren pertsonak. Ni ere, ez nintzelako naizena izango, amona Micaelaren nortasun indartsua ezagutu izan ez banu. Edo aitona Julianen maitasun mugaezina sentitu ez banu, oraindik azalean sentitzen ditut inuitek bezala sudurrarekin eman zizkidan muxu guztiak. Zer esanik ez amona Justaren magalean sentitzen nuen goxotasuna eta babesa, bere begietan ikusten nuen maitasuna. Gauza desatsegin asko bizi izan bazituzten ere, beraien aurpegiko zimurrek, bihotzeko zauriek eta esku zigortuek, ematen zituzten laztanik samurrenak. Orain beste esku batzuen bitartez nire semeek jasotzen dituzte antzeko laztanak, beste bizipen batzuekin, baino maitasun berarekin.