Abenduaren 31n, urte zahar egunean, kirola eta elkartasuna uztartzen dituen Tolosako Elkartasun Krosaren XXIV. edizioa jokatuko da. Iaz, ezarritako neurriak zirela eta, ekimen xume bat egin behar izan zuten, birtualki; hala ere, aurten, lehengo modura egitea erabaki dute. Urtero bezala, Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek antolatu dute lasterketa, Tolosako Udalaren laguntzarekin.
Urte batetik bestera, gehitzen joan izan da parte hartzaile kopurua, eta ondorioz, baita dortsal kopurua ere. 2019an, azken aldiz egin zenean, 1.300 lagunek hartu zuten parte. Aurten, 1.000 dortsal jarri dituzte salgai; horietatik 100, kadeteen kategoriarako gorde dituzte. Shanti Kirolak dendan eskuratu daitezke, gaurtik aurrera. Helduen izen emateak 8 euroko kostua du; kadeteek, berriz, 5 euro ordaindu behar dituzte. Dortsalak soberan geratuz gero, egunean bertan ere eman ahalko da izena, udaletxeko arkupeetan, 12 euro ordainduta.
Antolatzaileen eta udalaren ustez, litekeena da aurtengo edizioan korrikalari kopuruak behera egitea. «Krosaren ideia nagusia azpimarratuz, emaitzak bigarren mailako helburu izan beharko luke korrikalarientzat», gogoratu du Joxe Mari Villanueva kirol zinegotziak.
Egungo osasun egoera dela eta, Osasun Sailak ezarritako neurriak betez egingo da krosa, eta beraz, hainbat aldaketa izango dira aurtengo edizioan. Ibilbidea 2019ko edizioko berdina izango bada ere, 15:30ean hasiko da proba: Plaza Zaharretik irtengo dira korrikalariak, eta Solana kalean egongo da helmuga. «Ibilbidea amaitzen duten korrikalariak, Triangulo plazara bideratuko ditugu, bertan kokatuko baita oholtza, kultur etxearen aurrean. Aurten helmugan, korrikalariei ura bakarrik eskainiko zaie, eta ez da bestelako jakirik banatuko», azaldu dute antolatzaileek. Aurten, gainera, sarituak bakarrik igoko dira oholtzara, eta zozketako zenbaki saridunen zerrenda kultur etxeko paretan jarriko dute. «Zozkatuko diren sariak egunean bertan jaso beharko dira», gaineratu dute.
Musukoaren erabileraren inguruko argibideak ere eman dituzte antolatzaileek: «Proba hasi aurretik, korrikalariek uneoro jantzita eraman beharko dute, eta irteera eman ondoren bakarrik kendu ahal izango dute; helmugara iritsi bezain pronto berriz jantzi beharko dute». Proba ikustera gerturatuko direnei ere arduraz jokatzeko eskatu diete: «Aire librean egon arren, bi metroko distantzia gorde ezin denean, musukoa jantzita eramatea eskatzen da». Jende pilaketak ekiditeko, ikusleak ibilbidean zehar banatzeko ere eskatu dute.
Ikasleen lanari aitortza
Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ordezkariek azaldu dutenez, aurten ere Tolosako ikastetxe publikoko ikasleek elkarlanean diseinatutako eta egindako garaikurrak banatuko dizkiete Elkartasun Kroseko bigarren eta hirugarren sailkatuei. «Orixeko ikasleek diseinatu dituzte sariak, Tolosako Euskal Eskola Publikoaren irudia oinarri hartuta, eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu dituzte», adierazi dute. Dagoeneko klasiko bihurtu den sari bat ere banatuko dute: mozorro onenarena.
Kirolaren alde egindako lana aitortzen duen sari berezia, berriz, Maria Felisa Okomorentzat izango da aurten. Zenbait aldiz Euskal Herriko nahiz Espainiako Txapelketetan txapeldun izan eta marka ugari ezarri dituen pisu jaurtitzailea, Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ikasle izan zen.
Kultura berreskuratzeko
Aurten, Kokuyo elkartea laguntzearekin batera, Kolonbiako Guabas bailaran elikadura burujabea sustatzeko proiektura bideratuko da jasotako dirua. «Kolonbiako herri askotan kafearen ustiaketa da nagusi, baina erabateko menpekotasun egoera batean, merkatuaren diru jokoen menpe bizi baitira. Azken urteetan galdua zuten kultura berreskuratu nahi dute, hazien gordailuak sortzearekin batera».