Udalbatzak abenduaren 23ko osoko bilkuran onartuko du 2022ko aurrekontua. EH Bildu udal taldearen ustez, «azken urteetako zabalenak izanda ere», gobernuak mahai gainean jarri duen proposamena «ez da egokitzen gaur gaurkoz tolosarrek dituzten beharretara». Hiru ildo nagusietan oinarrituta, EH Bilduk herritarren ongizatea helburu duten hainbat hobekuntza aurkeztu dizkio aurrekontu proposamenari.
Koalizio abertzaleak bizi baldintza duinak bermatzera bideratuta, aurrekontuan 870.000 euro txertatzea proposatu du, «behar gehien duten herritarrak babestu eta bizi baldintzak hobetzeko». Ardatz honetan jaso dituzte bazterketa egoera larriei aurre egiteko plana, gizarte babeserako proiektuak, zaintza eta kontziliaziorako laguntzak, eta egoera txarrean dauden etxebizitzak merkaturatzeko udal plana.
- Ekin-Enea, bazterkeria egoera larriei aurre egiteko plana: 300.000 euro. Peñaskal kooperatibarekin elkarlanean 2021ean martxan jarri zen proiektua berriz abiatu, inor bazterkeria egoeran gera ez dadin.
- Gizarte babeserako proiektuak: 100.000 euro. Zutani elkarteari diru laguntza handitu, Tolosako norbanako eta familia zaurgarriei babesa modu egokian eman eta elikagai freskoen banaketa bermatzeko; Elikagaien xahuketa murrizteko proiektua; Hozkailu solidarioa.
- Zaintza eta kontziliazioa: 120.000 euro.
-
Zaintzagatik auto-konfinatzen diren herritarrei laguntzeko plana: 60.000 euro. Seme-alaben zaintzagatik soldata gabeko baimena eskatu dutenei zuzendutako laguntza.
-
Etxeko kontziliazioan laguntzeko plana: 60.000 euro. 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko zaintzailea kontratatu behar duten familientzako laguntza lerroa.
-
- Etxebizitza plana: 350.000 euro. Egoera txarrean dauden etxebizitzak udalaren esku utziko dituzte jabeek. Udalak hauek herriko gremioen bidez egokituko dituzte eta ostean udal etxebizitza parke publikoan txertatuko ditu. Obraren zenbatekoa amortizatu bitartean udalak alokairuan izango ditu, hauek gazteen esku uzten besteak beste.
EH Bilduren ustez, aurrekontuan 1.100.000 euro bideratu beharko lituzke udalak Tolosa «jasangarriagoa eta irisgarriagoa» egiteko. Tolosako herrigune zein auzoak jasangarri eta irisgarriagoak egiteko, auzo guztietan bertako bizilagunekin batera diagnosi prozesuak zabaltzea proposatu dute. «Aurten, San Esteban auzoa bizigarriagoa izateko premiazko lanak egin, Larramendiko Arkaute etxea auzotarrei zabaltzeko berritu eta Alde Zaharreko berrenoratze proiektuaz gain, ezinbestekoa da Trianguloko zorua berritzeko proiektua idatzi eta berau gauzatzen hastea, zaharkituta baitago eta herritar askok irisgarritasun arazoak dituztelako bertatik igarotzeko», esan dute EH Bilduko zinegotziek.
- Auzoetako hirigintza plana. Tolosako herrigune zein landa auzoetan diagnosi prozesuak zabaltzea auzotarren parte hartzearekin, auzoak hobetu, txukundu eta hornitzeko lehentasunak finkatuz. 2022an egin beharreko hainbat inbertsio:
- San Esteban: 500.000 euro. HAPOaren aldaketa partziala egiten den bitartean, auzoak premiazko berroneratze bat izan behar du, toki bizigarri, lasai eta seguruagoa izateko. Egoera txarrean dauden eraikin industrialak desjabetu, eraitsi eta berdeguneak zein bizilagunentzako bestelako espazioak osatu.
- Alde zaharra: 300.000 euro. Alde Zaharra berroneratzeko plangintza osatu behar da, hondamendi egoeran dauden eraikinak eraitsi eta bertan etxebizitzak egin edota orubeetan aisi guneak sortu.
- Larramendi auzoa, Arkaute Etxea: 100.000 euro. Teilatua konpondu ostean barnealdea txukuntzeko inbertsioa egitea, besteak beste, auzo elkarteak biltzeko gune bat izan dezan. Eraikina osotasunean zaharberritzeko proiektua egin.
- Trianguloa plaza: 200.000 euro. Trianguloa plazak, Tolosako Alde Zahar eta zabalkundearen lotuneak, lurzorua eraberritzeko premia du irisgarritasun egokia bermatzeko.
Tolosako garapen ekonomikoa bultzatzeko 550.000 euro gordetzeko proposamena ere luzatu du EH Bilduk. «Gertukoa balorean jartzea lehentasunezkoa da guretzat, bertan ekoiztutako produktuen kontsumoa eta tokiko merkataritza sustatuz». Horretarako azokarekin abiatutako bidea jarraituz, udalak beste pauso bat eman eta eskualdean urte luzez lanketan ari diren eragileekin batera, bertako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko azpiegiturak bermatzea proposatu du EH Bilduk. «Tolosak herri bizia izaten jarrai dezan tokiko ekoizpenean eta tokiko merkataritzan inbertitzea ezinbestekoa ikusten dugu», azaldu dute EH Bilduko zinegotziek.
- Lehen sektorea: Tolosaldeko eta Euskal Herriko elikagaien gunea: 500.000 euro. Bertako elikagaiak sustatu, kontsumo eredua eraldatu eta lehen sektorea indartzeko proiektu kooperatiboa. Elikagaien salmentaz harago, hauek eta hauen ekoizleak balorean jarri eta kontsumo jasangarria ardatz dituen ekimena bultzatu nahi da. Ekimen hau eskualdean lanketa hau egiten ari diren elkarteekin elkarlanean egin nahi da eta horretarako Tolosako udalak azpiegituretarako baliabideak jartzea proposatzen dugu.
- Merkatari, ostalari eta autonomoei %0 intereseko mikrokredituak: 50.000 euro.
- %0 intereseko mikrokredituak Ticket Bai ekimenak suposatuko dituen egokitzapenak gauzatzen laguntzeko. 5.000 euro arteko kredituak %0 interesean. Udalak bere egingo ditu finantza-gastuak.
- Saltokien digitalizaziorako aholkularitza emango da indar berezia jarriz Ticket Bai ekimenera egokitzeko.
Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenarekin urteetan atzeratuta egon diren hainbat proiektu aurrera eramango direla aitortu du EH Bilduk, baina haien ustetan, «ezinbestekoa» da aurrekontuan jasotzen ez diren hainbat beharrei lehentasunezko irtenbidea ematea.