Tolosatzeneko hitzordu berriak abenduaren 16tik aurrera

Ataria 2021ko abe. 10a, 13:34

Tolosatzen ekimeneko saio ireki bat.

Apirilera bitarteko ikastaro eta tailerren berri eman du Tolosako Udalak. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiari buruzko ikastaroa, zuzenean haur eta nerabeekin lan egiten duten eragileei zuzenduta dago eta gainerako ekintza guztiak herritar guztiei irekita daude, eta denak doan dira.

 

Tolosako Udalak herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazitako Tolosatzen Eskola Irekia proiektuak hitzordu berriak ditu. Lehen ekitaldiak abenduaren 16an izango dira eta apirilera arte luzatuko dira.

Gazteak eta sare sozialak
Horiek horrela, abenduaren 16an eta 23an, goizez eta arratsaldez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren (IKT) erabilera arduratsuari buruzko ikastaroa egingo dute. Gazteekin lan egiten duten eragileei zuzendutakoa da eta Hazkunde erakundeak eskainiko du. IKT-en erabilera eta ondorioak landuko dituzte eta, besteak beste, bideo jokoen eta sare sozialen abantailak eta arriskuak aztertuko dituzte, eta horien erabilerara bideratutako autobabeserako jarraibideak ikasi ahalko dira. Mundu errealeko eta birtualeko jarrerak aztertuko dituzte parte hartzaileek, eta IKT-en eremuan indarkeria sexistak duen presentzia ere jorratuko dute. Parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea, eta horretarako gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi behar da. Dena den goizeko saioetarako ez dela lekurik geratzen esan du udalak.

 

Treba Gurasoak
Treba Gurasoak ekimena izango da ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren proiektu bat da eta interesa duen edonor hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tolosako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailarekin batera, bi hitzaldi eta tailer bat eskainiko ditu. Haurrak, nerabeak eta Internet: ohiturak, arriskuak eta erabilerak hitzaldia Raquel Gamito adituak eskainiko du  abenduaren 20an, 17:30ean, Topic-en, eta Substantzien kontsumoa. Zer egin dezake familiak? hitzaldia Estibaliz Ansotegik emango du urtarrilaren 12an, 18:00etan, Topic-en. Era berean, Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean tailerra eskainiko dute ere. Donna Apellaniz adituak emango du martxoaren 16an eta 23an, 17:00etatik 20:00etara, kultur etxean. Treba Gurasoak proiektuarekin amaitzeko, hilaren 25ean Jaume Funes aditua izango da Tolosan. Topic-en eskainiko du hitzaldia eta hainbat gairen inguruan hausnarketa egingo duela esan du udalak. "Nerabeengan fokua jarrita, diskurtso positibo, motibagarri eta eraikitzaile batekin, etengabeko ikasketa prozesu indibiduala eta kolektiboa, aldaketara bideratutako bizitza eta bide horretan komunitateak duen papera eta garrantzia, aldaketen kudeaketa, elkarbizitza, emozioak… landuko ditu". Urtarrilaren 26an herriko nerabe talde batekin solasean ariko da, beraien egunerokoan dituzten beharrak, kezkak eta bizipenen inguruko entzute saio batean.

Arlo emozionala
Arlo emozionalera bideratutako bi tailer egingo dituzte ere, iaz egindako Emozioen Gimnasioa lanketaren jarraipen gisa. Konpetentzia sozioemozionalei buruzko tailerra otsaila eta martxoa bitartean  egingo dute, Herrikide ikastetxeko Txaro Etxeberriak eta Peio Agirrezabalek gidatuko dute, eta konpetentzia sozioemozionalen aurkezpenaz gain, neurozientzia eta garunaren funtzionamendua, konpententzia interpertsonalak, giza abileziak eta gatazka egoerak landuko dituzte.

Apiriletik aurrera berriz, gatazken kudeaketarako giza abileziak lantzeko tailerra egingo dute. Eralda Zerbitzuak-ek eskainiko du eta gatazkak eraldatu eta konpontzeko paradigma aldaketa aztertuko dute. Komunikazioa, enpatia, entzute aktiboa eta asertibitatea bezalako kontzeptuak landuko dituzte.

Otsailaren 20an zaintza lanak izango dituzte hizpide. Saioa Garmendia adituak hitzaldia eskainiko du kultur etxean. Era berean, zaintza lanetan aritzen diren herritarrei bideratutako tailerrak ere egingo dituzte martxotik aurrera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!