Munduko Kopako lehen proba 46. postuan amaitu du Rojok

Ataria 2021eko abenduaren 8a

Norvegiako proban parte hartu du iraupen eskiatzaile tolosarrak; Joko Olinpikoetara sailkatzea du helburu

Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrak 46. postuan amaitu zuen larunbatean Norvegiako Lillehammer herrian ospatutako Munduko Kopako proba. Rojok 34 minutu eta 29 segundoko denbora behar izan zuen skating estiloan, 15 kilometroko proba amaitzeko. Norvegiarrak izan ziren nagusi larunbateko lasterketan eta lehen hiru postuak eskuratu zituzten. Helmugan Simen Hegstad Krueger irabazleak baino bi minutu eta bi segundo gehiago behar izan zituen tolosarrak.

Munduko Kopako lehen proba izan da Lillehammer herrian ospatutakoa eta Alpino-Uzturreko eskiatzaileak hurrengo probetan parte hartzeko asmoa du, Pekingo Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortzeko. Horretarako Munduko Kopako sailkapenean lehen 120 postuetan egon beharko du. Urtarrilean jakinaraziko dute behin betiko erabakia eta bien bitartean proba gehiatoan parte hartuko du Rojok.

Aurreko denboraldian, 18. eta 19. postuetan sailkatu zen eskiatzaile tolosarra munduko rankingean eta 2022ko Pekinerako txartela lortuko balu, hirugarren aldia izango luke Joko Olinpikoetan; aurreko bi txandatan Errusian eta Hego Koreako Joko Olinpikoetan aritu izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!