Hasitako bidea sendotzen doaz

Imanol Garcia Landa 2021ko abe. 8a, 19:59

Tolosa Eskubaloia senior taldeko jokalariak eta klubeko ordezkariak.

Senior mailako nesken Tolosa Eskubaloia taldea bigarren denboraldian murgilduta dago. Zazpi jardunaldi jokatuta, laugarren postuan daude, bigarrenarekin puntuetara berdinduta. 

Tolosa CF klubeko eskubaloiko arloan emakumezkoen senior taldea jarri zen martxan aurreko denboraldian, eta bigarren honetan proiektua sendotzen doa. «Gure helburua beti izan da nesken taldeen eskailera bat sortzea gazteetatik helduetaraino», esan du Nerea Esnaola taldeko kapitainak. «Jubeniletaraino lortu genuen, baina gero nahiko zaildu zitzaigun senior mailako taldea lortzea, ez genituelako 18 urtez gorako nahiko jokalari». Aurreko denboraldian sortu zen aukera hori, bai Tolosatik bertatik prest zeudenekin, zein Leitzaran taldetik iritsitako bi jokalari eta Lasartetik etorritako beste batekin. «Aurreko denboraldian ondo joan zenez, denboraldi honetan taldea mantentzea lortu dugu».

Hamabi jokalari daude egun taldean, hau da, gutxienekoa parte hartu ahal izateko. Kanpotik etorritako hiru jokalariak joan egin dira eta beste hiru ekarri dituzte. Jubenilen laguntza ere izaten ari dira, bai entrenamenduetarako eta baita partidetarako ere. «Senior taldeetan hori gertatzen da», esan du Esnaolak. «Asmoa da senior mailako jokalari asko izatea eta taldea osatzeko jubenilen taldeetara jotzea. Nesketan zein mutiletan gertatzen da hori». 

Une honetan emakumezko hiru talde daude klubean: kadeteak, jubenilak eta seniorrak. «Infantilen taldea falta zaigu, aurreko urteetan izan duguna. Jokalariek urteak egin ahala mailaz igotzen joaten dira, eta aurten ez dugu infantil neskarik. Datorren urtera begira hori da gure helburu nagusietako bat», azaldu du Esnaolak. 

Nesken artean eskubaloia ez da lehen aukera izaten; «beste kirolekin alderatuta ez gara agian hainbeste nabarmentzen, ez behintzat futbola edo Tolosan arrauna nabarmentzen diren bezala», esan du kapitainak. «Tolosan kirol aukera asko dago eta horrek gehiago zailtzen du aukeraketa». Aitor Garcia taldeko entrenatzaileak eta mutilen lehen taldeko jokalariak gaineratu duenez, «mutiletan ere antzeko zerbait gertatzen da. Klubean badaude ideiak eskubaloia jende gehiagorengana iristeko. Saskibaloian, adibidez, udan eta Eguberrietan campusak egin ohi dituzte, eta aukera ona izan daiteke horrelakoak antolatzea haur gehiago erakartzeko».

Zentzu horretan, eskubaloian eskola dute martxan, infantiletik beherako haurrentzat. «Ostiraletan egiten da, eta egia esan jende asko etortzen da, eta gehienbat neskak dira», esan du Esnaolak. «Orain ari dira euren artean partidak jokatzen, eta poza ematen du neskak ikusteak. Esperantza pixka bat ematen du eta horrek erakusten du gauzak aldatzen ari direla». Hori horrela, espero dute datozen urteetan nesken infantil taldea osatuko dela. 

Sailkapenean gora begira
Gipuzkoako lehen mailan dago senior taldea, hau da, maila oinarrizkoenean. Aurreko denboraldian Garcia bigarren entrenatzaile izan zen, eta ez zela erraza izan azaldu du: «Talde berri bat zen, eta askok ez zuten inoiz elkarrekin jokatu. Azkenean, lehen urtea izateko nahiko ondo aritu ginen, eta sentsazioak oso onak izan ziren». Esnaolak gaineratu duenez, «oso talde gaztea ginen, eta aurkarien artean adin guztietako jokalariak zeuden, eta hori ere beste erronka bat izan zen». 
Denboraldi honetan ere taldeak oso gaztea izaten jarraitzen du, 18 eta 20 urte arteko jokalariak baitaude. Zazpi jardunaldi jokatu dituzte, eta une honetan laugarren daude sailkapenean, puntuetan bigarrenarekin berdinduta.

Kontuan hartu behar da gainera Eibarko taldearen aurka jokatu behar zuten zortzigarren jardunaldiko partida atzeratu dela. «Oraingoz oso ondo hasi gara», esan du Garciak. «Partida bat bakarrik galdu dugu eta beste guztiak irabazi egin ditugu. Ez genuen espero horrelako hasiera izatea, hain talde gazte batekin ez delako erraza horrelako maila batean lehiatzea». 

Izandako hasiera ikusita, helburua lehen postuetan geratzea dela gaineratu du entrenatzaileak. Esnaolak dioenez ere, ez zuen espero horrelako hasiera izatea. «Talde gaztea izanik batzuetan ez dugu partida nahi bezala kudeatzen. Ez dugu nahi dugun bidetik eramaten, baina oraingoz emaitza onak lortu ditugu».

Orain etorriko dira partida erabakigarriak, beraien aurretik sailkapenean dauden hiru taldeen aurka jokatuko dutelako. «Gure maila ematen jarraitzen badugu, eta beste pauso bat emateko aukera badugu, lehen postuetan mantentzeko aukera izango dugu», esan du Esnaolak. «Egiten ari garen lanarekin, eta pixka bat hobetuz, uste dut helburua lortu dezakegula. Kantxa barrutik, jokalariak harro gaude egiten ari garenaz, lortzen ari garenaz, eta egiten ari garen lanak bere fruitua izaten ari dela ikusten dugu». 

Hamahiru talde daude ligan, eta lehenengo postuan sailkatzen denak lortzen du goiko mailara, Euskal Ligara, igotzea. Taldearen helburu zehatza ez da lehen postu hori lortzea, baina bai goiko postuetan egotea. «Sinetsi  behar dugu lehen postuetan egoteko aukera dugula, eta horren bila egingo dugu lan», esan du Garciak. «Behintzat saiatu nahi dugu azken jardunaldietara lehen postu horietan iristen, eta gero ikusiko dugu aurreneko postu hori lortzeko aukerekin egon gaitezkeen». Esnaolak gaineratu duenez, motibatu egiten die goiko postuetan egoteko helburu hori izateak, eta gainera, liga nahiko parekatua dela dio: «Horrek ere tentsioan mantentzen zaitu. Ezin diozu zure aurretik doazenei bakarrik begiratu, atzetik datozen taldeei irabaztea ez da erraza izaten».

Bigarren denboraldia
Taldean asko nabaritu dute bigarren denboraldia dutela elkarrekin jokatzen, nahiz eta jokalari berri batzuk iritsi. «Jokatzeko moduan asko ikusten da hori», esan du Garciak. «Jokoaren hainbat egoera aurrera eramaterakoan nabaritzen da hori. Talde zailagoen aurkako partidak etorriko dira orain, eta hor ere erakutsi behar dugu emandako aurrerapauso hori». Aurreko denboraldian ez zekitela zer aurkari topatuko zituzten eta denak jubeniletatik igo berritan, kolpe hori jaso behar izan zutela esan du Esnaolak. «Aurten, Aitorrek dioen moduan, gure artean gehiago ezagutzeaz gain, liga bera ere hobeto ezagutzen genuen, eta bagenekien zer esperoko genuen talde bakoitzaren aurka jokatzean».
Aurrera begira, Tolosa Eskubaloiko emakumezkoen senior taldea itxaropentsu dago. Ligari begira, goiko postuetan mantentzea dute helburu, eta proiektu bezala, senior taldea bidea urratzen ari da, atzetik datozenentzat erreferente izanez. Klubetik oinarrizko mailak sendotu nahi dituzte, gorako mailak elikatzen joan eta nesken eskubaloiak urte askoz eskualdean bere erreferentzia izan dezan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!