'Tempus fugit'

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2021eko abenduaren 12a

Denbora badoa, ihes. Zenbat aldiz izaten dugu sentsazio hori? Zenbat kantaren inspirazio iturri izan ote da? Denborak beti duelako aditz hori atzetik josia, joanarena. Hain da poetikoa, eta aldi berean ernegarria… Badirudi gure kontroletik at dagoen dimentsio bat dela, grabitatea bezala. Eta halaxe bizi gara jendarte moderno honetan, presaka, hatz artetik irristatzen zaizkigun segundoen atzetik korrika, egunak behar beste ordu ez dituen sentsazioarekin. Egin behar duguna egiteko justukoa, egin nahi duguna egiteko nahikoa ez…

Baina hizkuntzak baditu bitxikeriak. Esaten da hizkuntza batek herri baten mundu ikuskera islatzen duela, horren arabera sortua delako. Eta euskarak badu beste hitz bat denbora deskribatzeko, latinetik jasotako tempora honekiko alde nabarmena duena: astia.

Astia ez da inoiz joaten; izan egiten da, ukan. Baduzu, edo ez. Ez dago mugimenduan, eta ez doa inora. Baina hori baino are garrantzitsuago, hartu egiten dira. Eta hor, hizkuntzak ahaldundu egiten gaitu, gure kontroletik at, hatz artetik irristan zihoan denbora hari heldu eta astia hartzeko. Bai, gaur hartuko dut tarte bat irakurtzeko… Bai, badut astia zurekin kafetxo bat hartzeko…

 

Eta hor, hizkuntzak ahaldundu egiten gaitu, gure kontroletik at, hatz artetik irristan zihoan denbora hari heldu eta astia hartzeko.



Jabekuntzarena eta ahalduntzearena pil-pilean ditugun garaiotan, dimentsio honi ere neurria hartu behar diogu. Denborari ihes egiteko ahalmena kendu, eta gu geu egin astiaren jabe, nahi dugun moduan eta nahi dugunarekin erabiltzeko. Ni neu jabekuntza prozesu horretan murgildu naiz, eta horregatik, hauxe izango da Atarian idatziko dudan azken gogoeta, momentuz. Nork daki, agian, aurrerago, hartuko dut berriz ere astia honetarako… Bitartean, ondo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!