ELKARRIZKETA

«Guk ez dugu ezer asmatu, baina soinua freskoa iruditzen zaigu»

Laida Dominguez eta Xabier Valverde. ENERITZ MAIZ

Laida Dominguez, Maitane Ezpeleta, Xabier Valverde eta Iñaki Letamendia laukote tolosarrak Amaterra izeneko taldea sortu du. Eter izeneko diskoa grabatu dute, eta hilaren 28an Tolosako Topic zentroan eskainiko duten kontzertuarekin emango dira ezagutzera. Zuzeneko kontzertuak eskaintzen hasteko gogoz daude.

Hasteko, nortzuk osatu duzue Amateurra taldea?

Laida Dominguez: Lau kide gara. Bi gitarra, perkusioa eta ahotsa. Gitarrak Maitane Ezpeletak eta Xabier Valverdek jotzen dituzte, eta perkusioa Iñaki Letamendiak. Ni naiz ahotsa, hau da, abesten duena.

Eta nolatan elkartu zarete laurok?

Xabier Valverde: Aspaldiko ideia baten jarraipena da hau. Gehienbat inguruko jendea bilatu genuen Amaterra sortzeko. Proiektua artistikoa da, eta artistiko horren barruan dagoen puntu bat da musika. Beti pentsatu izan dut Tolosaldean, eta batez ere, Tolosan gauden musikariak elkartzea zerbait egiteko. Horregatik Iñakirekin kontaktatu nuen, eta baita Tolosan bizi den Maitanerekin ere. Denboran zehar kantutxo batzuk bildu genituen, eta ahots baten atzetik ibili ginen. Azkenik, Laidarekin egin genuen topo, eta nik uste dut altxorra aurkitu dugula.



Eta noiz hasi zineten elkartzen edota noiz hasi zen proiektua forma hartzen?

Valverde: Lehenengo ideia 2019an izan zen, eta muntatu genuen kontzertutxo baten harira sortu zen istorio guztia. Kontzertua oso ondo atera zen, eta ideia hortxe geratu zen. Denborak aurrera egin ahala zerbait serioa egitea pentsatu genuen. Orduan Laida ez zegoen gurekin, baina bai Iñakiren eta baita Maitaneren ekimenaren bidez, zerbait serioagoa egiten saiatu ginen. Iaz uda partean Laidarekin egin genuen topo, eta ideia komentatu genion. Eta bikain egiten du bat proiektuarekin.

 

Xabier Valverde: «Nik badakit zergatik idatzi dudan, baina mezua librea eta irekia egotea nahi dut»



Laida Dominguez ezagutu behar izan duzue, beraz.

Valverde: Bai eta ez. Muntatu genuen lehenengo kontzertu hartan Iñakik eta Maitanek ere ez zuten elkar ezagutzen. Nik ezagutzen nituen, baina ez genuen elkarrekin inoiz jo. Elkarrekin entseatu gabe eta elkar ezagutu gabe muntatu genuen kontzertua. Iñakirekin eta Maitanerekin banaka elkartu nintzen, eta kontzertura ilusioz beteta atera ginen. Egia esan oso ondo atera zen. Ikusi genuen kimika asko zegoela, eta interpretazio aldetik ere sentsibilitate asko zegoela. Ez da bakarrik jotzea, baizik eta interpretatzea, eta orduan esan nien beraiekin aurrera egingo nuela. Lehen kontzerturako beste abeslari bat izan genuen, eta denborarekin benetan bat egingo zuen norbaiten bila hasi ginen. Esan dudan moduan, altxorra aurkitu genuen.

Eta nola aurkitu zenuten bada?

Dominguez: Udaran, abuztuan, deitu ninduten. Xabik deitu zidan Youtuben neukan bideo bat ikusi zuela esanez. Batxilergoko filosofiako gauza baterako egin nuen bideo bat zen. Errefuxiatuei buruz nik egindako kantu bat da. Gustatu egin zitzaion, eta deitu egin zidan. Irailean gelditu ginen pixka bat kontaktatzen hasteko. Musika jotzen hasi, eta ea bat egiten ote genuen edo ez ikusteko. Eta egia esanda dena aurrera joan da, eta oso pozik nago.

Orduan, gustatu zitzaizun gonbidapena.

Dominguez: Bai, bai. Asko. Eta gainera askatasun asko daukadala ikusten dut, eta hori asko gustatzen zait.

Lau kideko taldea. Bakoitzak zer ematen dio Amaterrari edo zein pisu duzue taldean?

Dominguez: Nik uste dut bere xarma duela, eta denok ematen diogula taldeari. Egia da Xabik kantak konposatzen dituela, musika zein letrak. Gero nirekin elkartzen da, eta pixka bat osatzen dugu. Maitanek gitarraren aldetik bere lana jartzen du, eta Iñakik beste aldetik perkusioa.

 

Laida Dominguez: «Ideia finkoekin joan ginen, baina pare bat kantu oso erradikalak izan dira»



Musika eta letrak, beraz, zureak dira Xabier.

Valverde: Orain artean kanta guztiak nik egin ditut. Bai musika eta bai hitzak. Gehienbat konfinamendu garaian, imajinatu dezakezue zenbat denbora eduki dugun gurekin egoteko, geure buruarekin eta gure gauzak ateratzeko eta azaleratzeko. Laidak asko laguntzen dit melodiak-eta gehienbat bere terrenora, bere estilora eramaten. Gero Maitanek asko laguntzen dit musikalki; bera benetako maisua da. Eta Iñaki oso perkusionista ona da, eta aldi berean pertsona oso-oso positiboa da. Dena aurrera, eta coach autentiko bat da. Berak ematen digun laguntza izugarria da. Uste dut hor oreka oso polit bat dagoela. Urtebete daramagu eta ez dugu inongo arazorik izan, eta horrek asko pozten nau.



Poesiarik intimoena diozue letrei dagokionean. Zer esan nahi duzue?

Valverde: Binomio bezalako bat dago hor. Poesia, poeta, nola deitu zeure buruari, poeta, ezta? Aldi berean, beti gustatzen zait mezuek zer edozer pentsaraztea. Nik badakit zergatik idatzi ditudan gauza horiek, baina mezua librea eta irekia egotea nahi dut. Horregatik pentsatzen dut poesia dela. Pentsarazten dizun edozer gauzak, halako konnotazio bat duelako. Intimoena zergatik? Nire barrutik atera delako. Asko, gehienak, nire barruko kezkak dira, dudak, sentimenduak... Gertatzen dena da hauek kantatzeko ulertu eta sentitu egin behar direla. Horregatik, Laidak benetako sentsibilitatea du, bai ahotsean eta baita interpretazioan ere. Kanta bat entzuten duzun momentuan, Laidak bere ahotsarekin harrapatzen zaituela iruditzen zait. Eta mezuaz zer esan, niretzat oso intimoak eta pertsonalak dira. Entzuten dituenak berak aterako ditu atera beharreko ondorioak.

Laida, zuri dagokizu abestea. Zuk zer esango zenuke letra horien gainean?

Dominguez: Azkenean bakoitzak bere interpretazioa dauka, eta ni saiatzen naiz nirea zabaltzen, baina azkenean bakoitzak berea ematen dio.

Musika berriz, pertsonala. Zein estilotako taldea zareten esaterik bai, edo zaila da definitzen?

Valverde: Gaur egun asko gustatzen zaigu dena definitutakotik hedatzea. Tratamendu klasiko folklorikoa du, perkusioa dago eta ez dago bateria bat; gitarra klasikoak daude, gitarra akustikoak, ahotsa, eta ez da ezer arrarorik egituratu, eta instrumentu tradizionalak dira. Tratamendu tradizionala dauka. Soinu berezi bat du, klasikoa, baina irekia. Ahotsa sakona da, eta koruetan lan asko dago, eta uste dut soinu nahiko berria dela. Oso freskoa dela iruditzen zait. Baten batentzat aspergarria izango da, beste batek esango du hau eginda dago; guk ez dugu ezer asmatu, baina soinua freskoa iruditzen zait.

Taldea lurrarekin birkonektatu eta loturak sendotzeko beharrak bultzatuta izan da sortua, eta abestiek natura dute hizpide. Pisu handia du gaiak zuengan?

Valverde: Niretzako bai. Gehienbat iazko urteari begira, gure inguruan zer ari garen sortzen eta eragiten. Hausnarketa sakon bat egin dugu, eta taldean ere azaleratu behar direla kezka horiek pentsatzen dugu. Ama lurrarekin ari garena egiten era batera edo bestera jendeari esaten saiatu behar dugu. Jende askok lan asko egin du horren inguruan, baina guk horretarako musika aprobetxatu dugu. Eta letra batzuek badute konnotazio zuzena horrekin. Pachamama kanta adibidez; gure ama lurraren taupada bat bezala konposatuta dago, eta beste asko ere bai, Lurra ez da jabego bat.

Dominguez: Bai, hori da. Azkenean poliki-poliki ari gara ama lurrari laguntzen. Oraindik lan asko egin behar da, eta guk ekarpenen bat egin badezakegu gure musikarekin, bada egingo dugu.

Zergatik Amaterra izena taldeari?

Dominguez: Hortik dator. Guretzako ama lurra oso garrantzitsua da. Xabik esan duen bezala, hainbat kantek zuzenean horretaz hitz egiten dute, eta azkenean Amaterra hortik dator.

Diskoari, berriz, 'Eter' izena jarri diozue.

Valverde: Garai batean pentsatu zuten lau elementuak bateratzen zituen bosgarren elementua zela. Urteak pasata, zientziaren arabera esan zuten ez zegoela bosgarren elementurik. Gauzak pixka bat metafisikaren aldetik doaz. Nik horri buruz dezente irakurtzen dut, eta iruditu zitzaidan oso aproposa zela ikusteko musika erabili dezakegula eterra bezala. Bai gu, gure ingurunea, ama lurra,... «Musika bilakatu da eter» esaten dugu, eta «eterra da musika» izango litzateke.

Taldea elkartu, abestiak sortu, entseguak, diskoa grabatu... Nolakoa izan da esperientzia?

Dominguez: Niretzat oso berria. Ez nuen inoiz grabatu ezer, eta asko gustatu zait. Gainera, ideia finkoekin joan ginen, baina badaude pare bat kantu oso erradikalak izan direnak. Uste genuen beste ideia batekin eta beste kanta batekin aterako ginela, eta izugarria izan da.

Harrapatu zaitu, beraz, diskoa grabatzeko lanak?

Dominguez: Bai. bai.

Valverde: Josu Erbitiren estudiora joan ginen Iruñera. Aspalditik ezagutzen nuen, eta banekien pertsona berezia zela guk nahi genuena grabatzeko. Segituan ulertu zuen zerbait berezia zela, eta berak ere aukera zuela ekarpen berezia egiteko. Oso erraza izan zen. Astebete egon ginen egunero hamar ordu sartuz. Oso naturalki atera ziren ia guztiak, eta ontzat eman ziren. Ideia guztiak politak ziren, eta esperientzia ikaragarria izan zen.

Lan asko eskatu dizue disko hori prestatzeak?

Valverde: Grabaketa esan bezala, astebeteko lana izan zen, gero dator edizioa eta nahasketa, eta horrek denbora gehiago eskatzen du. Prestakuntza hilabeteko lana izan zen, uztaileko lana, baina lehenago ere lana badago. Azken batean ez dakizu noiz hasi eta noiz bukatzen duzun, sorkuntzak hori du. Etengabeko lana da.

Laguntzarik izan duzue?

Dominguez: Gu laurok izan gara. Bestalde, egia da Josuk [Erbiti] asko lagundu digula. Gu ideia irekiekin joan ginen, eta berak ekarpenak egin ditu.

Valverde: Kolaborazio pare bat daude diskoan. Klarinetearekin, Alvaro Iborra nafarra. Izugarria da, eta oso lan polita egin zuen. Xabi Zeberioren laguntza ere izan dugu. Berak grabatu ditu harien zuzenketa batzuk, eta izugarri lan polita egin du bi kantutan. Oso entzungarria geratu da niretzako. Eta beste kantu batean Miren Valverdek errezitatu du poesia.

Inguruko jendeak zer esan dizue?

Dominguez: Momentuz gustatzen ari da, bai, asko.

Zuzeneko baten ostean sortutako taldea zarete. Amaterra moduan izan duzue zuzenean kontzerturik eskaintzeko aukerarik?

Dominguez: Bai. Diskoa grabatu baino lehen zuzenean jotzeko kontzertu bat izan genuen Villabonan. Kontzertu txiki bat, baina egia da laurok inoiz ez genuela zuzenean jo. Oso ondo atera zen, eta asko gustatu zitzaigun. Gogo handiarekin gaude gehiago egiteko.

Valverde: Duela aste batzuk Box.A egoitzan aurkezpen txiki bat egin genuen. Lagunen arteko zerbait izan zen zer ari garen egiten erakusteko. Entsegu serio bat izateko aprobetxatu genuen, eta geure buruak jendearen aurrean probatzeko, eta, bide batez, jendeak gu entzuteko. Arrakasta pertsonala izan zen niretzat.

Aurrera begira zein asmo ditu Amaterra taldeak?

Valverde: Digitalki plataforma ezberdinetan entzun daiteke, baina diskoaren argitalpen fisikoaren zain gaude. Egun gutxi barru edukitzea espero dugu. Tolosan egingo dugu aurkezpen ofiziala urte bukaeran, hau da, abenduaren 28an. Udalarekin hitz egin dugu, eta Topic-en izango da. Leku berezia eta leku aproposa horrelako musika gustura entzuteko, eta data bereziak ere badira. Urte osoko lana pixka bat borobiltzeko izango da aurkezpen ofiziala eta kontzertua. Hortik aurrera, datorren urtera begira hasiko gara mugitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!