Gurpilen gainean nagusi, Quintana eta Peula

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 7a, 07:58

VI. Irristaka Indoor Saria jokatu zen igandean Tolosako Usabal kiroldegian; antolatzaileak «gustura» agertu dira aurtengoarekin.

VI. Irristaka Indoor Saria jokatu zen, igandean, Tolosako Usabal kiroldegian. Emakumezkoen mailan Aura Quintanak eta gizonezkoetan Patxi Peulak lortu zuten garaipena, eta erreleboen proban, Irristaka taldea nagusitu zen.

51 lasterkari zeuden izena emanda, eta azken unean bi-hiru baja baino ez zituzten izan. 16 urtez gorako emakumezkoen proban, lehen postua, espero bezala, Marianistas taldeko Aura Quintanarentzat izan zen. Aurtengo Behobiako garailea da, eta Berlingo maratoiko hirugarren postuaren jabe da. Bigarren sailkatua Sakanako Maddi Goia izan zen, eta hirugarren postua etxeko Irristika taldeko Marta Garciak eskuratu zuen.

16 urtez gorakoen gizonezkoen proban ere ez zen ezustekorik izan. Lehen postua Patxi Peula Marianistas taldeko patinatzaileak lortu zuen. Peularen atzetik, eta bigarren postuan, Aitor Vacas Irristaka taldeko kirolaria sailkatu zen, eta hirugarren Marianistas taldeko Iker Mujika sailkatu zen.

Errelebo proban, berriz, Irristaka taldea izan zen lehen postua lortu zuena. Atzetik, Marianistas sailkatu zen eta hirugarren postua Sakanarentzat izan zen.

Izen handiko patinatzaileak izan ziren Tolosan, eta «ikuskizuna eman zuten, eta plazer bat izan zen maila horretako patinatzaileak gure pistan bertatik bertara ikusi ahal izatea». «Bazekiten zenekin jokatzen zuten», gaineratu du Beñat Azurmendik. «Bultzada eta indarra ematen diote gure probari», zehatu dute Irristakatik. Baina hori ez dute helburu, baizik eta, gazteei aukerak ematea nahi dute proba antolatuta, eta era berean, herritarrei gerturatu nahi diete.

GIRO «ATSEGINA ETA POLITA»

Irristaka Indoor Sariaren antolatzaileak «gustura» daude. Azken aldian baldintzak-eta arraroak izaten ari direla kontuan izanda, eta zubi bat tarteko egonik, «espero baino jende gehiago etorri zen», adierazi du Azurmendik. Giro «atsegina eta polita» izan zuten indoor sarian, eta «lan taldeak oso ondo funtzionatu zuen». «Nahikoa boluntario elkartu ginen, eta txukun egin genuen lana», azaldu du Azurmendik. Bukatzeko, parekidetasunean jarri du azpimarra, eta kirol parekideenetako bat dela esan du, ia bi probetan kirolari kopuru berdintsuek parte hartzen dutelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!