Elkarrizketa

«Tolosari buruz jakin beharrekoak gogoan iltzatzea da helburu bat»

Irati Saizar Artola 2021ko abe. 7a, 11:59
Argazkilaria: Rebeka P. Ruiz

Hitz jokoak osatuz denbora pasatzeko aukera eskaintzen du Laukiz lauki Tolosan barrena liburuxkak. Iñaki Agirresarobe Igiñiz egilea urte asko daramatza sormen lan horretan, besteak beste, euskal hedabideetako hitz jokoak sortzen. 

Euskarazko denbora-pasen liburuxka bat kaleratuko du Tolosako Udalak aste honetan: Laukiz lauki Tolosan barrena. Liburuxkako hitz jokoen sortzailea da Iñaki Agirresarobe Igiñiz (Irun, 1962).

Zein esperientzia duzu denbora-pasekin?
Artean haurra nintzela, etxean ikusi nituen lehenengo denbora-pasak. Gure ama zenak egunero tarte bat hartzen zuen egunkarietan gaztelaniaz argitaratzen ziren gurutzegramak osatzeko. Hiztegiren bat edo beste eskura, ez zuen atsedenik hartzen jokoa osatu arte. Jada mutil koskorra nintzela, batzuetan laguntzeko eskatzen zidan, eta horrela hasi nintzen denbora-pasekin zaletzen. 

Eta sortzen hasi zinen.
18 urte nituela hasi nintzen Irungo AEKn eskolak ematen, eta han ezagutu nuen inoizko euskal denbora-pasa edo hitz joko egilerik bikainena, osoena eta berritzaileena: Joxan Elosegi. Haren arrimuan hasi nintzen lehenengo gurutzegrama txikiak sortzen. Gutxi gorabehera hamar urte geroago argitaratuko ziren neuk sortutako denbora-pasak, Euskaldunon Egunkaria-n, berripaper horretako lehenengo zenbakitik aurrera, eta Egin egunkarian. Geroago, Argia astekarian eta eskualde eta herri mailako hainbat aldizkaritan argitaratu dira, eta argitaratzen dira. Joxan Elosegik eta biok, eta Antton Dueso marrazkigintza lanetan, 2002ko urtarrilean sortu genuen Euskal Herri osoan banatu eta saldu zen Luma denbora-pasa eta hitz jokoen hilabetekaria; azken zenbakia 2014ko urrian argitaratu zen. Gaur egun, Berria egunkariarentzat eta hainbat astekari eta hilabetekarirentzat egiten ditut denbora-pasak edo hitz jokoak.

Nondik nora etorri zaizu  liburuxka egiteko aukera?
2000. urtean Tolosako hiriaren sorreraren 750. urteurrenaren harira argitaratutako Tolosaldea hitzekin jolasean argitalpen xumea da orain plazaratutako liburuxkaren aurrekaria. Ia 20 urte geroago, 2019an, Laukiz lauki Irunen barrena argitaratu nuen, eta bi urte geroago, aurten, Laukiz lauki Oarsoaldean barrena, Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo herriei emana. Tolosak ere propio Tolosari eta tolosarrei emandako denbora-pasa liburuxka bat merezi zuela iritzita, iaz harremanetan jarri nintzen, lehenik, Galtzaundiko orduko koordinatzaile zen Jexux Muruarekin eta, geroago, Kike Amonarrizekin, nire asmoen berri emateko, hau da, bi aldizkari egiteko: bata oso-osorik Tolosaldeari emana eta bestea soilik Tolosari emana. Tolosako euskara zinegotzi Xabier Balerdi, euskara teknikari Ziortza Sanz, Jexux Murua, Tolosaldeko euskara teknikari batzuk eta ni neu bilduta erabaki zen orain tolosar guztiek eskuragarri duten liburuxka hau egitea, Laukiz lauki Tolosan barrena.  

Zer jaso duzu liburuxka horretan?
Tolosako hiria eta tolosarrak. Hau da, alde batetik, Tolosako geografia, auzoak, udalerri mugakideak, ondarea, zubiak, parkeak, eskulturak, historia, bitxikeriak eta beste hamaika kontu, eta bestetik, atzoko eta gaurko tolosar ospetsuak, ez denak, ezinezkoa baita horrelako liburuxka batean guztiak biltzea, baina agian bai esanguratsuenetako batzuk.

Horretarako, Tolosaren berri ondo jakin beharko da.
Edo Tolosaren berri jakin behar duzu edo ikasi egin behar duzu, eta nire kasuan bietatik dago. Sortzez irundarra izaki, hurbil ditut Tolosa eta Tolosaldea, eta gaztea ez naizenez, urteen joanean izan dut Tolosa eta tolosarrekikoak ikasteko denbora. Hala eta guztiz ere, liburuxka honetako jokoak eta testak egiteko, informazioa biltzen ibili naiz Interneten, batez ere Tolosako Udalaren webgunean eta Wikipedian, eta beste liburu eta liburuxka batzuetan.

Tolosarrei zuzendutakoa da?
Berez bai, baina hitz joko ez gutxik Tolosa inguruko herriak dituzte nolabaiteko protagonista, eta beraz, gertuko produktua da Tolosaldeko biztanle asko eta askorentzat, tolosarrak ez izan arren Tolosari buruzkoak gutxienez gaingiroki ezagutzen dituztelako. Nolanahi ere, nik uste dut ez legokeela sobera Tolosalde osoa eta Tolosaldeko itzal handiko pertsonaiak hartuko lituzkeen beste aldizkari bat egitea liburuxka hau osatzeko.

Nolakoa da sortze prozesua? Esaterako, gurutzegrama bat osatzerakoan, zein izaten dira lehen pausoak?
Denbora-pasa edo hitz joko motaren araberakoa da. Laukiz lauki Tolosan barrena liburuxkako denbora-pasen kasuan, gaikakoak dira denbora-pasak, hau da, Tolosako gai jakin batzuei edo tolosar jakin batzuei emanak dira gurutzegrama guztiak (gurutzegrama izenean biltzen dira hitz gurutzatuak eta hitz gezidunak edo auto-definituak), gai horiei dagozkien izenak (auzoak direla, edo herri mugakideak, edo monumentuak, edo ibai eta mendien izenak…) edo dena delako tolosarraren izen-abizenak idazten dira hainbat laukitxo biltzen dituen lauki edo laukizuzen handiago batean, eta izen horien letrek baldintzatuko dute gurutzegramaren gainerakoaren osaera. Gurutzegrama osatzean esan gabeko arau batzuk aplikatu behar dira, esate baterako, gurutzegrama batean ez dira bi laukitxo beltz elkarri atxikita azaldu behar, arau orokorra da. Behin gurutzegrama ongi osatuta dagoela egiaztatu ondoren, definizioak eman behar dira, hitz gezidunetan erraza gertatzen ez dena, definizioak emateko laukitxoen tamainarengatik. Definizioak ematerakoan, aiseago jokatzeko aukera ematen dute hitz gurutzatuek.

Gurutzegramaz gain, beste hainbat hitz joko ere badaude liburuxkan.
Bai, hitz gurutzatu eta hitz gezidunez gain, anagrametan oinarritutako hitz jokoak, logika jokoak, goitibeherak, mailaz mailakoak, testak, bertso jokoren bat eta beste joko batzuk proposatzen dira, den-denak Tolosa eta tolosarrak abiapuntutzat hartuta.

Denbora-pasen liburuxka da. Hori da helburua? Denbora pasatzea?
Oro har horixe da gisa honetako aldizkari edo liburuxkaren xedeetako bat. Zer egin ez dakigunean, edo bidaiatzen dugunean, edo hondartzan gaudenean, eskuartean hartu eta denbora hitz jokoak osatzen emateko aukera ematen baitu. Bestalde, azken ikerlanek agerian utzi dute denbora hitz jokoak betetzen emateko ariketa oso mesedegarria dela burua bizkor edukitzeko eta memoriari eusteko, adin batetik aurrera. Baina Laukiz lauki Tolosan barrena liburuxkak badu beste helburu erantsi bat: helburu pedagogikoa, alegia, tolosar guztiek bere hiriari eta tolosar ospetsuei buruz jakin eta ezagutu beharrekoak hitz jokoen bidez, modu ludiko batez, betikoz gogoan iltzatuta gelditzea.

Euskaraz egiten dituzu, beti. 
Bai, beti, erdal mundua nire lan esparrutik kanpo dagoelako, euskalduna naizelako eta euskaldunei ere hitz jokoak euskaraz osatzeko aukera eman behar zaielako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!