Ziklo-kros proba antolatu dute Tolosan, Pablo Arsuagaren oroimenean

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 3a, 16:55
Fernando Arsuaga, Aitor Aiertza, Aitor Iriarte eta Joxe Mari Villanueva, gaur, aurkezpenean.

Berrogei urte eta gero, ziklo-kros modalitateko berrikuntza aurkeztu dute Tolosan. Kadete eta junior mailako Tolosa Ziklo-krosa I. Pablo Arsuaga Memoriala jokatuko da, hilaren 11n, larunbatean. Tolosako Iurramendiko lurretan prestatu duten zirkuitu iraunkorrean izango da.

1981. urtean Tolosan ziklo-kroseko Munduko Txapelketa jokatu zen. Berrogei urte geroago, Tolosan berriz heldu nahi diote ziklo-krosari. Oriako Txirrindulari Eskolan ziklo-krosean dabiltzan gaztetxoak dituzte, eta "iruditu zitzaigun beraientzako, guretzako eta herriarentzako oso polita izango zela ziklo-kros modalitate berri hau berriro Tolosan aurkeztea", azaldu du Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako arduradunak. Tolosa Ziklo-krosa I. Pablo Arsuaga Memoriala jokatuko da, hilaren 11n, larunbatean.

Bi proba izango dira kadete eta junior mailako neska-mutilentzat. 11:00etan kadeteen mailako lasterketa egingo da, eta 12:00etan, junior mailakoa. "Beste kategoriak ere badira, baina momentuz gaztetxo hauekin hasiko gara proba moduan", zehaztu du Aiertzak. Lasterketa asko antolatzen dituzte Oriakon, eta ohituak daude, baina "ziklo-kros asko ez dugu antolatu, eta hasiera moduan gaztetxoekin hasi gara".

Aitor Iriarte da antolatzaileetako bat, eta Iurramendiko zirkuitu iraunkorrari ongietorria emateko ere baliatu nahi izan du agerraldia. "Herriko behar bati erantzunez auzolanean egindako zirkuitu bat da. Haurrak eta gazteak bizikleta mundu honetan trebatzeko mendiko bizikleta egokia da, eta gure inguruko mendietara ateratzen zirela ikusten genuen", azaldu du Iriartek.

Errepidetatik ibiltzeko beharra kendu nahi izan dute herrigunean zirkuitua prestatuz, eta Zumardiak eta Oriako Txirrindulari Eskolak egin dute auzolanean. Abenduaren 11n estreinatuko dute.

Lasterketari begira jarrita, berriz, Oriakon, kadete eta junior mailan neska eta mutilez osatutako talde polita dute: "Beraiek hasi ziren beraien kabuz entrenatzen, eta azken batean, beraiek egindako zirkuitua da; diseinua funtsean beraiek egin dute", gehitu du Iriartek.

1981. urtean egin zen Munduko Txapelketako zirkuituari keinu batzuk egiten saiatu direla esan du iriartek: "Bazen izen handiko jaitsiera bat, eta zirkuituari ikusgarriak izango diren pare bat jaitsiera egin dizkiogu hori gogorarazteko". 2.600 metroko soka izango du, eta 100 metroko desnibela: "Nahiko gogorra izango dela uste dugu, baina oso ikusgarria izango da gerturatzen direnentzat. Erabat ikusten dituzu txirrindulariak zirkuituan".

Urrian hasi zen ziklo-kros denboraldia, eta azkar batean antolatua izan dela kontatu du Iriartek. Oriakoko txirrindulariak parte hartzen hasi ziren, eta "hazia beraiek erein zuten, eta guk bultza baino ez dugu egin", argitu du antolatzaileak.

Guzti hau aurrera eramateko izan dituzten babesleei eskerrak ere eman dizkiete.

Pablo Arsuaga gogoan

Pablo Arsuagaren izena hartu du probak, eta tolosar txirrindularia gogora ekarri nahi dute. Aurkezpenean Pablo Arsuagaren semea den Fernando izan da: "Oriakoko txirrindulariak sumatu nituenean zirkuituan bueltaka, egun batean, ikustera joan nintzen, eta zerbait egin beharra zegoela sentitu nuen".

Horrela, Oriakorekin duen harremana baliatuz, Aitor Aiertzarekin hitz egin zuen Arsuagak. "Gure aita zenaren oroimenez une polita zela ikusi genuen proba bat egiteko, baina ez bakarrik gure aita, bere garaiko txirrindulariak oroituz, eta baita garai hartako antolatzaileak ere". 1960. urtean antolatu zuten lehen aldiz ziklo-kroseko Munduko Txapelketa.  Urte asko pasa dira eta gogora ekarri nahi izan dute: "Egon zela gogoratzeko modu polit bat da. Gero desagertu egin zen, eta orain berriz ematen du susperraldi bat dagoela. Ea datozen urteetan zer moduz funtzionatu dezakeen proba honek", gaineratu du Arsuagak.

Azkenik, Joxe Mari Villanueva Tolosako zinegotziak azpimarra jarri du Pablo Arsuagaren figuran: "Txirrindularitzan txikitatik ibili garenok askok estimatu dugun pertsona izan da. Beti laguntza emateko prest zegoen. Oso pertsona sentikorra eta maitagarria izan zen". "Pabloren izena hona ekartzea", antolatzaileen aldetik ideia "oso polita" izan dela adierazi du Villanuevak.

Horrez gain, Iriarte eta Aiertzarengana zuzendu da: "Txirrindularitzan zabiltzatenok ondo dakizue edozein proba antolatzeak zer suposatzen duen. Eskatzen duen antolaketa maila apartekoa da, beste kirol batzuekin alderatuta". Hartzen dituzten "arriskuez" gain, "konpromiso handia" suposatzen duela azpimarratu du, eta "asko estimatzen" dituela esan du honelako lanak egiten dituztenak.

Bukatzeko, tolosar eta tolosar ez direnak gonbidatu ditu ziklo-kros proba ikustera: "Ziklo-krosa ikusteko oso kirol polita eta gustagarria da". Duela 40 urteko giroa berreskuratzea "polita eta positiboa" dela esanez amaitu du, baina hirugarren Munduko Txapelketa bat antolatzeko aukera eta ideia ere mahai gainean esanda utzi ditu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!