Mugimenduan dago giltza

Imanol Garcia Landa 2021ko abe. 3a, 19:59
Ruben Lekuona, ZuriƱe Tardio, Unai Regillaga eta Unai Saralegi, joan den astean, Tolosako Usabal kiroldegiko tatami gaiean.

Espainiako Judo Txapelketa jokatuko dute asteburuan, Madrilen, eta Gipuzkoako hainbat judoka ariko dira lehian. Tolosako klubekoak dira judoka horietatik lau.

Igande honetan eta astelehenean, Espainiako Judo Txapelketa jokatuko dute, Madrilen. Borrokako modalitatean, senior mailan, Gipuzkoako 11 judoka ariko dira lehian, eta Madrilen izango dira, gipuzkoarrak ez izan arren, Gipuzkoako klubekin lizentzia duten beste bi judoka ere. Horrez gain, kata modalitatean, Gipuzkoako hiru bikotek parte hartuko dute, horietako bik senior mailan eta beste batek junior mailan.

Tolosako Judo Klubekoak dira Madrilen izango diren judoka horietatik lau. Borroka modalitatean, senior mailan, lehen aldiz ariko dira Zuriñe Tardio leaburuarra (19 urte) eta Ruben Lekuona tolosarra (23 urte). Eskarmentu handiagoa dute Unai Saralegi tolosarrak (29 urte) eta Unai Regillaga amezketarrak (19 urte); senior mailan, kata modalitatean parte hartuko dute biek. Izan ere, aurten Nage no katako Munduko Txapelketan parte hartu dute lehen aldiz, eta 13. postua eskuratu dute. Europako Txapelketan, berriz, bigarren sailkatu ziren. Lorpen horiek direla medio, Gipuzkoarren Kirolak 2021 sarietarako izendatuta daude biak.

Saralegi eta Regillaga urrezko dominaren bila doaz Espainiako Txapelketara, baina badakite aurkari zailak izango dituztela. “Extremadurako bikote bat hirugarren postuan sailkatu zen Munduko Txapelketan; beraz, nahiko gogorra eta zaila izango da haiei irabaztea, urte asko daramatzatelako goi mailan, baina helburu horrekin goaz. Horrela jarraitzen badugu, egunen batean ezustekoa emango dugu”, esan du Saralegik. Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu ostean, postu on bat lortzeko “nolabaiteko presio txiki bat” badaukatela gaineratu du Regillagak.

Kata modalitatean, Saralegik eta Regillagak mugimendu jakin batzuk egin behar izaten dituzte, judoko giltza jakin batzuk irudikatu. Epaileek puntuak ematen dituzte mugimenduen arabera eta horrela zehazten da sailkapena. Azken txapelketetan egindako lana aintzat hartuta, Saralegik eta Regillagak badakite bide onetik doazela. Urriaren bukaeran lehiatu ziren Munduko Txapelketan eta behin eta berriz aztertu dute zein giltzatan kendu zizkieten puntuak. “Bideoak aztertzen aritu gara, eta ikusi dugu konpontzeko moduko zer akats egin genituen; horiek konpontzen saiatu gara azken asteotan”, esan du Saralegik. “Entrenamenduak ez dira hain biziak izaten ari; lasai eta hotz begiratzen ari gara nola hobetu, eta uste dut horrela asmatzen ari garela txapelketa honetarako prestaketan”.

Iristea, “lorpena”

Hogei urte baino gehiago pasatu dira Tolosako Judo Klubeko judoka bat azkenekoz senior mailan Espainiako Txapelketan aritu zenetik. Tardiok eta Lekuonak lortu dute, eta Oskar Gibelalde klubeko arduradunaren ekarpena nabarmendu dute biek. “Madrilera joate hutsa lorpen handia da”.

Haien hitzetan, Espainiako Txapelketara iritsi arteko bidea ez da samurra izan. Lehenbizi, Gipuzkoako Txapelketan lortu behar zuten sailkapena —lehen postuan sailkatu ziren—. Ondoren, Euskadiko Txapelketan, Lekuona txapeldun izan zen, eta Tardio txapeldunorde. Ipar sektoreko lehiaketarako sailkatu ziren biak, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko judoken aurka lehiatzeko, eta lehen postua lortu zuten biek; horri esker sailkatu ziren Espainiako Txapelketarako. “Ikusi dugu entrenamenduetako ahalegin guztiak emaitzak ematen dituela”, esan du Tardiok.

“Maila handia” izango dela jakitun den arren, Lekuona “ilusioz gainezka” doa. Baita Tardio ere: “Ipar sektoreko lehiaketa bukatu zenean, elkarri esan genion Madrilera gerra pixka bat ematera joango ginela. Egokitzen zaigun aurkaria egokituta ere, pozik geratuko gara; emaitza dena delakoa dela ere”.

Parte hartzaileak

  • Borroka (senior maila)
  • Zuriñe Tardio Jaular (-63 kg). Tolosako Judo Kluba.
  • Maialen Ramos Santiago (-70 kg). Ama Guadalupekoa Judo Kluba (Hondarribia).
  • David Mendazona Laberna (-60 kg). Usurbilgo Judo Kluba.
  • Ruben Lekuona Martin (-81 kg). Tolosako Judo Kluba.
  • Gocha Gvachiliani (-90 kg). Adarra Judo Kluba (Urnieta).
  • Gorka Eizagirre Otegi (-90 kg). Donostiako Judo Kluba.
  • Peio Cazorla Vicente (-100 kg). Sayoa Judo Kluba (Errenteria).
  • Egoitz Mora Ulazia (-100 kg). Usurbilgo Judo Kluba.

Kasu bereziak

  • Eider Barandiaran Barreiro (-63 kg). Arabarra da, baina Gipuzkoako Federazioko lizentzia du. Usurbilgo Judo Kluba.
  • Irati Borda Zumeta (-63 kg). Gipuzkoarra da, baina Bizkaiko Federazioko lizentzia du.
  • Maitane Herrero Zapirain (-70 kg). Gipuzkoarra da, baina Valentziako (Herrialde Katalanak) lizentzia du.
  • Oier Goikoetxea Alonso (- 60 kg). Gipuzkoarra da, baina Valentziako lizentzia du.
  • Jose Maria Mendiola Izkieta (-81 kg). Nafarra da, baina Gipuzkoako lizentzia du. Donostiako Judo Kluba.

Kata txapelketa

  • Unai Saralegi Vallejo eta Unai Regillaga Eizagirre (nage no kata, senior maila). Tolosako Judo Kluba.
  • Naia Sanchez Dozagarat eta Maider Liduan Lopez Llorente (nage no kata, junior maila). Donostiako Judo Kluba.
  • Angel Lopez Ibañez eta Alberto Colmenero Miguez (katame no kata, senior maila). Donostiako Judo Kluba.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!