Irristaka abiadura betean

Ataria 2021eko abenduaren 2a

Aurtengoan bai, irristaketa Usabal kiroldegira itzuliko da abenduaren 5ean, igandez, irristaketa abiadura formaturik zirraragarrienetako batean, indoor deritzon modalitatean. Egurrezko lurzoru azkarrean jokatuko da VI. Irristaka Indoor Saria, Tolosako Irristaka taldeak antolaturik seigarren urtez dagoeneko.

Bertan, lau itzulitan, lau lasterkariz osaturiko sailkapen serieak gaindituz, finalera iristea izango dute helburu patinatzaileek. Lasterketak, labur bezain biziak izango dira eta abilezia, teknika eta indarra ondoen uztartzen dituenak izango du garaipena eskuratzeko aukera gehien.

Bi kategoriatan banatuko dira sailkapenak: 16 urtez azpikoak eta 16 urtez gorakoak, neska zein mutiletan. Lasterketa ezberdinetan trebatutako gaztetxoak, nagusi zein masterrak izango dira elkarrekin lehian. Aurten, gainera, Patxi Peula munduko txapeldunak parte hartuko du, bere patinatzeko era izugarriarekin. Aura Quintanak ere izena eman du proban; aurtengo Behobiako garailea da eta Berlingo maratoian hirugarren postua lortu du. Aitor Vacas ere (aurtengo Behobiako garailea, besteak beste) pistan izango da Irristaka Indoor Saria berriro bereganatu asmoz.

10:00etan hasiko dira sailkatze probak eta 13:30ak aldera bukatuko dira lasterketak; erreleboetako lasterketa ikusgarria ere jokatuko da tartean. 51 lasterkarik eman dute izena, hamasei urtez azpiko 30 eta hamasei urtetik gorako 21 lasterkarik osatuz zerrenda. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "aipatzekoa da ere irristaketa kirolaren ezaugarrietako bat gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna parte hartzaile kopuruan, 21 emakumezko eta 30 gizonezko izango baitira igandean Tolosan".

Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako hamar taldeetako kirolariek parte hartuko dute igandeko sarian. Nafarroa eta Araba erreferente dira estatu mailako txapelketetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!