Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du Tolosako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 2a, 07:59

2022-2024 ekitaldirako prestatu du Euskararen Aholku Kontseiluak; herritarrentzat eta udalarentzat «lanabes garrantzitsua» izango dela esan dute azken osoko bilkuran.

Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2015ean onartu zen lehen aldiz; ordura arteko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia ordezkatu zuen. Aurtengo maiatzaz geroztik, Euskararen Aholku Kontseilua arduratu da plan berria sortzeaz, eta pasa den asteko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak.

Euskararen erabileran eragiteko eta euskal kultura sendotzeko helburuarekin diseinatutako plana da, 2022-2024 ekitaldirako diseinatua; lan lerro desberdinak ditu, esparru eta arlo ezberdinetan eragiteko. «Herritarrek eta udalak euskara indartzeko izango duten lanabes garrantzitsua izango da, euskararen politika publikoa planifikatzeko tresna», nabarmendu du Xabier Balerdi EAJ-ko zinegotziak.

Udal langileek zerbitzua modalitate ez presentzialean, hau da, telelanaren bidez eskaintzeko behin betiko araudia ere onartu dute. «Kontziliazioa errazteko, ordutegi malgu bat onartu da eta hainbat egokitzapen egin dira. Beraz, lana, bizitza pertsonala eta familia uztartzeko aukera izango dute, betiere, zerbitzuaren kalitatea murriztu gabe», adierazi du Balerdik.

Sail guztietan presentzialtasuna bermatu beharko dela aitortu du Balerdik. «Jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkio, eta ondoren, beharrezko egokitzapenak gehituko ditugu», esan zuen. Ander Figerido EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du telelana arautzeko irizpideak «zurrunegiak» direla, eta sail bakoitzaren lan egiteko egoerak «egokiak» diren aztertu beharko litzatekeela. «Deitoragarria iruditzen zaigu zenbait langilek egindako alegazioek erantzunik ez jasotzea». Bestalde, begi onez ikusi du araudia ebaluatzea.

Bilkura berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Tolosako Udalaren arteko kudeaketa gomendioa onartu dute. «Udal langileen lanpostuak egonkortzea da nahia, legealdi honetan martxan jarritako hautaketa prozesu eta deialdien baitan», esan du Balerdik. Udaltzaingoaren kasuan, azken urteetan bi deialdi egin dira hainbat postu betetzeko. Orain hirugarrena egingo da, lanpostu bat gehiago eransteko.

EH Bildu abstentzioaren alde agertu da. Kristina Pelaez oposizioko zinegotziak ordezkapenak azkarrago egitea eskatu du, «formatutako agenteak herriaren ezagutza handiagoa izan dezaten eta udalak formakuntzan inbertitutakoa gal ez dezan». Iristen diren agenteei harrera gida bat eskaintzea ere exijitu du, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eta mugikortasun plana bilduko dituena, «herritarron zerbitzura gertutasunez jarduteko».

TOLOSA, MUGI SISTEMAN

Gipuzkoako Garraio Publiko Zerbitzuan Tolosako Hiribusa sartzeko prozedura ere onartu dute bilkuran. Behin hitzarmena sinatuta, Mugi txartelarekin autobusez zein trenez mugitzeko aukera izango dute herritarrek, beste abantaila batzuk izateaz gain. Udalak «positibotzat» jo du neurria, garraio publikoaren erabilera sustatzen duelako.

Bestalde, Estitxu Kortejarenak zinegotzi kargua hartu du, Olatz Artolak utzitako tokia betez. «Lanean arituko naiz euskal errepublika feminista, euskaltzale eta berdinzaleago bat sortzeko bidean», adierazi du. Horrez gain, kiroletako ordenantza espezifikoaren diru laguntza eranskinen oinarri berriei hasierako onespena eman zaie, itxitako ekitaldiko fakturak onartu dira eta bi mozio jorratu dituzte: azaroaren 25ari lotutakoa bata eta Interes Publiko Goreneko Proiektuen erregulazio berriari buruzkoa bestea. Azken honi dagokionez, EH Bilduk soilik bozkatu zuen alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!