ELKARRIZKETA

«Biziberritze prozesu handi samarra bizi duen bakarretakoa da»

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 2a, 07:57

Euskaltzaindiak urgazle izendatu du Kike Amonarriz tolosarra; euskararen sustapenaren alorrean laguntzea egokituko zaiola dio; Euskaltzaindiak euskara batuarekin egindako lana nabarmendu du.

Euskaltzaindiak 19 urgazle berri izendatu ditu. Horietatik bi eskualdekoak dira, biak tolosarrak: Asun Garikano itzultzailea eta Kike Amonarriz hizkuntzalaria.

Soziolinguista, umoregilea, telebista aurkezle, Topaguneko lehendakaria...

Nomada samarra izan naiz, eta euskalgintzaren eremuan oasitik oasira ibili naizenaren sentsazioa dut.

Orain, Euskaltzaindiko urgazle izendatu zaituzte.

Bai. Laguntzaile izan eta ekarpenak egitea izango da nire egitekoa. Nire kasuan, batez ere, Jagon sailarekin izango dela lotura uste dut, euskararen sustapena helburu duen sailarekin, alegia.

Zurekin batera, Asun Garikano tolosarra ere izendatu dute.

Poz handia hartu nuen jakitean. Berarekin ikasi nuen euskal filologia eta beti izan dugu adiskidetasun oso ona.

Ekitaldia egingo dute izendapen berrien berri emateko.

Bai, eta bertan diplomak eta dominak banatuko dituzte, izendapenarekin batera.

Zer lotura izan duzu Euskaltzaindiarekin?

Euskaltzaindiaren lana jarraitzen dut, eta euskaltzain eta urgazle batzuen lana ezagutzen dut, beraz, joango gara ikusten. Aukera polita da egin dezakegun ekarpen hori Euskaltzaindiari egiteko, eta saiatuko naiz ahal dudana egiten.

Euskaltzaindiaren zein funtzio nabarmenduko zenuke?

Hizkuntzaren biziberritze prozesuan korpusaz gain, hizkuntzaren beraren normalizazioarekin zerikusia duten gaietan paper garrantzitsua jokatu dezake. Euskaltzaindiak euskararen lurralde osoa hartzen du, beraz bere eragina Euskal Herri osora zabaldu daiteke. Onarpen sozial oso zabala du eta euskararen aldeko zenbait neurri hartzeko lagundu dezake horrek. Bada, zeregin horretan lagundu badezakegu, ederki.

Euskaltzaindia egin duen lanaz zer esango zenuke?

Euskaltzaindiaren lehentasunezko alorra euskara batua eraikitzea izan da. Euskal Herrian euskararekin lortu dena ikaragarria izan da. Inongo batasunik ez eta ofizialtasunik izan ez duen hizkuntza batekin Euskaltzaindiak lortu du batzea, batu hori sozializatzea, eta une honetan euskara batua izatea euskara dakiten hiztun gehienen jatorrizko aldaera. Hori Europan oso leku gutxietan gertatu da. Orain oinarri hori nahiko finkatuta dago, eta nik uste dut Euskaltzaindiak beste paper garrantzitsu bat bete dezakeela, eta horretarako bere lekua bilatu behar du.

'Tokiko euskara gaurko eta biharko munduan' hitzaldia emango duzu gaur Baionan.

Ipar Euskal Herrian oso mugimendu interesgarriak ari dira agertzen euskararen inguruan. Oso egoera zaila bizi dute, baina, aukera berri batzuk sortu dira, eta euskararen erakundetzean gutxieneko batzuk behintzat lortu dituzte. Gazteen artean herriz herri ere taldeak sortzen ari dira. Nire iritzia partekatu eta bertako berri jasotzera joango naiz.

Euskararen egoera nolakoa dela esango zenuke?

Munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10 horren barruan gaude. Hizkuntza gutxituen artean biziberritze prozesu indartsu samar bat bizitzen ari den hizkuntza bakarretakoa gara. Hori jakitea garrantzitsua da. Hori bai, erabileran beherakada ematen ari dela ere kontuan hartu behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!