Euskararen Eguna 2021

«Gazteentzat euskarak cool-a izan behar du, bestela ez dute erabiliko»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 5a, 07:58

Hilabete barru lau urte beteko dira Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari izendatu zutela. Euskal sortzaileen lana goraipatzekoa bada ere, etxean lan handiagoak egin behar ditugula nabarmentzen du; bere ustez, «sortutako hutsunea betetzeko aukera ederra» izango da Durangoko Azoka.

2018ko urtarrilean hartu zuen Irene Larrazak (Tolosa, 1970) Etxepare Euskal Institutuko zuzendari kargua. Elkartea bera sortu zenetik zuzendaritzan izan da tolosarra. Ez dira garai onenak euskal kulturaren sustapenarentzat, baina Larrazak erronka berriekin eta ilusioz egingo dio aurre urte berriari.

Zein balorazio egiten duzu zuzendari modura urtarrilean beteko dituzun lau urte hauen inguruan?

Urte guzti hauetan, barru-barrutik ikusi ahal izan dut elkartearen garapena eta eboluzioa. Azken urteetan, sendotu egin da, bai euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza munduan, baita kultura sustatzeko dinamiketan ere. Ideiak gero eta garbiago ditugu, eta bertako nahiz nazioarteko eragileekin elkarlanerako harremanak egitea geroz eta errazagoa izaten ari da.

Azken urte eta erdia, ordea, ez da batere erraza izan zuen helburuak betetzeko. Zein egoeratan aurkitzen da elkartea?

Egia da 2020ko eta 2021eko dinamikak erabat desberdinak izan direla eta ez direla batere lagungarriak izan, baina nire ustez, berriro helduko diogu lehengo erritmoari. Irakaskuntza da Etxeparen lantzen dugun lan-ildoetako bat. Hori, gainera, bi sare nagusitan banatzen dugu: unibertsitateetan eta katedratan. 35 irakasle ditugu unibertsitate desberdinetan, euskara eta euskal kultura irakasten dutenak.

Bestetik, bederatzi katedra daude, goi mailako euskal ikasketekin: Ameriketako Estatu Batuetan bost, Europan hiru, eta azkena, Argentinan. Doktoretza mailako ikasketak sustatzen ditugu, sendotzen ari da, eta gainera, berriak zabalduko ditugu datozen urteetan. Halaber, 80 Euskal Etxeetan ere eusten diote euskara irakasteari, eta sare hori ere guk kudeatzen dugu. Lantzen dugun beste lan-ildoa kultur sustapena da. Kasu honetan, batez ere iaz albo batera utzitako hariak berreskuratzen ari gara; ez ditugu askatu nahi izan.

Etxepare Institutuko ordezkariak Wroclawko (Polonia) ‘Air Wro Talks - International Conference on Culture’ jaialdian. ATARIA

Nola eragin du koronabirusaren pandemiak euskararen hedapen horretan? Zein ondorio ekarri ditu?

Irakaskuntzari dagokionez, bat-bateko aldaketa bat egin behar izan genuen. Arrapaladan, aurrez aurreko irakaskuntzatik, online modura irakastera igaro behar izan genuelako. Unibertsitate sarean ere, inprobisazioak garrantzia nabarmena izan zuen, baina errazagoa izan zen erabakiak hartzea. Izan ere, unibertsitateek ez zuten arazorik baliabideekin, ez kalitate aldetik, ezta kantitate aldetik ere, eta beraz, erraz bideratu ahal izan zen online egin ahal izateko.

Euskal Etxeen sarea, ordea, ahulagoa da. Kasu honetan, zenbait zerbitzu eman ahal izateko ordenagailuak erosi behar izan genituen. Hala ere, argi dugu aurrez aurreko irakaskuntza ez duela ezerk ordezkatzen, ezta online bidezko irakaskuntzak ere. Etorkizunera begira ikasgai bat izaten ari da, online metodologiak osagarri modura funtzionatu dezakeelako. Online bidez egiten diren dinamika batzuk interesgarriak izaten dira, ahal bada, aurrez aurreko sistema kendu gabe. Kulturaren sustapenean badira egitekoak online egingarri direnak; beste batzuk, ordea, ezinezkoa da pantaila baten bitartez egitea, proposamen eszenikoak, adibidez. Bide berriak eraikitzen eta hartzen ikasi dugu, baina neurri handi batean, betikora itzultzeko irrikaz gaude denok.

Zuen kasuan, zein garrantzia du aurrez aurrekoak?

Ezinbestekoa da, zalantzarik gabe. Proiektu handiez hitz egiten dugunean, askotan, proiektu txiki asko izaten dira horien barruan. Esaterako, Quebecen, itzultzaile mordo bat ari da euskaratik frantsesera itzultzeko trebatzen. Lan horiek egiteko, dinamikak eta harremanak elkarrekin garatzea oso garrantzitsua da. Ez da gauza bera hori pantailen bitartez egitea, noski. Orain, horrela funtzionatzea egokitu zaigu, eta akaso, baikorregiak izan gara, «hilabete batzuk barru guztia bere onera itzuliko da» esaten aritu izan garenean. Zoritxarrez, ez da horrela izan, baina ziur naiz halako batean guzti honi buelta emango diogula.

Une honetan, zein proiektu eta egitasmo dituzue martxan?

Lehen katedrak aipatu ditut, eta goi-mailako ikasketei dagokienez, kanpoko ikertzaileak guri begira jartzea da gure helburuetako bat. Datorren urtean jasoko dugu azken urteetako lanaren emaitza: hiru katedra berri zabalduko ditugu Galesen, Bakersvillen eta Quebecen.

«Datorren urtean hiru katedra berri zabalduko ditugu Galesen, Bakersvillen eta Quebecen»

Hain justu, azken hiri horretako eragileekin elkarlanean, 2020 osorako kultur programa indartsu bat antolatu genuen, era guztietako diziplinentzako leiho zabal bat. Berez, 2019an Eskozian abiatu genuen proiektu baten jarraipena izango zen. Iaz, noski, ezinezkoa izan zen hori gauzatzea, baina aurten ez gara geldirik geratu, eta udaberrian ekin diogu programa horri. 2022an ere indartsu eutsi nahi diogu egitasmo honi, batez ere udara eta udazken aldera. Espero dugu gauza gehiegi ez pilatzea, eta ahal dela, saioak, emanaldiak edo dena delakoak, aurrez aurre izatea.

Azkenik, Flandria izango da guretzako hurrengo toki estrategikoa. Duela gutxi bertako bisitariak izan genituen hemen; hamazazpi eragilek bisitatu gintuzten, bertako sortzaile eta eragileekin harremanetan jartzeko eta elkar ezagutzen hasteko. Bi herrien arteko proiektuak 2023an loratzea da nahia. Aurrez, gauza interesgarri ugari helduko dira 2022an.

Zein iritzi dute Euskal Herritik kanpo, batez ere kontaktuak dituzuen herrialdeetan, hemen egiten duzuen lanaz?

Euskal Herritik kanpo ez ditugu aipatu berri ditugun kontaktu handi horiek soilik lantzen. Euskal leihoak izendatzen ditugu harreman horiek, eta guztira, 50 bat ditugu. Urtean zehar antolatzen dituzten jaialdi, azoka edota kultur programazioetan sendotzen ditugu harreman horiek; ekitaldi horietatik kultur sortzaileak igarotzea eta egiten duten lanaren berri ematea izaten da helburu nagusia. Guk proposamenak egiten ditugu, baina tokian tokiko programatzaileak jakitun dira sortzaileen jardueraz eta zein publiko mota mugitzen duten. Gure lana gidari modura aritzea da, indarrean dauden eskaintzak aurkeztea, baina gero, programatzaileek egiten dute hautaketa. Nazioarteko edozein jaialditan ez dugu aurkituko munduko beste herrialde batetik datorren kultur proposamen baten pareko mailarik ez duen inor.

«Gure sortzaileen estandarrak nazioartekoen parean daude, baina ez dute profesional izatearen onarpena»

Urtetik urtera, eta diziplinaz diziplina, ohartu gara badugula zer eskainia, eta nazioarteko jaialdietan ere jakitun direla eta programatzen dutela. Gure sortzaileen estandarrak nazioartekoen parean daude, eta hori ez da soilik Etxepareren lanari esker gertatu. Gure eskaintzak ez baluke nahikoa kalitate, ez litzateke hor egongo. Une honetan, beraz, sorkuntza maila altua dugu, akaso diziplina batzuetan garatuagoa, baina gure sortzaileak gure enbaxadore onenak izan daitezke, zalantzarik gabe.

Zein da gaur egun, euskal sortzaileen panorama?

Euskarazko edukiak sortzea ez da batere erraza, batez ere maila profesionalean. Horren inguruan kezkatuta egon beharko genukeela iruditzen zait. Gure sortzaileek ez dute profesional izatearen onarpen hori. Lan handia dugu egiteko. Sortzaileek egiten duten lan horrek aitortua izan behar du, ekonomikoki nahiz legalki, eta baliabideak jarri nahiz erraztasunak eman behar ditugu horretarako.

Halaber, euskal kulturgintzak merkatuaren beharra ere badauka; programatzaile publikoak behar dira. Audientziak desberdintzeko beharra ere badugu, euskal kultura kontsumitu dezaten. Ondorioz, gakoa da kulturan inbertitzen dena inbertsio kontsideratzea, eta ez gastua. Herriarenganako, identitatearenganako eta sortzaileenganako inbertsioa izan beharko litzake, erabat funtsezkoa. Kanpoan hori kontatzen dugunean, garbi ikusten dugu, herrigintzaren aldetik ere oso dinamika garrantzitsua dela. Kulturgintzan lan egiten dugunok garbi daukagu hori, nahiz eta askotan ez den horrela interpretatzen.

Euskarazko sorkuntzak kanpora eramatea da gure ardura, baina badira hizkuntzarik ez duten diziplinak ere. Euskaraz ez direnak ez dira diru laguntzetan kanpoan geratzen. Hala ere, euskarazkoak lehenesten ditugu; horrela funtzionatzen dugu, Euskal Herri osoan egiten diren euskarazko lanekin. Ipar Euskal Herrian nahiz Nafarroan euskaraz sortzen ari direnek ere Etxeparen dute euren etxea. Errealitate desberdinekin egiten dugu topo; esaterako, Ipar Euskal Herriko kasua desberdina da, arautegiagatik. Denetan dago asko egiteko, maila guztietan, eta kanpoan kontatu aurretik, ezinbestekoa da hemen gertatzea. Ondorioz, bizirik eta lanean behar ditugu sortzaileak.

Uemak aurreratutako datuetan (urte berriarekin batera argitaratuko direnak), gazte zein haurren artean, euskarazko kultur kontsumo ohituren datuak ez dira batere baikorrak. Zein da zure sentsazioa?

Nahiko zuzenean bizi dudan gaia da, etxean baditudalako haurrak, honezkero gaztetxoak direnak. Egia da Uemak dioena. Gertatzen ari da, eta kalean bertan ere argi ikusten da. Nire ustez, une honetan bidegurutze garrantzitsu batean gaude. Guztiok, baina batez ere gazteek, globalizazioaren eragin handia dugu. Gaztelaniaren eragina da handiena noski, baina ingelesarena ere badute. Gazteen kontsumoa, neurri handi batean, ikus-entzunezkoen bitartez bideratzen da; hori, hein handi batean, ingelesez gertatzen ari da, eta hori oso ona da. Ingelesa oso praktikoa da, baita gaztelania ere, eta munduarekin komunikatzeko balio dute. Baina noski, testuinguru horretan euskarak zaintza berezi bat behar du. Euskara erabiliko badugu, eta gure gazteek erabiliko badute, eremu digitalaren nahiz teknologikoaren alor guztietan egon behar du. Hori identifikatuta dago, eta urratsak ere ematen ari dira, baina bide bat dugu egiteko, martxan dagoen tren hori ez galtzeko.

«Bidegurutze garrantzitsu batean gaude; euskarak zaintza berezi bat behar du, formatu eta plataforma guztietan egoteko»

Formatu eta plataforma guztietan egon behar du euskarak, baina ahal den neurrian. Izan ere, gurea ez da ekonomikoki pisu bat duen hizkuntza, eta politikoki ere ez dugu estatu bat ordezkatzen. Egunerokoan gertatzen diren zenbait adibide ere jarri ahal izango nituzke, gerora, munduko mapan eragozpen ugari ekartzen dituztenak.

Ez da batere erraza, baina teklak sakatzen asmatu behar da. Gazteentzat euskarak zerbait cool-a izan behar du, bestela ez dute erabiliko. Kezka hori dut, urte gutxian, aisian nahiz gailu teknologikoen erabileran, euskararen presentziak nabarmen egin duelako behera. Horregatik, hezkuntzak bere biziko garrantzia du, baita gainerako dinamikak ere, batez ere, etxeko dinamikak. Guraso askoren jarrera errazkeriara jotzea izan daiteke, ez baitakit euskara konturatu gabe baztertzen dugun ala ez. Kontziente izan behar dugu horri aurre egin behar diogula, eta horretarako, ohartzea da lehen pausoa.

Durangoko Azoka da ate joka dugun urteroko hitzordu nagusietako bat. Kontsumorako hutsune hori betetzen laguntzeko aukera ona da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Harrotasuna eta herrigintza batzen dira bertan. Azokak berak ekarpen handia egiten du bi eremu horietan. Euskal kulturaren eta euskal sorkuntzaren festa bat da. Baina ez hori bakarrik. Garrantzitsua iruditzen zait duen bolumenaz eta garrantziaz jabetzea. Asko gara komunitate horren parte, eta festa horretan egotea axola zaigu, kontsumoa sustatzen duelako.

Ezinbestekoa iruditzen zait horrelako ospakizunak egitea, non eta harrotasun hori kontsumoarekin ere lotzen den. Kontsumoa ez da beti negatiboa, eta batez ere, gauza berriak deskubritzeko balio du. Egunero gabiltza komunikabideetan agertzen diren berrikuntza edo nobedadeen atzetik, eta askotan ez dugu guztien berri izaten, korrika bizi garelako.

«Militantzia eskatzen du euskal kulturak; gerora, uzta ederra ekartzen du, bai herri bezala, baita norbanako gisa ere»

Bestetik, oso polita da sortzaileak hain gertu izatea. Lehen desabantaila batzuk aipatu ditut, baina abantailak ere baditugu. Zorionekoak garela iruditzen zait, gure sortzaileak aurrez aurre ezagutu ahal izateko zortea izaten dugulako. Borondate apur bat izanez gero, haiengana hurbildu eta harremana izate hutsa oso emankorra izan daiteke.

Aurreko urteetan bezain beroa ez da izango, ezarritako neurriengatik. Baina, euskal kultur panoramari erreparatuz, zein momentutan helduko da?

Azken bi urteetan, badira eten diren zenbait kultur ekimen; sorkuntza lana, ordea, ez da gelditu, eta hori ikusiko dugu bertako eskaintzan. Seguru nago urte oso oparoa izango dela, eta Durangon ez bada, gerora, bertatik kanpo izango da. Esfortzu txiki bat egin behar dugu, militantzia eskatzen baitu euskal kulturak. Gerora, uzta ederra ekartzen du lan horrek, bai herri bezala, baita norbanako gisa ere.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!