Euskal Herriko historiari buruzko saioak, Fernando Rojoren eskutik

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 30a, 11:59

70 pertsonak eman dute izena, eta horregatik, bi hilabetez luzatu dute ikastaroa; Tolosako Lizardi elkartean eskainiko du.

Ostegunetik aurrera, Euskal Herriko historiari buruzko ikastaroa eskainiko du Fernando Rojo historialari tolosarrak, Lizardi elkartean. Hasiera batean, abenduko hiru ostegunetan (2an, 9an eta 16an) zeuden aurreikusita saioak, 18:00etatik 20:00etara. Hala ere, aitortu dutenez, «arrakasta» izan du, eta 70 pertsonak eman dute izena. «Genituen aurreikuspen guztiak gainditu dira». Ondorioz, parte hartuko dutenak bi multzotan banatu dituzte, eta urtarrileko beste hiru ostegunetan ikastaro bera eskainiko die Rojok gainerakoei.

Historia politikoari buruzko saioak izango direla aurreratu du. «Historia irakasteko modu asko daude, baina kasu honetan, interesgarriena izan daitekeenari buruz hitz egitea erabaki dut. Azken 40-50 urteetako historia nahikoa ezaguna da; askori gainera, garai hori bizitzea egokitu zaie. Hortaz, historia aurretik hasi eta frankismoaren amaierara bitarteko garaietan zer eta nola gertatu zen azalduko dut».

Tolosarraren ustez, gizarteak, oro har, «oso gutxi» ezagutzen du gure herriaren historia. «Ezagutza ez da oso sakona; asko irakasten da Espainiako, Europako edota munduko historiaz, baina ia batere ez hemengoaz». Hori dela eta, «oso gustuko du» horrelako saioetan izaten den aniztasuna. «Asko dakitenak egongo dira, baina baita ia ezer ez dakitenak ere. Horregatik, ez da erraza izango irakatsi beharrekoa neurtzea, zenbat sakondu jakitea alegia», nabarmendu du.

Ikastaroan parte hartuko duten herritarrek asko ikasteaz gain, «edukiarekin gozatzea» nahi du Rojok. «Zalantzaren bat edo gai baten inguruko interesa izanez gero, egin ditzatela galderak lasai, bakoitzak adierazi dezala bere iritzia, amaierara arte itxaron gabe». Guztien arteko solasaldiak osatu nahi ditu, «horrela, arinagoak izango baitira saioak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!