Euskararen Eguna 2021

«Irabazten denean, zintzotasunean irabazten jakin behar da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko abe. 3a, 07:56

Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta, Jon Plazaolak Irabazi bakarrizketa eskainiko du, 20:30ean hasita, Tolosako Leidor aretoan. Bertaratzen direnek, naturaltasunez betetako saio umoretsuaz gozatzeaz gain, etxera ikasgai ugari eramango dituztela aurreratu du aktoreak.

«Bizitzaren lehiaketan, irabazi, batek bakarrik egin dezake». Hala dio Jon Plazaola aktoreak (Urretxu, 1982). Gaur iluntzean, Felix pertsonaiaren paperetik aritzea egokituko zaio Leidor aretoan. Umoretik abiatuz, publikoari zenbait lezio ematen saiatuko da, bai berak baita ikusleek ere irabaz dezaten.

Zer da 'Irabazi'?

Stan up comedy generotik aldentzen den bakarrizketa bat da, antzezlanera gehiago hurbiltzen dena. Publikoak oholtza gainean ikusiko duena ez naiz ni izango, ez da Jon Plazaola izango. Felix izeneko publizista da protagonista, iragarkietarako esloganak edo leloak sortzen dituen publizista bat da. Pertsonaia horren bitartez, gizarteak bizitzeko duen izaera lehiakor hori hezur-mamitu nahi dut.

Zergatik da garrantzitsua gure alderdi hori nolakoa den erakustea?

Etengabe gure onena ematera behartzen gaituzte, zertarako edo nora goazen ondo jakin gabe, produktibitate hutsagatik edota ondokoaren gainetik geratzeak ematen digun plazer hutsagatik. Baina askotan galdetzen diot neure buruari zergatik zentratzen garen hainbeste garaipena edo antzeko zerbait bilatzen, zoriontasuna bilatu beharrean. Guztiok dugu beteta gure agenda, denok bizi gara okupatuta, eta aldi berean, gure sasoirik onenean egon nahi dugu. Egin behar ugari ezartzen dizkiogu geure buruari, erronka modura. Eta askotan, egiteko horiek guztiek gure artean lehiatzera eramaten gaituzte, eta irabazi ahal izateko erreminta bezala erabiltzen ditugu, oraindik inork ez digulako erakutsi benetan zoriontsu izateko zer egin behar dugun.

«Askotan galdetzen diot neure buruari zergatik zentratzen garen hainbeste garaipena bilatzen, zoriontasuna bilatu beharrean»

Parte hartzea da garrantzitsuena. Esaldi horrekin abiatzen da 'Irabazi' saioaren azalpen testua. Zenbat aldiz entzun ote dugun hori...

Bai, eta zenbaitetan gainera, bestelako mezu batzuk estaltzeko erabili izan da, batez ere, bizitzak aurkako noranzkoa daramanean. Hain justu, garrantzitsuena irabaztea dela esateko erabiltzen dute esaldi hori; hori da bizitzak erakusten diguna. Gure bizitzetan bai da garrantzitsua parte hartzea, bizitzan parte hartzeak bizitza bizitzea esan nahi duelako; horretarako gaude. Topiko izugarria da hau, baina bizitza bakarra da, eta bizitzeko dago; ez dago bigarren aukerarik. Hain justu, adibide barregarri batekin «parte hartzea da garrantzitsuena» esaldiaren kontraesana azaltzen dudan momentua da antzezlaneko nire zati gogokoena.

Horregatik diozu esaldi hori buruan sartu gintuena gezurretan ari zela?

Bai. Eguneroko bizitzak bi gauza erakutsi dizkigu. Batetik, irabazteko bide bakarra dagoela; hau da, honakoa egiten ez duenak ez duela irabazi. Horrelakoetan, gainera, irabazle bakarra egoten da, eta beste guztiak galtzaileak edo ez-irabazleak izaten dira. Horrez gain, ohorea irabazleentzat bakarrik izaten dela ere irakatsi izan digute. Orduan, sistema hori ezagutu eta sustatu duen gizarte batean horrelako esaldi bat sartzea, gezur hutsa iruditzen zait.

Galtzen irakatsi digute, baina irabazten ba al dakigu?

Ez nuke jakingo esaten. Bizitza bera bilaketa bat izaten da. Askotan, topatzen duzun hori ez da bilatzen zenuena izaten. Baina topatutako horri arreta jarriz gero, baliteke zerbait polita edo eraginkorra aurkitzea. Orduan, bai irabaztea, baita galtzea ere oso erlatiboa dela esango nuke. Galtzen erakusten digute; gainera, oso pentsaera kristaua da, ondokoaren kontsolamendua jasotzea dakarrelako. Hala ere, irabazten ere jakin beharra dago. Gaurko saioak inbidia ere jorratzen du. Ofizialki irabazten duzunean, askok kendu egin nahiko zaituzte gailur horretatik. Hori gertatzeko askok duten ezkutuko nahi ilun hori begien aurrean jartzen zaio publikoari. Irabazten denean, beraz, zintzotasunean irabazten jakin behar da, hitz horrek duen erlatibotasunean oinarrituz.

«Gure bizitzetan bai da garrantzitsua parte hartzea; horrek, bizitza bizitzea esan nahi du, bakarra delako eta bizitzeko dagoelako»

Gozategi musika taldeak bere kantu batean hala dio: «Galdutakoan ere, irabazle gara». Zure saioan ere eman dezakezu lezio hori.

Guztiz ados nago. Beti esan izan dut ez daudela esperientzia txarrak eta onak, esperientziak baizik. Txarrak galtzearekin lotzen ditugu; onak, berriz, irabaztearekin. Horrela ere, ikasgai ugari eramango ditugu etxera. Horretarako, adimena eta pentsamendu zabala behar dugu. Ezinbestekoa da izaera ireki horrekin bizitzea. Horrelako jokabidea izanez gero, ikasgai bat baino gehiago jasoko dituzu, eta beti izango da onerako.

Nork irabaziko du Tolosako saioan? Felixek? Publikoak?

Felixek transmitituko duen mezua argia da. Guztiok irabazi behar dugu, bai berak, baita Tolosako publikoak ere.

Aktore askok diotenagatik, plaza zaila omen da Tolosa; publiko kritikoa duena, baina aldi berean, gauzak ondo eginez gero, ederki eskertzen dakiena. Ez da erraza izango, beraz, bertan irabaztea.

Transmititzen dudan mezua nahiko fidela edo erreala da. Ez du perfekzio handirik eta publikoak barrutik ateratzen zaidan zerbait ikusi eta entzungo du; hori da, behintzat, transmititu nahi dudana. Lasaitasunez hartzen dut Irabazi obraren saio bakoitza, gogo handiz egiten dudalako, eta beraz, naturaltasun hori edo egia hori ikusiko dute Tolosara gerturatzen direnek.

«Antzezlanaren lehen erdian, bakarrizketa komikoagoa da; bigarren erdian, gai ilunagoak jorratzen ditut»

Nolako harrera izan du 'Irabazi' saioak orain arte eskaini duzun herrietan, eta zein dira aurrerantzean dituzun asmoak?

Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu genuen iazko udan, eta erantzun bikaina izan zuen. Nik neuk idatzia eta zuzendua da antzezlana, eta lan horretan horrenbeste denbora igaro ondoren, emaitza oso positiboa izaten ari da niretzat. Horrez gain, beste hamar bat emanaldi egin ditugu, eta horietan ere, harrera oso ona izan du.

Antzezlanaren lehen erdian, bakarrizketa komikoagoa da, eta beraz, publikoa barrez lehertzen da. Bigarren erdian, ordea, giroa serioagoa izaten da, gai ilunagoak jorratzen ditudalako. Hortaz, ederra da publikoak nolako harrera izaten duen konturatzea. Isiltasuna eta tentsioa nagusitzen dira. Hori zen lortu nahi nuena, eta beraz, oso gustura nago izaten ari den erantzunarekin.

Gaur egun, Madrilen nabil telesail baterako grabaketan, eta beraz, Irabazi obraren emanaldi gehiago eskaintzeko aukera handirik gabe nabil. Uztailean, ordea, Antzoki Zaharrera itzuliko gara, eta hortik aurrera, are gehiago eskainiko ditugu. Tolosakoa, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, data ezin aproposagoa eta antzoki bikaina obra berrartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!