Euskal Herriko Aizkolari Txapelketak badu txapeldun berria: Hodei Ezpeleta. Eibartarrak bere aurreneko finala irabazi du 22 urterekin, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu den finalean. Luis Mari Txapartegi, Xabier Zaldua, Oier Kañamares, Iban Resano eta Jose Antonio Etxeberriaren aurka aritu da lehian, baino inor ez da gai izan Ezpeletari aurre egiteko. Hasieratik bukaera arte izan da lehena, erritmoa hasieratik hartu baitu, eta azkenean, 44:40 denborarekin amaitu ditu lanak: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.
"Hunkituta" eta "ilusionatuta" bukatu duela adierazi du irabazleak, bere lehen finala izan baita: "Nire lehenengo finala izan da, eta txikitatik amestu dudana, gainera. Mentalizatuta egon naiz, prestaketa onak emanda eta aizkorarekin gozatu dut". Arazo txikik ere izan ditu tartean; hala nola, aizkora puskatu edota adar pare bat tokatu zaizkio eibartarrari. Hala ere, Zaldua ez da gai izan Ezpeletari aurre egiteko, eta 46:17 denborarekin amaitu ditu zumarragarrak bere lanak.
Hirugarren postua Jose Antonio Etxeberriarentzat izan da, 47:30 denborarekin bukatu baitu. Atzetik izan du Oier Kañamares, eta 48:49 denborarekin eskuratu du laugarren postua. Bosgarren postuan berriz, Iban Resano geratu da (51:30), eta amorerik eman gabe, seigarren postua Luis Mari Txapartegirentzat izan da (53:27).
Emakumezkoak
Laiene Pikabea, Nerea Sorondo eta Maika Aristegik eman diote hasiera gaurko txapelketari. Hiru aizkolariak ere lanak egin behar izan dituzte gaurkoan. Hain zuzen, kanaerdikoa lehendabizi mozten zuena bilakatu da irabazle, eta hori izan da Sorondo. Aizkolari nafarrak atzetik izan du Pikabea, eta hirugarren geratu da Aristegi.