Ekonomia zirkularra ardatz duen eskultura egin dute Peñascaleko ikasleek

Ataria 2021eko azaroaren 26a

Gipuzkoako Lanbide Heziketako 13 ikastetxetako ikasleek eskulturak egin dituzte material birziklatuak erabilita, hondakinen prebentziorako eta kudeaketa egokirako deia eginaz. Tolosako Peñascal Kooperatibak hartu du parte ekimenean eta Lehiberrin jarri dute Ekonomia Zirkularraren 7 oinarriak eskultura.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak Ekonomia zirkularra modelatuz eskulturak sortzeko programaren barruan egin dute lana Peñascal Kooperatibako ikasleek. "Lehengaia eta hondakinak, diseinua, ekoizpena eta berrekoizpena, banaketa, kontsumoa, berrerabilpena eta konponketa, jasotzea eta birziklatzea dira kontuan hartu ditugun oinarriak. Oinarri hauek bata besteari lotuta daude, bat eroriz gero denak atzetik doaz; eta bat altxatzeko beste guztiak altxa behar ditugu. Ideia hau landu dugu gure eskulturan, guk lantzen dugun materiala eta prozesuaren bitartez, era erraz batean irudikatuta, oinarrizko elementuak erabiliz, inolako artifizio edo apainketarik gabe. Garrantzia kontzeptuan datza", esan dute Peñascaleko kideek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak sustatzen duen programa da Ekonomia Zirkularra Modelatuz, eta hirugarren urtez egin dute. Lanbide heziketako gazteek hondakinen prebentziorako eta kudeaketa egokirako egiten dituzten jarduerak islatu nahi dituztela esan du aldundiak. "Helburua beraz Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetako ikasleak sentsibilizatzea eta filosofia hori zabaltzea da", gaineratu du. Aldundiak gaur egin du ekitaldia ikastetxeetako ordezkariekin Donostian, eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak esan du funtsezkoa dela gazteei "lekua eta ahotsa ematea" ekonomia zirkularrari eta garapen jasangarriari buruz duten ikuspegia azaldu dezaten.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!