Sei aizkolari txapela preziatuaren bila

Ataria 2021ko aza. 25a, 13:55

Beotibar pilotalekuan jokatuko da Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa Nagusiaren finala, igande honetan, 12:00etan hasita. Hodei Ezpeleta, Luis Mari Txapartegi, Xabier Zaldua, Oier Kañamares, Iban Resano eta Jose Antonio Etxeberria ariko dira lehian.

Finalaren aurkezpena egin dute Beotibar frontoian bertan, sei finalistak bertan zeudela. Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, "Beotibar txapelketa garrantzitsuen lekuko izaten da, eta igandean ere horrela izango da". Peonek gaineratu duenez, "pozgarria" da txapelketa Tolosan egitea eta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko lehendakaria den Igor Duñabeitiari eskerrak eman dizkio hori posible egiteagatik. Tolosa eta eskualdea osoak herri kirolak maite dituela gaineratu du alkateak, eta herriak eta herri kirolek elkar behar dutela esan du: "Azken finean denak bat dira, eta aurtengoan txapelketa honen agertokia Beotibar izango da". Bertan "aizkolari onenak" ikusteko eta "herri kirolaz gozatzeko" aukera izango dela azaldu du. Bestalde, txapelketa egin ahal izateko "Osasun Sailak zuzendutako neurri guztiak bermatuko direla" esan du Peonek, "txapelketa modu seguruan eta arriskurik gabe ospatzeko".

Bere aldetik Igor Duñabeitiak Olatz Peoni eskertu dio Beotibar pilotalekua eskaintzeagatik. "Aizkolari guztiak ondo prestatuta eta ilusio handiz" daudela gaineratu du, eta gogora ekarri du 36. ekitaldia izango dela, iaz egin gabe geratu baitzen. Aizkolariek ondoko lana egin beharko dute: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Sarrerak 20 euro balioko du, eta pilotalekuko leihatilan bertan erosi ahalko dira. Igandean jende asko azaltzea espero dutela esan du Duñabeitiak, eta Tolosaren kokalekua nabarmendu du, Nafarroatik gertu dagoelako, eta bertatik ere zaleak etortzea espero delako.

Aizkoran polemika izan da azkenaldian, berez lehen mailako aizkolariak eta bigarren mailako zenbaitek ez dutelako Euskal Herriko Federazioak antolatutako txapelketan parte hartzen. Horren ordez, Sherpa.ai Aizkora Txapelketa Nagusian parte hartu dute, eta aurreko igandean izan zen finala. Bere aldetik, Duñabeitiak zehaztu du igandean Tolosan egingo dena dela Euskal Herriko Txapelketa Nagusi ofiziala, eta aurreko igandean egindakoa herri kiroletan egiten diren beste erakustaldi eta torneoen pare jarri du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!