Euskararen Eguna 2021

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eguneratu dute Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 24a, 17:59

Bihar jorratuko dute azaroko osoko bilkuran, udalbatzak onartu dezan; ekitaldi sorta antolatu dute hainbat eragilek, abenduaren 3aren bueltan.

Tolosako Udalak eta herriko eragileek euskararen aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen dute. Horrela, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzen jarraitzeko, ekitaldiak antolatu ditu udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean. Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotziak adierazi duenez, «euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotu da Tolosan azken urteetan, hainbat alorretan egindako lanari esker. Elkarlanaren emaitza da euskarak Tolosan izandako gorakada».

Lankidetza horretan urrats berriak ematen jarraitzeko asmoz eta «euskararen alde lan egiteko grinak bultzatuta», Euskararen Aholku Kontseilua abiatu zuen udalak, eragile desberdinekin batera. «Kontseiluak lan mardula egin du Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritu eta eguneratzeko», esan du Balerdik. «Horregatik, parte hartzaile guztiek azaldutako konpromisoa eta egindako lan eta ahalegina eskertu nahi dugu», gaineratu du.

Hain justu, bihar egingo dute Tolosako udaletxean azaroko osoko bilkura, eta bertan jorratuko da 2022-2024 aldirako Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, udalbatzak onartu dezan. Ondoren, herritarrei aurkeztuko diete. Maixabel Zubillaga Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariaren esanetan, plan hori, «herriko premietara dimentsionatutako lanabesa» izatea nahi du kontseiluak. Horretarako, aurreko planaren ebaluazioa egin dute, gaur egungo argazkia ateratzearekin batera, hurrengo urteetako proposamenak aurreikusiz eta beharren azterketa burutuz. «Tolosan euskararen presentzia eta erabilera handia bada ere, askoz ere handiagoa izatea nahiko genuke», aitortu du Zubillagak.

Azkenik, denbora-pasen liburuxka bat ere argitaratu du udalak: Laukiz lauki Tolosan barrena. «Euskara hutsean sortutako liburuxka da, herriari eta herritarrei buruzko jolasak, hitz jokoak, informazioa, bitxikeria eta hainbat datu biltzen dituena», azaldu du zinegotziak. Dagoeneko eskuragarri dago udaletxean, Aitzol Udal Euskaltegian eta Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan.

EGITARAUA

Azaroak 29, astelehena

18:30. Zer egin dezakegu gurasoak seme-alaben hizkuntza ohituretan eragiteko? hitzaldia, Iñaki Eizmendi hezitzaileak gidatuta, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Haurrekin harremana dutenei zuzendutako saioa: senideak, zaintzaileak...

Abenduak 1, asteazkena

18:30. Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren lehen zatiaren aurkezpena, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. 1936tik aurrera euskarak eskualdean izandako ibilbideari buruzko ikerketa aurkeztuko du Haritz Azurmendi ikertzaileak. Espainiako Gerraz geroztik, ezagunak diren zenbait gertakizunen eta ezkutuan zeuden beste zenbaiten inguruan ikertutakoa azalduko du.

Abenduak 2, osteguna

17:00-19:00. Euskarari buruzko ezagutza Wikipediara lantegia, Tolosako kultur etxean. Urte guztian zehar martxan dagoen Tolosaldepedia proiektuaren baitan kokatutako mintegi berezia. Wikipedian editatzen dakitenek zein ez dakitenek auzolanean parte hartzeko aukera izango dute. Parte hartzeko beharrezkoa da ordenagailua eramatea.

Abenduak 3, ostirala

20:30. Irabazi antzezlana, Jon Plazaola aktorearen eskutik, Leidorren.

Abenduak 11, larunbata

12:00. Gure Bertso Zirkua ikuskizun berezia: haurrentzako saioa. Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariak eta Gure Zirkuko artistak. Sarrerak larunbat goizean egongo dira salgai, Galtzaundin eta Subijana etxean. Prezioa: 5 euro.

18:00. Gure Bertso Zirkua ikuskizun berezia: helduentzako saioa. Ma-ddalen Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariak eta Gure Zirkuko artistak. Gai-jartzaileak: Imanol Artola Felix eta Iker Iriarte. Sarrerak larunbat goizean egongo dira salgai, Galtzaundin eta Subijana etxean. Prezioa: 13 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!