Gutuna

Egoera klimatikoa  larria da

Pello Ezeiza, Tolosa 2021ko aza. 25a, 07:58

Aldaketa klimatiko barruan sartuta gaude, badira 30 urte baino gehiago ikertzaileak aldaketa honen datuak gelditu gabe ematen ari direla (ozono kapa, munduko tenperaturaren igoera, espezie desberdinen desagertzea, klima aldaketa…) bere eragina zein den azalduz. Zientzialarien artean gutxi dira hau zalantzan jartzen dutenak.  


Gizarte garatuenen eraginez gehien bat, karbono arrastoa  etengabe gora eta gora doa eta Euskadin berdin gertatzen da. Datuak eta grafikoak zehatzak dira, non Barne Produktu Gordinaren igoera eta karbono arrastoaren igoera erlazionatuta agertzen diren.
Gu, hemen Euskadin, bizi garen kontsumo mailan planetako biztanle guztiak biziko balira, gaurko baldintza ekologikoak mantentzeko 2,6 mundu planeta beharko genituzke. Ezin dugu horrela jarraitu. 

Ardura denena da, denok aztertu behar dugu zein den uzten dugun gure karbono arrastoa, baina ardura nagusia gure arduradun politikoek eta ekonomikoek dute. Hauek badakite errealitatea zein den, baina zezena adarretatik heldu ordez (datuak bere gordintasunean eman gabe) itxurakerian eta zurikeri hutsean gelditzen dira. Egia da, ezker politika bultzatzen dutenak  behintzat, gaia azaleratzen saiatzen ari direla.

Eta Tolosan berdin gertatzen ari da. Saiatuko naiz gaur eguneko bi adibide zehatz jartzen.

1. Une honetan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko  Planaren zirriborroa irekita dago, ekarpenak jasotzeko prest.  
Oso ondo, teorian perfekto. Baina zenbat indar jartzen da horrelako garrantzia duen gaia herritarren benetako inplikazioa bilatzen? Mugikortasunaren sektorea aztertuz, garraioarekin lotutako isuriek gora egin dute eta egun Tolosan BEG (Berotegi Efektuko Gasen isuriak) igorpenetan eragin nabarmenena duen sektorea da diote agintariek. Eta gauza handi bezala, martxan zero emisioko autobus elektriko bidezko Hiribus Zerbitzua jarri dute. 

Mugikortasunak asko kutsatzen du baina hala ere, hemen eta han jarraitzen dugu turismoa indar guztiarekin bultzatzen eta jendeari produktu hau kontsumitzera animatuz. Ikusi besterik ez dago mediatikoki gai hau nola erabiltzen den. Entzun eta ikusiko dugu zenbat milioi kotxe, hegazkin, autobus, … mugitzen diren asteburuetan, zubietan edo opor garaietan. Ondoren aipatuko ditugu turismoak dituen onura ekonomikoak. Baina inoiz ez dugu aipatzen uzten duten karbonoaren arrastoa eta ondorioz ingurumenari eragiten dion kaltea.

Era berean, aipatu nahi nituzke merkantzien garraioan gure herritik pasatzen diren kamioiak, furgonetak... Urteetan, kontsumismoa, deslokalizazioa eta globalizazioa izan dugu helburu eta orain munduko beste puntatik  ekarri behar ditugu elikagaiak, jantzi eta oinarrizko produktuak, sortzen duten karbono kutsadura eta menpekotasunarekin. Guzti horrek bere prezioa beharko luke izan. Zerga politika egoki baten bitartez bertako ekoizpena bultzatu behar da.

2. Aleka, Tolosako udal aldizkaria begiratuz gero, lehenengo orrian irakurri daiteke Tolosa eraberritzen. Trabajando por un municipio más agradable, seguro y accesible. Eta nik uste dut más eficiente energéticamente erantsi beharko genukeela sinistuko bagenu Aldaketa Klimatikoari serioski aurre egin behar diogula.

Galdera batzuk egin nahi nituzke. Kalkulatu al dituzue espaloiak eta errepideak maila berean jartzeko zoruak berritzean eta proiektu berrietan zenbateko karbono arrastoa uzten den? Obra horiek, gauden egoeran, ez al doaz betiko garapen bidean, karbono emisioak handituz? Ez al genituzke gai hauetan (eraikuntza berriak, obrak…) eta energiaren kontsumoan, gizarte bezala dauzkagun kontraesanak azaleratu behar? 

Daukagun garapen eredu desarrollista honekin gure planeta lehertzera doa. Ekonomiaren lobbyek agintzen dute eta politikoek men egiten dute, beren eskuetan dago ardura nagusia baina guk,banakakoek ere, asko dugu egiteko. Beste eredu ekonomiko bat behar dugu, kontsumoak ezin du ekonomiaren motor nagusia izan, desazkunde  ekonomikoaren (economía del decrecimiento) planteamendua aztertzen hasi behar dugu.

Planeta bakarra daukagu.
Desazkundea da bidea.
Ez hazkundearen ekonomiari, bai desazkundearen ekonomiari. 

Pello Ezeiza, Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!