Euskararen Eguna 2021

«Lehen hitza euskaraz egitearena dagoeneko barruan sartuta dut»

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 26a, 07:59

Rizwan Ali bere taberna-jatetxearen atarian. I. GARCIA LANDA

Jatorriz pakistandarra da Rizwan Ali. Bere euskal izena Jon da, eta askok horrela ezagutzen dute. Tolosako San Frantzisko kaleko 28an Maryam Jatetxea eta Kebab izeneko taberna-jatetxea du. 

Euskaraz lagunen bitartez ikasi du, batez ere Azkoitia eta Azpeitia aldean bizi izan den urteetan. Hango hizkera du eta hika egiten du tarteka. Bere taberna jatetxean kebab motako janaria prestatzeaz gain, errazioak ere ematen ditu, eta aurreko larunbatean babarrun jatea ere eskaini zuen, Tolosako beste hainbat ostalariek egin moduan. Taberna-jatetxearen kanpoaldean jarrita dituen karteletan, euskaraz zein gazteleraz idatzita ditu bere eskaintzak. «Kalitatezko janaria ematen dugu», nabarmendu du.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

Orain dela hamar urte iritsi nintzen, 23 urterekin. Lehenengo urtea pixka bat kokatzen pasa nuen. Azkoitian egon nintzen bizitzen, eta ezagutzen joan nintzen; jendeak esaten zidan pixkana euskara ikasteko. Ikasteko beharra ikusi nuen, eta giroak berak eta inguruneak horretara laguntzen zidan. Gainera, niri euskaraz hitz egitea gustatzen zait. Euskaltegira joateko denbora ez dut izan, eta jendearekin hitz eginez joan naiz ikasten. Oraindik ere jarraitzen dut ikasten.

Ez zara joan euskara klaseetara, beraz.

Hasieran gaztelania ikasten hasi nintzen, astean ordu erdiz edo, eta hor ere euskara pixka bat jaso nuen. Gero, irakurriz eta jendeari galdetuz ikasi dut. Azkoitiko eta Azpeitiko jendea oso jatorra da, hemengoa ere bai, eta beraien laguntzaz ikasten joan naiz.

Rizwan Ali, bere taberna-jatetxean, Pakistango bandera eta ikurrina eskuetan dituela. I. GARCIA LANDA

Azkoitian eta Azpeitian, jende askok hitz egiten du euskaraz, ezta?

Bai, han jendeak asko hitz egiten du euskaraz, kalean. Gainera, ni euskaraz hitz egiten ari nintzela entzuterakoan, asko animatzen ziren eta ireki ere bai. Jendeak esaten du euskaldunak itxiak direla, baina niri adineko jendeak esaten zidan beraiei euskaraz hitz eginez gero, gehiago irekitzen zirela. Lan egiten nuen lekuan ere lagun batek esaten zidan berarekin hitz egiteko euskaraz, eta horrela ere ikasten joan nintzen.

Noiztik zaude Tolosan?

Urtebete inguru daramat Tolosan. Esaten zidaten ea nolatan irekiko ote nuen taberna bat denak ixten ari ziren garaian. Pentsatu nuen ondo joango zitzaidala, eta aurrera egitea erabaki nuen. COVID-19aren garai honetan aurrera egiteko aukera badut, gerora ez dut uste arazorik izango dudanik. Hori bai, alokairua garesti dago, eta horrez gain gastu asko daude. Uste dut laguntza gehiago izan beharko genukeela. Jendea prest dago lana egiteko, baina langileak hartzea zaila da.

«Jendeak esaten  du euskaldunak itxiak direla,  baina adineko  jendeak esaten zidan beraiei  euskaraz hitz eginez gero, gehiago  irekitzen zirela»

Zure taberna-jatetxean euskaraz hitz egiten diezu bezeroei.

Bezero bat sartzen denean, hasieran beti euskaraz agurtzen dut eta euskaraz galdetzen diot ea zer nahi duen hartu. Telefonora deitzen dutenean ere euskaraz hitz egiten dut aurrena. Lehen hitza euskaraz egitearena dagoeneko barruan sartuta dudan gauza bat da. Bestalde, tabernara kuadrilla bat etortzen da, jatorriz Extremadurakoak direnak eta urte asko daramatenak hemen bizitzen, eta ni euskaraz hitz egiten entzuten nautenean, animatzen dira dakiten euskara hori nirekin praktikatzera. Eta niri horrek ondo sentiarazten nau.

Ostalari izateaz gain, bestelako proiekturen bat baduzu?

Aspaldidanik pentsatu izan dut Pakistani buruz gauzak erakustea, euskaraz, hemendik hara joaten direnei. Jendea bertara joaten da, K2 eta beste mendiak erakarrita. Erakutsi dezaket nora joan, non ibili, ohiturak eta hizkuntza pixka bat. Horrela, hara joaten denak ez du bidaiaren esperientzia bakarrik izango, gozatu ere egingo du, Pakistani buruz gehiago jakingo baitu. Hainbat laguni, Belgikatik eta Ingalaterratik etorri izan direnak, Euskal Herriari buruzko kontuak azaldu dizkiet. Baita bere historia ere, historia luzea baitu Euskal Herriak. Horrela, kontu gehiago ezagutu eta ulertzen dituzte. Nik ere nahiko nuke denbora gehiago atera, gauza gehiago ikasteko, besteak beste, Tolosako historiari buruz.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?

Nire herriko bi hizkuntzak, hemengo bi hizkuntzak, ingelesa, greziera, errumaniera pixka bat eta arabiera ere zerbait badakit. Denbora gutxi dut, baina gustatuko litzaidake gehiago ikastea. Beti ikasi daiteke; esango nuke hil arte ikasi daitekeela.

Pakistango jatorria dutenekin topatzerakoan, zer esaten dizute euskaraz hitz egiten duzula jakitean?

Esango nuke gehiago harritzen dela Extremaduratik-eta etorri izan den jendea eta urte asko daramana hemen. Bigarren belaunaldikoak, hemen jaio direnak, euskaraz egiten dutela ikusten dut. Bestalde, ez da erraza euskara ikastea hona gazte zarela etortzerakoan. Azkenean lan egin behar da, eta denbora asko ez da izaten euskaltegira-eta joateko. 

«Nik [euskaraz] hitz egiten dut, horrela ikasten baita; ez baduzu erabiltzen itxi egiten zara»

Euskaran sakontzeko asmorik baduzu?

Bai, gehiago ikasi nahi dut, hobeto irakurtzen eta idazten, adibidez. Noski, oraindik segitzen dut ikasten. Nire koadernoa hartzen dut eta hor joaten naiz gauzak apuntatzen. Hori da azken batean sekretua. Gazteleraz ere horrela ikasi nuen. Zerbait entzun, eta gero hori idazten dut; ondoren hitz hori erabiltzen dut, eta horrela joaten naiz ikasten. Entzunez bakarrik ez da nahikoa, hitz egin behar da ere. Agian gaizki esango duzu hitza, baina erabiltzea da gakoa. Hemen jende jatorra dago, eta hitzen bat gaizki esaten baduzu, lagundu egiten dizute ondo esateko.

Ez duzu, beraz, beldurrik euskara erabiltzeko.

Ez, bat ere ez. Nik hitz egiten dut, horrela ikasten baita. Ez baduzu erabiltzen, itxi egiten zara. Jendeak esaten dit hitz egiteko, galdetzeko. Ez baduzu galdetzen eta erabiltzen, ez duzu ikasten. Eta lehen esan dudan moduan, jende oso jatorra dago, asko laguntzen dizuna. Eta horrek animatzen nau gehiago hitz egitera eta erabiltzera. Zu saiatzen bazara euskaraz egiten, eta jendeak arraro begiratzen bazaitu edo ez badio garrantzirik ematen, ez zaitu laguntzen. Baina, hemen jendeak lagundu egiten zaitu, eta oso lagungarria da hori euskara ikasteko.

Animatuko zenuke, beraz, beste herrialde batetik datorrena euskara ikastera?

Bai, noski. Nik animatzen dut jendea euskaraz hitz egitera, erabiltzera. Badago jendea hitz gutxi batzuk ezagutzen dituena, baina ez dituena erabiltzen, erdaraz bakarrik hitz egiten dutenak. Nik euskaraz hitz egiten diet, horrela beraiek animatzeko ere. Nik euskaraz hitz egiteko mentalitatea dut. Garrantzitsua iruditzen zait giro bat sortzea euskaraz aritzeko, hitz egiteko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!