Bizikleta aparkaleku berriak jartzen ari dira Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 24a, 14:57

Azken urteetan egin bezala, herriko eremu desberdinetan, 200 bizikletentzako aparkalekuak ezarriko ditu udalak; guztira, 1.200 aparkaleku izango dira herrian.

Tolosako Udalak diseinatutako Tolosa Badabil Mugikortasun Planak hainbat lan lerro jasotzen ditu, besteak beste, bizikletaren erabilera sustatzea eta horientzako aparkaleku gehiago jartzea. Iaz, bizikletentzako 80 aparkaleku berri ezarri zituzten kiroldegi alboan; aurtengo apirilean, berriz, bizikletak uzteko gune estali berria jarri zuten Udal Musika Eskola dagoen eraikinaren atzean, tolosarrentzat bizikletaz mugitzea "erosoagoa" izan dadin.

Bada, orain, 20 aparkaleku moduluko gune berria sortuko dute Tolosan, gehienez ere 200 bizikleta aparkatu ahal izateko. Ondorioz, guztira, 1200 bizikleta aparkatzeko ahalmena egongo da herrian. Horrez gain, Belena bizikleta aparkalekuko aparkaleku kopurua handitzeko aukera aztertzen ari da udala. "Herritarrei bizikletak uzteko aukera berriak eskaintzea eta mugikortasun eredu jasangarriak sustatzea da helburua", esan dute udaletik.

Bizikleta aparkaleku berrien kokapenak zehazteko azterketa bat egin dute. Horretarako, hainbat irizpide izan dituzte kontutan: lehendik dauden bizikleta aparkalekuen kokalekuak, herritarrek egindako eskaerak, beti bizikletaz beteta daudelako eskaintza handitzeko beharra duten puntuak edota mugikortasun gune erakargarriak eta bizikleten bide nagusien gertutasuna, besteak beste.

Udala dagoeneko hasi da bizikleta aparkaleku berriak jartzen, "behar gehien duten eremuetan". Esate baterako, erabiltzeko prest daude Batxiler Zaldibia kalean, Agaramundu plazan, eta Iurre eta Amarotz auzoetan. Ezartzeko geratzen diren aparkaleku berriak ondorengo gune hauetan jarriko dira datozen egunetan: San Frantzisko pasealekua, San Juan plaza, Belate auzoa, Gernikako Arbola lorategia, Elkano kalea eta Nafarroa Etorbidea.

Herritarrek noiznahi kontsultatu ditzakete Tolosako bizikleta aparkalekuen kokapenak, Tolosako Udalaren webguneko mapa honetan. Udaletik aurreratu dutenez, epe motzean eguneratuko dute aparkaleku berrien inguruko informazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!